« Euskaldun brigada » bat
sortu da Baionan eta sortu dutenek horrela deitu dute.
Euskaldun tropa bat, orotara hamar bat
pertsonakoa, bilduko da larunbat goiz guziz eta erosketak eginen ditu
merkatuko inguruetan, hots Baionako zentroan, ahal den neurrian
euskaraz. Hau da, usaian egin ohi dituzten erosketak berak burutzen
saiatuko dira euskaraz eta horretarako guneak identifikatuko.
Iniziatiba ez da bideratua izan, ez da jendeari planteatu zaion
proiektu edo eginkizun bat: bapateko batean erabaki dena,
euskaltzaleak zentzu zabalean diren batzuen artean. Taldeko batzuk
euskara ikasten ari dira, beste batzuk aspaldian ikasirik dira eta
pare bat euskalgintzako kideak gira (seguraski horrelako konpainietan
ongi etorria eta sosegugarria izaten delako euskaldunak izatea,
segurtatzeko behar izanez gero « euskara ontsa dakien bat »
eskupean dela edo).
Poztu naiz entzun dudanean ekimenaren
berri.
Ez da goitik behera bideratu euskararen
aldeko urratsa baizik eta nork bere baitarik emana.
Ez da gauzak egunetik biharamunera
aldatzeko neurrikoa baina ondorioak izan ditzakeena.
Multzoa ikusteak, hainbat pertsona,
egun berean, ordu berean, zeregin berean izateak ageriago utziko du
euskaraz bizi nahi dutenak kasu isolatu bakar batzuk baino gehiago
direla. Espero izan behar da ere kontagio efetua sortuko duela eta
beste euskaldun batzuk juntatuko direla denborarekin, baita
komertsante batzuk indar gehiago eginen dutela (dagoeneko euskaldun
direnek, baita ez direnek ere).
Erostekak egiten ibiliko direnei
artaldean ibiltzeak babes zerbait emanen die eta konfiantza.
Komertzio euskaldunen identifikatzeko
parada ukanen dugu behingoz, ondotik beste batzuei zabaldu ahal
izateko.
Labur egin dezagun, biziki baikorra
iduritu zait, maila pertsonalean eta kolektiboan: espontaneitate
handikoa, parte hartzailea, inplikatzailea, xede anitzekoa, arina
delako.
Aspaldiko oroitzapenak ekarri dizkit
gogora eta ustegabean nostalgiak gainditu nau.
Lehenik, euskaltegietako ikasleekin
ibiltzen ginela horrela, konpainiatan bildurik, auzoak gure artean
banaturik, publizitate egiteko, diru biltzeko, kanpaina bat edo beste
zela-eta jakinarazteko, sentsibilizatzeko. Frango emankorra izaten
zen eta ongi pasatzen genuen.
Gero -arrunt beste istorio bat da
baina-, oroitzapen urrunagoetan, gogora ekarri dizkit ere, beste herri eta egoera batean ikusiak (Kubako herri antolaketan oinarritua
eta hango jatorriko pertsonek martxan emanak zituzten auzoetako
brigada antzekoak): auzo urrunen arteko berrien trukatzeko, herriaren
koesionatzeko, informazio administratibo eta sanitarioak zabaltzeko,
ekipamenduen egoeraz jakiteko eta konpontzeko, biztanleen egoera
ezagutzeko, … biziki goxoak, hurbilak, emankorrak.
Laster etortzekoak diren neguko goizalde
euritsu hozpilei ihardokiko dien proiektua izatea espero dut. Egitan.
Argazkia: Baionako Merkatua
2 iruzkin:
Aupa, Bea!
Oso ekimen polita iruditzen zait, behar-beharrezkoa, gainera, tamaina horretako hiri batean, eta euskara ez denean hizkuntza erabiliena.
Ea zorte ona duten eta euskaldun asko topatzen dituzten!
Ondo izan!
Milesker Leire.
Niri ere baikorra iduritzen zait frango, bereziki jednearen baitatik datorrelako eta hori funtsezkoa da, ez baitu jendeak izena eman pentsatuz "ale, ados, saiatuko naiz" baizik eta sentitu duelako bere baitan.
Izan ontsa zu ere!!
Argitaratu iruzkina