2017/11/27

Salto pizinara

Goiz honetan ene txapa jantzi dut ene lagunek bezala eta atera naiz karrikara.
Ximiko bat egin dit, dardara txiki bat bihotzean. Nahiz eta egunak diren jada soinean eramaten dudala ene seinale liranja, gaur izan da egun handia, azken sei hilabeteetan amestua. Beste 800 kide izan dira ni bezala salto egin dutenak pizinara.

Hori bai dela kuraiaz betetzekoa. Ez nintzen fida kopuru horren erdira helduko ginenik ere. Harago egunean zehar ere lantokira deiak jaso ditugu oraindik izena eman ez eta txapa ea non eskura dezakeen galdetzen duen jendearenganik.
Munduan baldin bada leku bat zaila izanen dena euskalduntzeko, ez da Habana, ez Reykjavik, ez Camopi, baizk eta BAB eremua. Alta, ikusiz zenbat kidek parte hartzen duen egitasmoan, ez da dudarik azpi korronte gaitza dugula lagun. Ezkerrak herri ekimenak oraino hor direla jendeak urtez urte, Deiadar eta antzeko mobilizazioetan, aldarrikatzen duen euskalduntze nahiari bidea urratzeko.

Ondorioei doakienez, egia erraiteko ez dut sekulako aldaketarik eragin momentukotz ene bizian. Izan ere, xantza handikoa naiz, jardun gehiena, ia osoa, euskaraz burutzen dudalako.
Euskaraz bizi eta lan egiten dut, euskarak kezka anitz ematen dizkit eta pozak ere bai; funtsean dena zor diot euskarari.
Ez naiz gaur ene erosotasun eremutik atera. Astelehena, lehen eguna, martxa hartzekoa. Hasteko egun luzexkoa iragan dut lana, etxea eta ikastolaren artean, denak ere lekuak non txaparik ez dudan behar ere!
Aldiz, ene plegu txarrez ohartu naiz. Hala nola, ezaguna naizen lekuetan, nolako ohitura dudan erdarara lerratzeko, ohituraz, erraztasunez, alferkeriz agian, eta seguraski (orain arte) esfortzu militante bat eskatzen zutelako eta nork bere baitatik emanak.
Bai, ene betiko kafetegian, non ezaguna naizen euskararen munduko langile eta militante gisa, plegu tzarra dut erdaraz egiteko... Eta indar bat eskatu dit goizean euskaraz luzatzea eskaera ene betiko tabernari ezagunari.
Eta iduritu zait auzoko okindegian mokoa zimurtu duela zerbitzariak! Bihar zaindu beharko dudan jarrera. Ikusiko.

Plazer handia sortu dit, karrika xokoetan, ezagunak nahiz ezezagunak kurutzatzea, ni bezala apailaturik, irrifartsu. Denak ere esker onez eta irrifartsu ekimenean parte hartzeaz. Betiko jendea, egunerokoa, hala izan da, baina begi zolan bazuten gaur ilusio bat, elkarrekiko konplizitate bat arras atsegina zena.

Gaurkoa ostruken moduan pasa dut, ohiko zereginetan. Nago astean zehar ene erosotasun eremutik atera eta arriskatu beharko dudala usaiakoak ez diren tokietara, justuki frantsesak irizten ditugun horietara. Agian hor ere bada gure erronkaren parte bat jokatzekoa, jakinik ere erdaldunak direla: gure espazioak zabaltzeko ahaleginean.

Bihar Angelun pasako dut eguna, beste ingurumen bat, oraindik beste errealitate soziolinguistiko bat. Ea zer ematen duen bigarren egunak!!  Eta ea hona zenbait sorpresa ekartzeko ote dudan!




iruzkinik ez: