2011/08/23

Kirolaren onurak EHrentzat?

Yves Sallaberry Xala-ren ondoan bazkaldu dut. Pertsona, herritarra, kirolaria: erakargarritasun haundia, inpresionentea nunbait.
Kirolari buruz, sekreturik salatu gabe, ez dakit fitsik, aldiz pentsatzen dut pilotazaleen gogoetan eta pilotaren Historian egonen dela Xala aitzinekoa eta Xala ondokoa, betikotz esku huskako buruz burukako lehen txapeldun gisa oroituko baitugu, txapelketa Espainiako izanik ere.
Eta bapatean begi bistakoa egin zait, Xala, den hori baino zerbait gehiago ere dela eta, hala nahigabean, Herri honetaz ukaten ahal den pertzepzioan, eta agian eraikuntzan, eragin duela.

Ordurarte txapelduna euskalduna gerta zitekeen baina gutxiri bururatuko eta errealista idurituko zitzaion iparraldekoa izan zitekeela. Txapelduna iparraldekoa izateak, norainoko eragina izan ote du Euskal Herriaren kontzientzian? Euskal herritarrek nahiz hala sentitzen ez direnek Euskal Herriaz duten ikuspegian, lurraldetasunaz eta identitateaz, nazioaz?
Molde zabalean, betiko pentsamolde eta jokamoldeak gutxi aldatuko dira seguraski. Nork daki. Pilotazaleen artean, kontzientzia politiko edo identitario/nazionalik ez dutenen artean, beren burua ez abertzale ez eta euskaldun ere kontsideratzen ez duten horien artean, anitz izanen dira bapatean oroitu edota ohartu direnak Euskal Herriaz, ondotik hori onarturik edo ez. Beren buruaz duten pertzepzioan ez zuen horrek gauza anitz aldatuko, edo agian bai; Euskal Herriaz duten ikusmoldean, bai, dudarik gabe. Ez da alde bat bestea gabe: Euskal Herria ez da bakarrik batzuen Lapurdi kostaldeko ondartza eta Xiberoko bortua, ez da besteen Espainiako eskualde bat, ez da lehengo liburuetan aipatzen dutena.

Bestaldeko mahaian jarriak ziren ezker abertzaleko hainbat mugimendutako langileak, egoerak eta gabeziek, ideia eta diskurtso helaraz nekeek belarri saihestsak zuriturik. Ondoko gelako izkin batean, hautetsi pare bat administrazioko goi mailako enplegatu batzuk lagun, pasioz ez jokatzen ikasiak, aldarrikapen guziei hermetikoak edo ele zuriz kulunkatu izan gaituzten horiek berak. Eta horien erdian Yves, batzuek desiratua eta besteek ukatua uharraz aitzinarazi dukeena: nahi ala ez, txapelduna euskalherritar bat da, iparraldekoa, hemengoa, etxekoa eta Ultra Puertoetakoa.

Kirolaren onurak, batzuk behintzat, oraino neurgaitzak ditugu.




iruzkinik ez: