Helduen euskalduntzearen arloa eta aktibitatea definitzeko tenorean, arrunt kanpokoa den entitate bati, gaia lauso egiten zait. Frantses Estatuan, dena den, ez da momentu honetan formakuntzaren arloa baino lausoagorik.
Izaeraren aldetik, anitzetan elkarteak gara, gutxi batzuk formakuntza organismo gisa agregatuak, funtzionamendu konplexuko egiturak, jatorri, historia, balore eta bilakaera luzekoak. Horretaz gain, trumilka ez bagira kausitzen ere aktibitate sektore horretan, bakoitzak bere filosofia eta proiektu osagarriak eramanki ditu. Aktibitateari doakionez, eskaintzaren izendapen komunena euskalduntze eta alfabetatzearena da. Alfabetatzean ibiltzearen afera, pertsonalki, doi bat zaharkitua iduritzen zait eta historikoki daramagun kalifikatibotzat dut, seguraski garai batez eta leku batzuetan, publikoaren eta zereginaren nolakotasuna zela eta, egokia izan zena baina gaurko errealitatearekin gutxi duena ikusteko. Berdin dio. Oroz gainetik, kanpotik, gure aktibitatea ez da formakuntza/ erakaskuntza aktibitate gisa ekarria nehun. Ez euskararen kasuan, ez beste hizkuntz gutxituen kasuan dakidanez.