Errutina dela erratea gehiegizkoa litzateke. Baina kuraia handiarekin ekin diot gaur ere. Kuraia baino poz handi bat. Zerbait handi egitera doanak sendi lezakeenaren antzekoa.
Bada harrigarria noraino barneratua dugun gure nahiak ezinak direla. Kondizionatuak izan gabe zuzenean, suabeki txertatu zaigun/diguten kontzeptua da: euskaraz aritzean zein erraz zaigun heltzen inpresioa gure lekuan ez gaudela, nahasten gabiltzalako inpresioa zein fite ematen diguten. Hala konfirmatu dit auzoko okindegiko saltzaileak, atzoko berberak, begiradarik ere ez didanean zuzendu “egunon” batean hasten entzun nauen momentutik.
Gogorrena ez da muturreko egoera zeinetan oldartzen zaizkizun edo zeinetan argudiatzen hasten. Gogorrena indiferentzia mozorrotua da zeinek ez dizun zirrikiturik ere uzten normaltasunerantz. Ogia errusiarrez eskatu izan banu kasu handiagoa izanen nukeen. Bihartik goiti, ez dut gehiago leku horretan zangorik sartuko.
Nioen barneratuak ditugula erreflexu batzuk, aurretik ezinezko, zail edo konplikatua izanen delako parametroak, eta zinez neketsua da gainetik kentzea. Ohituraz aldatzeak kontrol handia izatea suposatzen du. Etengabeko kontzientzia, beti atzarririk egotea eta pentsatzea nola zuzentzen zaren besteari. Aktibismoaren prezioa diteke. Ahul sentitu naiz bizpahiru aldiz, errazki lerratuko nintzela erdarara ene txapa laranja soinean ukan ez banu. Agian hori da desikastea deituko dioten kontua? Garatuak ditugun automatismoen zalantzan jartzea? Deskondizionatzea.
Hainbestetan diet erraten ene ikasleei bazterrera uztea egiteko molde batzuk, espresio batzuk, kalkoak, eta abar, eta orain jabetzen naiz diskurtsotik harago ez zitzaiela helduko mikorik ere egin beharrekoaz.
Ikasleekin, hain zuzen ere, aste honetako ekimena aitzakiatzat harturik, ondoko herrian den ikastalde batekin elkartzera joan gara gaur. Ikasleentzat besta handia, plazer handia izan da, haiek bezala ikasten ari diren beste batzuen gurutzatzea. Haien artean aipatuak izan diren ideiak: zer kostatu zaien batzuei eta besteei ikastea, nolako zailtasunak dituzten erabiltzeko. Baina ere gauza ederrak: ikasi dutena besteengandik, sortu dituzten harreman berriak, dituzten praktika kulturalen aldaketa eta antzekoak. Hunkigarria egin zait, ikustea zein pozik ziren guziak, nola jardun duten euskara ia hutsean, nola bat-batean beren burua positiboki baloratu duten.
Aipatu da ere artetik legitimitateari lot dakiokeen zerbait: “orain, besteekin konparaturik, badakigu gu ere hiztunak garela”. Ez da gutxi. Horretan aurrera egiten ahal badute aste honetan, lortpen handia izanen da.
Hortik gogora jin zait kontu bat: orain arte, ulermen maila jakin batetik gora ziren ikasleekin, gertatu izan zaigula erdaraz erraitea gauzak. Edo, gaurko egunean belarriprest diren jendeekin ere hainbat aldiz erdaraz aritu garela. Distantziarekin damutzen naiz. Azken batean euskaraz zerbait egin nahi duenarekin, ulertzeko prest denarekin, elkarrizketa oraindik berak itxi ez duenarekin euskaraz segitu beharko nuen. Atx! Pentsatzen jarrita, izugarrizko errespetu eta kontsiderazio falta da nire partetik. Haiek saiatu, nahi izan edo utzi euskaraz egiten eta gu erdarara pasatu, zalantzarengatik edo erraztasunarengatik. Hainbatetan haien prestutasunari tu egiten diogulako inpresioarekin geratu naiz.
Ateratzean, Marengo inguruetako gazte batzuk txapak soinean haiek ere.
Ibiliz geroz, ikusgarria da behatzen duenarentzat, ezker eta eskuin badirela BAMeko partaideak.
Ez da erraza eta! BAB bezalako lurralde zabalean, biziki urbanizatuan, nahiz 800 kide egon aktibaturik, ez da erraza nork bere xitoak atzematea! Baiona Tipian errazena dudarik gabe.
Batek erraten zidan momentukoz, ikastolako lizeoko ikasleez aparte ez zuela nehor gurutzatu txaparekin. Harrigarria? Ez. Sinesten dut. Beharrik badela ekitaldi programa oso bat, jende juntatzeko aitzakia emateko.
Bihar asteazkena, tartea baldin badut, ene erosotasunetik atera eta eguberriko oparien erosten hasiz, ezohizko lekuetara joanen naiz. Ea.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina