2011/07/01

Interneten euskara aitzina

Zenbait egunez burua doi bat beste gauza batzuetan murgildurik, artikulu hau pasatzen ikusia nuen eta baztertua, krakada gisan, geroago begi bat eman behar niola.
Azken hamar urte hauetan goiti doa omen euskararen presentzia sarean. Ez da dudarik, baztertu ezinezkoa bilakatua den eremua dela sareak eskaintzen duena, orain arte hainbeste jorratu diren erabilera eremuen artean bere leku osoa duela, familia, lan mundua eta erligioaren artean. Eta anitzen iduriko euskara eremu bakar batean salbatuko balitz, sarean luke geroa. Norbaiti entzun diot ere, erronka bat izan behar zela, nik dakita zenbagarren hizkuntza izatera heltzea eta beste... Hain gutxi dakidanez hortaz nire mailan geldituko naiz.

Euskararen presentzia sarean emendatu dela, uste dut argi dela eta kantifika daitekeena dela. Hortik landa, beste alde baten neurketa ikusi nahi nuke: euskaldunek komunikatzean erabili hizkuntza zein izaten den, sare sozialetan adibidez eta horiek zabaldu edukiak zein hizkuntzetakoak diren.

Norbaitek horrelako ikerlanen berri ekarri bitartean, cum laude guziak mereziturik, nire sasi-inkesta lotsagarri, subjektibo eta a-zientifikoa eraman dut. Lotsak ez duenez sekulan nehor hil, hona laburki egin dudana.
Nire Facebookeko profilera joan naiz, "lagun" zerrendara. Mikro sare bat da, ez uste izan, eta zinez esfera batekoak biltzen dituena. Berez, hor diren kideak nire ingurukoak izanik, euskaldun kontzentrazio normala baino handiagoko bat egonen da hor. Hori guzia erraiteko, ez dela deus orokorrez adierazgarria; iizigarri kuriosa naizenez, iduritu zait zerbait ikusteko balio duela.
Nire Facebookeko kontuko kide zerrenda harturik, hasi naiz kondatzen eta paper batean barrak lerrokatzen, baztertuz ez direnak egiazko perfilak (entitateak, elkarteak, ez pertsonak), baztertuz erdaldun dakizkidanak eta, ondorioz, euskaldunak isolatuz. Horrela, pertsona horiek guziak ezagutzen ditut edo gutxienik badakit nor diren; gehienen kasuan, badakit euskara ongi ala gutxi menperatzen dutela. Euskaldunen perfiletan gaindi kutzukaturik, erranen nuke, elebitan ari diren zenbait badirela, baten bat hirueletan, hamar bat euskara hutsean edo nagusiki euskaraz, eta beste guziak frantsesez ia beti. Zabaldu edukiei hurbiletik behatzeko kuraiarik ez dut ukan.
Hots, potentzialki euskaldun andana baina horietan,  zerbait bederen euskaraz ari direnak eregularki edo molde orekatuan, erdia baino gutxiago.

Bai. Egia da. Euskaldun horien sareetan, euskaldun ez diren anitz badira.
Bai. Egia da. Euskaraz idazten bada, komunikatzen denaz jabetuko den publikoa mugatzen duzu.
Bai. Egia da. Ezin da beti kontrolatu egiten dena eta hizkuntza kontuak, salbu misio pertsonal bihurtu baduzu.
Bai. Egia da. Euskaraz nagusiki edo beti komunikatzea, erantzun gutxi jasotzeko bidean tematzea da.
Bai. Egia da. Euskararen presentziak sarean gora egin du. Bide bazterretako seinale elebidunen, administrazioetako dokumentu euskararatu ez-erabilien eta euskarazko komunikabide kopuruen gisan. 
Bai, egia ere egin eta erraiten dudanak Talibanen praktiken antza duela eta bihar ordainduko dudala eta ez dutela aipamen hauek euskararen erabilera sustatuko agian. Argi dut ez dela denei dena galdetzen ahal, ez diot nehori harririk botatzen, anitzek dakigun hizkuntza bat gutxik erabiltzen dugula azpimarratzen, besterik ez. Horrelakoak ere, norbaitek erran behar dituelako.  
Sasi-inkesta lotsagarria, aitortzen dut. 

iruzkinik ez: