2011/06/05

Transmisioa 4: bilakaera

(…)

Bitartean, bilakaera horrekin batera, iduritzen zait kulturaren eta transmisioaren nozioak faltsuturik gertatu direla, garai batez ukan den ikuspegi eta egimoldearengatik, eta oraino ez ditugula denek ber gisan ikusten, azken denboretan norabide aldaketa bat sendi baldin bada ere.

Kulturaren nozioa bera zabala da eta gorabehera erabiltzen dugu anitzetan, batzuetan jatorrizko zentzuarekin eta besteetan beste batekin. Lerraketa bat gertatu zela argi dut, zeinetan eduki kulturalak osotasunean kontsideratu gabe banatzen hasi ginen hiru ataletan: hezkuntza mailakoak deituko ditudanak, kultura mailakoak eta euskal kultura mailakoak. Eta bestalde panorama honetan, anitzetan, kultura horrela kontsideratua izan da: kultura da, denbora librean egiten dena, lanetik kanpo, nork bere burua aberaste aldera, beharra izan gabe, jakintza mota bat izan daitekeena baina berezia, aberastasun moduan. Gainera, anitzetan jakitate mailara mugatzen zen gaia, hau da ez zitzaiola jendeari baliosa baitezpada. Hots, aisialdia da.

Bitartean, egiturak sortu eta berezitu dira, haien lanen ardatzak kokatuz atal batean edo bestean, hermetikoki ez bada ere. Horrela, gaur transmisioan, iparraldean, kultura mailan burutzen dira ekimen desberdinak:euskal kultura (ez baitezpada euskaraz, nagusiki ondare mailakoa kultura eta artistikoa, edo biak batera), euskal kultura euskaraz, kultura (ez baitezpada Euskal Herrikoa, globala) , kultura euskaraz. Azken denboretan joerak aldatu badira ere, kultura edukiak berrituz edo (berri batzuk integratuz), erranen nuke floklorizatze haundia gertatu izan dela, luzaz segitu delako euskal kultura gisa nagusiki ondare mailakoak tratatzen eta kanpotarrei zuzendurik; aldaketak agerikoak badira, ez da beti gure esku den kontua eta urteetan gertatuek aztarnak uzten dituzte.

Bestalde, kultura mailako beste edukiak, jakintza eta esperientzia transmisioak, hezkuntzan sailkatzen dira. Eskola, erakunde instituzional edo asimilatuen gain gelditzen da atal hau, eskaintza haiek identifikatzen, diseinatzen eta burutzen dute, mundu zabalean egiten den horretan oinarrituz, gehiegitan, erran nahi dut ez lekuko borondate batean oinarrituz. Salbuezpenak salbuezpen, euskal herritarren eskuetatik kanpo dira maiz, eta batek erran lezake errealitatetik ere. Erran gabe doa, transmisio hau izigarri gutxitan dela euskaraz burutuko. Anartean, « eduki funtzionalak », gizarteak behar dituenak, teorian, hemen kausitzen dira.

Paralleloan, azken urteetan badira ekimen kulturalak, ondaretik urruntzen direnak, euskal kutsua zainduz eta jatorrizko transmisioaren zentzura berera eramaten gaituztenak: EHZ festibala, Laborantza Ganbararen ekimenak, euskarazko komunikabideenak, hainbat elkarte eta erakundek eramanak, guziak dibulgazioan, sozializazioan eta koesionatze lanetan ari direnak. Gainera horietan gehienetan euskara ere gai zentrala izaten da. Arrakastatsuak eta plebizitatuak izaten dira horiek, seguraski arrazoin sinple batengatik: gizartearen parte batek amankomunean duen behar bati erantzuten duelako (elkar ezagutza, jakintza trukaketa, pertsonen garapena...) Eta usu parte hartzaileak dira, jendea hartzaile hutseko izaeratik hara eramaten dute. Hots, itzultzen gara lehengo eredu arrakastatsuetara.

Transmisioaz hitz egiten dugunean, honen edukiei doakienez, anitz multzo desberdindu beharrean baldin bagira, ez dira nehundik ere hermetikoak eta ez dira horrela tratatzen. Baina gure antolaketa begiratzen dugunean argi dago, batzuetan eta besteetan ari direnak, eragiletzan, ez direla entitate berdinak. Batzuk besteak kondutan hartzen dituztenez ez nekike erraten, ez eta noraino egin daitekeen hori molde bateratuan ere, ez eta hala izan behar duenez ere.
Gainera, pentsatzen dugu transmisioa kontrolatzen ahal dugun zerbait dela eta goitik behera burutzen dena dela. Hala izan bada sekulan, egungo komunikatzeko tresnak, moldeak eta sareen zabalera ikusirik, ezinezkoa dela aitortu beharko diegu gure buruei. Transmisio kontrolatua baino, pentsatzen dut behatu beharko litzatekeela transmisio ekimenetan nola izan gaitezkeen eragin eta kalitate handiagokoak.
Hitz batez, transmisio mailan orokorki ditugun ereduak ere (erakundeak, difusioa zentzu bakarrean, ...), nolazpait gaindituak direla iduritzen zait.

Labur bilduz, mende batez, dena aldatu da: egoerak, jendeak, usaiak, bizimoldeak, .... Hain fite, nun seguraski gibelapen doi baten izatea zaila den eta nun egunez-egun joan garen egoera berriei egokitzen. Aldaketa hain azkarrak nun hainbat urtez jasan diren, beste erremediorik gabe. Bizkitartean, ez aski fite edo ez aski azkar, ez baita galtzera utzi eta transmisioaren kateak jarraitzen baitu.   



Argazkia: Transition Totnes diagram by Edmittance
2011-06-02

iruzkinik ez: