2011/06/13

Militantea

« … dena den, zu, ez zara militantea. Batere.»



Zerk zituen horrelako jokamolde, balorazio, epaietara ekarri? 
Zeren izenean permititzen diete batzuek beren buruei besteen bideak eta egitateak oker ala zuzen diren eriztera eta beren abururik mingarrienen botatzera deplauki tu batean? Eta zer dakite egiaz?

Horren entzuteak suntsitu izanak, egia besterik ez dela salatuko zuen ote?

Berdin du.
Militantea izatea,

Beste garai bateko kodeek arautu bizia eramatea bada, marraztu bidetik zuzen-zuzen ibiltzea,
autoproklamatu baten erranak, ebanjelio hitzak bailiran betetzea, pentsatu gabe,

Esker eta fede txarrekoen eskutik ibiltzea bada, ezagupen eta errespetu gutxiren truke eta beren burua ororen gainetik kokatuko dutenenganik egunero pisatua, jujatua izatea bada, dena sobera edo eskasegi eginaz, ez aski amankorra, ez aski fermua, ez aski itsua izanaz,

Sekulan deusi mugarik ez ezartzea, kondatzen ahanztea, indarrek eramaten ahal gaituzten mugetatik hara ibiltzea baldin bada,

Ingurukoen eta hurbilekoen baztertzea bada, nork bere burua ukatzeraino, desirarik ez gehiago izan arte, erre arte, ordain ezina den preziokoa bada,
Beste guziak ez badu konda, eginek eta huts eginek, nahiek eta ezinek, beste definiziorik ez bazaio ematen ahal, 

Horrela idatzirik gertatu bada nunbait, orduan, egia da ni behintzat ez naizela militantea.
Eta militantziari erabateko abnegazioaren eta sakrifizio absurdoaren erranahi zahar okitu eta faltsua baizik ez bazaizkio ematen ahal, orduan ez dakit hala izan nahi nukeenez ere.





2 iruzkin:

amildegitik erabiltzaileak esan du...

Neure egiten dut sarrera osoa.

Bea Salaberri erabiltzaileak esan du...

O! Edorta!
Zer gertatu zaizu?
Nahi duzu aipa dezagun? ;)