2011/02/04

Izorratzen gaituztenean

Frantses Hezkunde ministroak, Luc Chatel-ek, berriki jakinarazi du « batzar estrategiko » baten sortzeko asmoa zuela, hizkuntzen erakaskuntzari buruz. Honen helburua? Hizkuntzen erakaskuntza orokortu eta indartu, Europako hizkuntzena eta bereziki inglesarena, ama eskoletan, teknologia berriek lagundurik. Hori guzia hiru urtetik gorako haurrentzat.
Niretzat holako neurri batek, hizkuntza gutxituei begira, sekulako ondorio latzak izan ditzake.


Errepublika hau bat eta bakarra baldin bada, bere historian zehar, bidean zehar gertatu zaizkion oztopo guziak zangopilatu dituelako da hala; oroz gainetik hizkuntza aniztasunaren alorrean. Gaurko egunean eskola dugun tresna bakarra (helduen erakaskuntzarekin batera, noski) gure hizkuntzen erakaskuntza eta transmisioan. Azken hogei urteetako aitzinamenduak haundiak izan badira alde horretatik, gizarte elebidunak sortzetik urrun gabiltza, Euskal Herrian, beste tokietan bezala. Azkenean, aitzinamendu horiek, nekeak izan direnak eta oraindik ez egonkorrak, doi-doietako ezagupena dute Frantses Estatuarengatik, Eta hori Luc Chatelek frogatzen digu.

Inglesaren erakaskuntza txertatzea eskoletan, gauza ona izan liteke, ez balu zuzenean jotzen hizkuntza gutxituen kontra eta hauetan egin erakaskuntzaren kaltetan ez balitz.
Lehen ondorio pratikoa hau da: jende eta familia andana (oraino gehiago, dispositibotik kanpo gelditzen badira hizkuntza gutxituak) euskararenganik baztertuko da. Hauentzat frantsesa/euskara elebitasuna ez baita frantsesa/beste hizkuntza bat elebitasuna bezain erakagarria izanen.
Bigarren ondorioa, erakaskuntza elebidun edo imertsibokoak diren ereduen kasuan, hizkuntza gutxituaren kaltetan izanen da, azkenean honetan emanak diren orenen tipitzea ekarriko baitu.

Azken urteetan, ez bada inkesta argirik gaiaren inguruan, zenbait guraso elkarte kezkati agertzen dira, eredu elebidun eta imertsiboei buruz, eta hauetatik ateratzen diren hiztunen hizkuntza mailaz. Hau da, azkenean, euskarazko ereduek ez dutela bermatzen hiztun oso eta trebeak izatea. Ondorioz inglesari emanen bagenizkio oren batzuk, bakar batzuk izanik ere, seguraski euskararen erakaskuntza kaltetuko genuke, azken hau ezin baita bermatu ingurumen euskaldun eta normalizatu batean, familia transmisioak anitzetan huts egiten duelarik eta eremu bakar batzuetara mugatua delarik euskararen erabilera.

Gauzarik mingarriena da, dispositibo horretan seguraski sartuko direla Europako hainbat hizkuntza balios, « langues vivantes » deituko direnak. Ehortzi nahi balire bezala.

Azkena, teknologia berrien inguruko aipamenarena da. Irringarria izan daitekeena, ez jakintasunaren adierazlea ez balitz. Azken denboretan, obsesionala dirudi, politikarien ahotan zenbat ez den entzuten « teknologia ». Modernitate kutsu bat emateko doia, pilula erresagoa izan dadin irensteko, kredibilitate zerbait gehiago emanen balio bezala. Ororen buru, iduri luke, agintarien iniziatibarik gabe, jendea ez dela gai bere erakaskuntza gaurko errealitate eta tresnetara egokitzeko. Eta ahal gertatu ez bada orain arte, arrazoin nagusia izan da horretarako baliabiderik ez dela inbertitu molde egokian. Chatel goaitatu izan bagenu bezala, ikasteko zer den wifia edo dena delakoa: otoi!

Nik ez dut dudarik, nahitara egiten direla holakoak, maltzurkeriaz josiriko ekimenak.
Normala pentsatuko du hainbatek, ikusiz sail elebidun eta euskaldunetako ikasle kopuruek nola gora egin duten azken urteetan. Hau bai izan behar dela beldurgarria akademiako arduradunentzat, seguraski Euskal Herrian gertatzen denak, beste tokietan ere gertatzerik baitu.

Gure errepublikak herri mintzoei egiten dizkien kalte guzien artean, nire ustez, beste bat gehiago baizik ez da holako neurri bat. Beste ostikada bat.
Ez dugu fini beraz! Berriz ere beharko ditugu ikusi zenbait erreportaia eta artikulu patetiko, inglesaren ikastearen onurak espantatuko dituztenak, hizkuntza nagusiak tokikoak baino atseginagoak eta baliagarriagoak direla frogatzen ahaleginduz, gure ikastoletako haurrak « how much is that dog? » oihuka kantuz erakutsiz.

iruzkinik ez: