2011/02/11

Larsen




Azken hilabete hauetan, asteburuz asteburu, titularrez titular, etengabeko paradak ditugu biltzeko aldarri baten inguruan, batzuek eta besteek, gure amets guziei ateak zabalik ikusi nahi direnean, osoa edo partziala, gurea edo besteena, guziena edo batzuena bakarrik izanen denaren esperantzan.
Hemendik zenbait ordutara, beste anitzek bezala, autoan sartuko naiz eta partituko, obligazio guzietatik libraturik, nire harrixkolarekin. Geroago, Donostia eskuinaldean utzirik, Euskal Herriaren beste puntaraino joanen naiz, asteburu luze eta dibertagarriaren iragateko menturan, beste latitude batzuetan.


Dudarik gabe bilduko gara anitz, lemak oihukatzeko, karriketan gaindi ibiltzeko, parranda aritzeko. Bizkitartean, bilduko garenetarik hara, Herri honen historiaren parte direnak edo izan zirenak ere badira beste batzuk. Guri beha. Eta ona ez bada ere sumindurak entretenitzea, eraikitzailea izan nahi denean, batzuk ez zaizkit gogotik akitzen. Bat urrun gatibaturik dago, bat hemen berean, bat munduaren bestaldean, bat hortik izena ere ahantzirik. Bada beste bat, hainbeste emanik, itzultzerik izanen ez duena, sekulako bide bazterrean gelditurik, egin duguna eta ez duguna gogorki aurpegiratuko ligukeena, aitzina jarraitzea eskertuko lukeena, auskalo...

Itzultzean, kilometro ahurtara batera, hitzordu berezi bat finkatu dut, tenorerik ez duen hitzordua, maiz gertatzen ez dena, aspalditik nire beha ez dena agurtzeko, aspaldiko promesari fidel, iragana berpizteko, pentsatzeko, oren pare batez, kresalak eta gaziak baizik ferekatzen ez duten harri puska baten ondoan; handik itzultzeko, argiago, indartsuago eta aitzina ekiteko prestuago baizik ez.
Badirelako gabezia batzuk, edozein prozesuk ordain ez ditzakeenak, gabezia batzuk ezin direnak ahantz eta nekez barka, gabezia batzuk beteak direnak eta garena egiten gaituztenak.
Larsen.

iruzkinik ez: