Azken denboretan gauza batek doi bat aspertzen nau gure joeren artean. Eta horrela erresumitu daiteke: liburuak irakurriz ikasten dela, biziz baino gehiago.
Bada holako tendentzia bat, langiroan sortu, lagunartean hazi, eta etxeraino heltzen dena, ikusten edo entzuten dena bileretan, blogetan, foroetan, ostiral arratsetako afarietan, eta edozein gaiekin zer erranik ematen duena, izan dadin lanaz, hezkuntzaz, sexualitateaz, politikaz, eta abar luze bat (nola eman klase bat, nola hezi haur bat, nola garatu, nola ekoitzi, nola kontsumitu... ).
Gauzak egoki nola egin beharko liratekeen eta zergatiak razionalizatzen eta lerrokatzen dituen joera, sentsibilitate eta kreatibitatea itotzeraino. Ikusmolde argiak, globalak, arautuak eraikitzen ditugu eta hedatzen, bermatuz zientzialari, filosofo edo nik dakitan zeinek idatzi 250 orrialdeko txosten aspergarrietan.
Nire arazoa da, anitzetan horretan mugatzen garela, senditzen edo bizitzen ditugunei garrantzia kentzeraino.
Horrela, X jakitun famatua ez ezagutzeak, ez zitatzeak, ezjakin bihurtzeaz gain, teoria bat Atik Zra ez betetzeak edo, berdin, ez (osoki)ezagutzeak, gauzatzeak, zure egitateak herren bilakatuko ditu eta « gaizki egiten » dutenen kategorian sarraraziko zaitu (behintzat sentsazio hori sortaraziko).
« Nik horrela egiten dut, zeren eta hala irakurri bainuen ez dakit zein liburutan, psikologoak erran didalako, omen hola delako... » , azkenean leku gutxi esperientziari, behaketari, gogoeta pertsonalari, baina hau diona anitzek txalotuko dute.
« Nik teoria ez dut jarraiki eta iduritzen zait halere ongi egin dudala honen eta honengatik » dionari, aldiz, ez diogu kasu gehiegi eginen, zein oker dabilen azaltzeko gogoari uko egiten lortzen dugunean.
Iduri luke ikusmolde batek, egimolde batek egia edo zuzena izateko, sinesgarri izateko, behar duela liburu batean idatzirik egon. Iduri ere, idatzi /ezagun diren teoriak hutsunerik gabekoak direla, biblia baino segurragoak, eta horietan bermatzetik hara, diotena hitzez-hitz betetzen ahalegindu behar dela. Hortik, gure egiteko, pentsatzeko, hitzegiteko eta idazteko moldean astunak bilakatzen dira, ulergaitzak, sekulako teorizazioekin, moralisatzaileak eta formatatzaileak. Errealitate, praktika, sentsibilitate eta humanitate gutxikoak ere erran nezake.
Liburuak irakurri izan ditut. Zenbait. Batzuk beharrez, besteak plazerrez. Batzuk erakaspen haundikoak izan dira, beste batzuk gutxiagokoak, batzuk ez ditut bukatu, besteak ez ulertu eta azkenak ez ditut batere preziatu. Noski, bizian hobeak izan behar dugu eta etengabe hobetzen saiatu, hortik, ezin ditugu gure buruak iritziak ukatean mugatu eta obra serio zenbaitetan oinarritzea gertatzen zait, ezinbestekoak ere izaten dira noiztenka. Gai batzuen inguruan higatu direnei errespetua diet eta frangotan gidatzen naute.
Alta, bizian, gauza frango ikasten dira eta ikasi ditut, sendituz, ikusiz, eginez, inguruak ongi behatuz edo, berdin, intuizioz. Erakaspen hauek, ardura, liburuetan deskribaturik ez ditugu ikusiko. Konbentzitua naiz, gauzak anitzez hobeki ere egitea gertatzen zaigula gisa horretan. Konbentzitua berdin, hauek ez direla gutxietsi behar eta gure buruengan gehiago fidatu behar genukeela, guhaurk eta besteek ere entzun.
Beraz, intelektual izen bat aterako didan ondokoari, ez dakit zer erranen diodan. Seguraski fitsik. Edo oroit dadin liburuetatik burua piska bat altxatzeaz, gizatasun doi bat atxikitzeko doia bada ere, eta bere ingurura beha dezan, hor kausituko dituelakoan erakaspen frango. Eta bere baitan barna ere mia dezan; orduan, lerroen artetik nekez atxeman dezakeen erantzuna agertuko baitzaio, ebidentzia gisa, nehun baino argi eta sendoago.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina