Euskararen berreskurapenean, denek, pertsonek eta egiturek, gure
lekua eta zeregina dugu, harrixkolaz-harrixkola euskararen herria eraiki
nahi dugularik. Eraikuntza lanak bi aldetatik eramatekoak dira.
Alde
batetik, goitik behera, euskararen ezagutza, erabilera, ezagupen
ofiziala eta arautzearen aldetik, azken finean euskalgintzaren eta
instituzioen lana nagusiki.
Bestaldetik, euskaldun xume orok,
banaka nahiz taldeka, badugu zer jorra: funtsezko dinamika popularrak.
Izan ere, behetik gora gisa batez, guhaurrek, euskal hiztunek, eraman
dezakegu eraikuntza lana : euskaraz biziz. Bide horretatik ere, egitate
eta errealitate batzuk eraikitzen joatetik hara, egoerarengan
osotasunean eragin dezakegu. Horretarako paradak begi bistan ez badira
izaten ere, gero eta gehiago direla iduritzen zait, azken urteetan nire
esperientzia profesionalek agertu didatenaren arabera.