2017/11/29
Juduak bezala. Edo ez.
- A: vous mettez une étoile comme les juifs?
Gaur ene lehen pasarte korapilatsua bizi izan dut. Eta pareko mutur saldari azaldu diodanean zertan zen BAM dinamika, zenbat ginen, zein zen gure helburua, ene tertulia dibulgatiboa moztu du aurrekoak, irri trufakor batean botaz, juduen pare ezartzen genuela izar bat. Hots, gure euskaldun patua afitxatzen dugula miserableki.
Beharrik, eskafandra soinean ateratua nintzen! Herri honetan ez baitu sekulan atertzen!
Xantzaz, banuen gogoan jadanik antzeko zerbait entzun izana. Eta ez edozeinengandik, garaia Hezkunde Nazionaleko langile batek zigun plazer hori eskaini eta denak aho bete hortz gelditu ginen. Garaian jada, nahi genuen euskaldunek euskaldunen artean euskaraz egiteko paradarik ez galdu eta eskatzen genuen euskaldunak ziren lekuetan hauen presentzia nola edo hala adierazia izatea. Ondorio batzuk izan ziren “euskaraz mintza gaitezke” ahaleradun kartoizko seinaleak besteak beste.
Orduan izanen zen edo geroxeago agian, 2013an, idatzi nuela horretaz hemen . Orduan jada azpimarratuz euskaldunak identifikagaitzak izateak sortzen zizkidan nekeak.
Juduen izarrak ez bezala, papoan dudan txapak ez dit eskubiderik kentzen, ahal berriak ematen baizik. Ene burua euskaldun gisa aldarrikatu eta ezagutarazten du eta besteei parada ematen enekin harremanetan nahi duen hizkuntzan sartzeko. Hori zen asmoa aste honetan. Bistan dena, aurkariak beti atzemanen du molde bat mesprexatzeko, hala nola Baiona honetan, zeinetan urteetan juduak Santespirituko auzora baztertuak izan baitira, hain zuzen ere juduei konparatzea.
Ene solaskideek bazituzkeen behar bada, beste arbasoek juduei eginaren antzekoa gauzatzeko euskaldunokin. Ez ninduke harrituko. Momentuan berean nik ere ukan baitut haren kalitzeko enbeia.
Belarriprest batek zioen pozten zela txapa bat ukaiteaz; hari nehork ez diola sekulan euskaraz egiten edo arras gutxi, ez delako gai erantzuteko. Txaparen bidez, zioenez, besteei adierazi nahi die ulertzen duela eta berak erran arte, nahi duela segitzen berekin euskaraz. Harago, estimatzen zuen hemendik aitzina euskaldun gisa identifikatua eta prestutasuna adierazteko tresna ukatea.
Denak prest bagaude, ez dut ikusten zertan lukeen 'reak batek problema.
Hemen, kasu honetan, izar liranjak eta ubelak eramateko hautua egin dugunok eskubide gehiago nahi ditugu, aukera gehiago, ahal gehiago. Gure izarrek gure egoera hobetzeko bidean gaituzte laguntzen.
Bihar, izar liranja jarriko dut berriz ere, etziko denentzat izar gorri handi bat nahi dudalako.
Harpidetu honetara:
Argitaratu iruzkinak (Atom)
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina