Azken urteetan, euskaldunek eta euskaltzaleek gure egimoldeak, diskurtsoak egokitu ditugu jendeak onar gaitzan, onar dezan sustut euskara, euskararen presentzia, euskaraz entzutea, ikustea, egitea, eta piskanaka jendea gureganatzeko asmoz, iritzi eta ikusmoldeak aldatzeko asmoz. Eta horretan higatu izan gira.
Urrats horiek beharrezkoak dira, dudarik gabe, pertsona kategoria batzuekin. Anitzetan gertatu izan zait jendearekin aritzea luze eta zabal, euskarari buruz, hezkuntza sistemari buruz, transmisioari buruz... Parekoa urrats batez ere mugiarazi gabe usu, noiztenka beregana helduz. Euskararen promozio lanetan aritzeko, badira predikari onak (gutxi funtsean), badira hartzaileak, idekiak direnak edo ez, badira momentuak, lekuak, egoerak eta umoreak.
Alta, badira batzuk, zeinekin ez den sekulan ez lekua, ez momentua, ez egoera, ez azalpen egokia izanen. Itxiak direlako. Itxiak eta horretaz gain erasokorrak euskararekiko lehenik eta euskaldunekiko ondotik. Pentsatzetik hara, ozenki ere botatzen dituztenak beren egiak, beren iritzi prefabrikatuak, segurtasun haundiz. Ez dira kargudunak, ez politikariak, jende xumeak dira. Ez dira fin gaixtoz ari. Ez dakitelako baizik. Ez jakin eta ez jakin nahi. Holakoekin elkartu izan naizenean, orain arte, tarte luze batez tematu ondoan, amor eman eta goibel sartzen nintzen etxera, eta seguraski utziko nien holako garaipen sentsazio bat.
Azken denboretan, holako bat kurutzatzen dudanean, erabaki dut estrategiaz aldatuko nuela eta mandoa izanen nintzela, net.
Eta, uste baino, sinesten dut fermuki, holako jendeak kurutzatzen ditugunean, ahal bezain gogorrak eta mandoak izan behar dugula. Kasurik okerrenean, segituko dute berdin. Kasurik hoberenean, hasiko dira pentsatzen.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina