2011/06/11

La dentelle

Ez nuen ordularirik, goizalde apala hurbil zitekeen, azterketari pare batek atea pasa berri zuenean. Ahozko azterketara etorri bikoteek elkarri jarraitzen zioten; solasgaiek luzatzekorik eskainirik ere, zirrara gutxi eragiteko heineko aurkezpenak izan ziren ordurarte entzunak, neketsuak, naturaltasun gutxikoak, azeptisatuak eta nola gerta, egituren obsesioak gaina hartuz edo beste zerbait salatuz, euskara bortxatu masakratua agerian uzten ahal zutenak.

Parrean nuen heldu berriari aldia heldu zitzaionean, gertatu zen dena. Fiteegi, laburregi, azkartxo. Ohitura kontua.

Gazteak lehen bi erranaldiak lerrokatzea ez zukeen bukatua, banekiela jada nungoa zen eta belarrietara heltzen zitzaidan euskara gutxitan entzuteko parada izanik ere azken urteetan, duda handirik gabe erran nezakeela zein ibarretatik jina zitzaigun. Honek ematen zuen euskara, atsegina eta deigarria baino gehiagoko zerbait zitzaidan, Mozarten edozein aire baino finagoa, leunagoa, gozagarriagoa, bere eleen artean ez baitzen bakarra bestearekin bat ez zetorrenik. Solasak elkarri juntatuz zihoan, deusek trabatu gabe, erranen zuenaren errateko moldeaz higatu gabe, korapilatu gabe. Luzatzen zuen hitz oro, erranei ematen zizkien itzuliak oro, ideia bat besteari lotzeko moldea: dena zen arin, erraz, perfekziotik hurbil.
Ezustean, ikara bat abiatua zitzaidan errainetatik bizkarrean gora, bihotza altxatu zidana eta, seguraski, usaian bezala, bisaia gorritu. Ez da euskaltzalerik hunkia ez litzatekeenik horrelako kasu batean. Dardara lepo eta bularralderaino heldua zitzaidan laster, osoki inguratzeko. Nire burua ez salatzeko edo, ez nintzaion ausartu deusen galdetzera, bozak salatzen baikaitu maiz eta izen zerrendari behatu nion ziztu batean, deiturari: ibarraz gain, zein sendikoa zen ere argi nuen orduko. Eskua luzatzeko tentazioa izan nuen, egiaztatzeko erreala zela, entzuten nuena ez zela mirari bat, baietz, egia zela, gure erresumako lurraldeetan barna, kausi zitezkeela oraindik horrelako pertsonak, euskaraz mintzo zirenak hain ederki.

Gure azterketariak aurreikusi tartea bukatzear omen zuela entzun nion ondokoari. Hobe horrela. Sapa jasangaitza zitzaidan gela ilunegi hartakoa, erhiak ere izerditan nituela.
Orduantxe entzunaz jada ez nintzela gogoratzen ohartu eta soa balorazio orrira zuzendu nuen, notaturik kausitzeko ulergaitzak bilakatuak zitzaizkidan kriterioak: zuzentasuna, aberastasuna, ahoskera, egitura koerentzia...zer? Belarrietara ixuri berri zitzaiguna deskribatzailerik gabekoa zen, deskribatzaile guzietatik kanpo: dentela.

Hortarik landa guziari danteskoa iritziko niola argi izanki, ondoko bikotearen deitzera altxatu nintzen.



Argazkia: "Studio photo..." by Cocoinzenl


iruzkinik ez: