Orain dela hamar urte pasatuxeak
doi-doietarik, 2001eko primaderan zehazki, ez nuen ordenagailurik
gutxitan baizik hunkiturik. Eta, egia osoa aitortzeko, berdin uros
bizi nintzen. Garai hartan, gehienetan, jendeak ordenagailurik baldin
bazuen eskura lanekoa izaten zuen eta internet konekzioen
orokortzearen hastapenak ziren.
Arratsalde batez, testu bat jo behar
nuela, lagun bat bere langunetik mugiaraztea lortu nuen, ez baitzen
gauza gutxi. Laburki azaldu zizkidan bizpahiru gauza: pantaila,
karpetak, programak, erretrospektiboki biziki pedagogikoki eta alde
egin zuen, kafe bat hartu behar zuela. Oroitzen naiz oraino,
Macintosh patata handi bat zela, nagusiki maketaziorako programekin
eta RTC konekzio zahar bat eta logiziel batzuen bertsioak gazteleraz
zirela, baina orduko kausi zitekeen gauzarik hoberena zela zion
kideak eta nik, bistan dena, sinesten. Arratsalde apalez, hots
hiruzpalau oren luze berantago, maketista itzuli zenean, oraindik
nire lanean atxeman ninduen, fleite eskasean. Ondotik entzun behar
nuen predikua eta azaldu zidan guziaren ondorioz, nire bizia
definitiboki eta radikalki aldatu behar zen.
Gaurko egunean, lanean berean sekulan
aski horniturik ez bagira ere, etxean garen bien artean, uste dut ez
zaizkigula gadget pare bat baizik eskas. Pertsonalki ez dut horien
ezagutza sakonik, erabiltzeko doia aski baitut. Hortik hara, sarean
zabaldurik ditugun kondu eta kanalak ez nitzake zerrenda guziak:
media konduak, readerrak, sareak, blogak, egutegiak, bookmarkak, …
beharrrezkoak baino gehiago seguraski. Aldiz, egun ditudan kezkak ez
dira garai jada urrun haietakoak. Nire arazoa mila lekutan sortu
ditudan konduen kudeaketa eta zentratzean baita, nun bildu eta nola,
zein baliabide hauta eta zein ez, zeinekin zer egin eta holakoak.
Hots koerentzia piska bat izatea. Haatik, horiek gabe ez nekike nola
egin, ez pertsonalki, ez eta profesionalki sustut.
Bide beretik, gure garai eta
ingurukoekin bizi beharrez, gure egunerokoak eta bereziki lanak ez
ditugu duela hamar urte bezala egiten (eta ez genezake ere hala
egin), ez ditugun harreman mota eta zabaleraren aldetik, ez kudeatzen
ditugun informazio anitzen aldetik, ez erabiltzen ditugun baliabideen
aldetik, ez gure egiteko moldeetan ere ez.
Bizkitartean, teknologia berrien
erabilpena haundia bada anitzen kasua, zoritxarrez ez da denena eta
jendeen artean desberdintasun haundiak ikusten ditut, agerienik
lanean. Arrazoin desberdinekin. Ondorio anitzekin. Tarteka
problematikoa.
Segur dena da, alde horretatik bederen,
ez nukeela itzuli nahi duela hamar urtekora. Batzuentzat konplikatzea
bada, bizia sinplifikatzen baitit egun guziz eta noiztenka
atseginagoa ere bihurtzen.
Argazkia: Power Mac 7500/100 Mac OS 8.1 by krollian
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina