Baionako suminduak herenegun hasiak
ziren mugitzen, iduriz goiz honetan Angelura buruz abiatuak ziren.
Beren bidea jarraituko dute.
Maiatzaren erditsutan, izan nuelarik
Espanako iraultza deitzen zenaren oihartzun, harritua egon nintzen 90
urteko frantses politikari baten 17 orrialdeko liburuxkak holako
oihartzuna izanaz, batez ere salatzen zena denek denetan eta
aspalditik begi bistan genuelarik. Europa osora hedatuko zelako
destinoan ez nuen hainbeste sinetsi eta Euskal Herrian berean
garatzeaz gutxiago. Bizkitartean, hala gertatu zen.
Aitortzen dut egia, mugimendu hori ez dut hurbiletik
behatu, segitu, jorratu. Hasieratik ez interes gehiago izana,
zergatik? Zendako ez dit harridura edo kuriositate gehiago piztu? Eta
azkenean, zendako dut inpresioa mugimendua itzaliko dela piztu zen
bezala?
Funtsa ikusi diot. Ez da utzikeria. Ez
dut uste iritzi edo ikusmolde afera denik.
Hasteko, atxematen ahal genuke
erantzuna Hessel-en liburuan berean: sumindu behar da, bakarrik aritu
ordez bildu, proeiktuak eraiki eta egin. Gogo eta gaitasuna izan
badira, proiektua eta ekintzak faltan egon dira? Mugimendua zabalegia
izan da, orokorregia? Artifiziala? Horregatik ez dut nire burua
ezagutu?
Sinpleago izan daiteke.
Sistema iraultzearen beharra, munduaren
aldatzea, kapitalaren salaketa, aberastasunen banaketa, justizia
soziala, justizia, integrazioa, espekulazioa, ingurumena, langabezia,
pobrezia, korrupzioa, berdintasuna… (eta zerrenda geldituko dut
depresioan sartu aitzin) tema eta aldarrikapen horiek guziak, nire
ate aitzinean, beste batzuen eskutik eramanak ikusi izan ditut
betidanik, honetara gabe.
Suminduen mugimendua goaitatu gabe,
mugimendu ezkertiarrek eta, hemen berean, abertzaleek eraman izan
dituzten gaiak dira. Metodoak ere ikusiak baitira.
Horrela ikusten nirea eta, beharbada, mugimenduaren itzaltzearen arrazoina ere..
Zergatik ez da orain arte hurbilago
behatu, etxe ondoan berean eta hemen bereko suminduei juntatu? Gureek
eraman izan dituztelarik aldarrikapen horiek berak oihartzun bera
zergatik ez dute izan egundaino? Domaia da. Denbora eta indarrak
aurrez daitezke.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina