2019/05/05

Urruneko deia


Ene telofono kontaktuen zerrenda errepasatzean, ohartu naiz zenduak direnen zenbakiak ez ditudala ezabatzen, hor segitzen dutela ad aeternam.

Norbaiten kontra kexatzen banaiz, zenbakia ezabatzen dut. Gupidarik gabe. Aitzin, hala ere, paperezko errepertorioan notatzen dut, badaezpada, inkasean noizbait barkatuko banio edo, eskura izateko gisan.
Baina lekutu direnenak atxikitzen ditut, betiko enekin izan daitezen, sekulan ez ditzadan ahantz, noizbait eskaini zidatenaz oroit nadin erregularki, arnastu genituen une goxoez, elkarrekin borrokatu genituen kausa galduez. Iduritzen zait kontaktu zerrendan direno, oraindik enekilan direla, dei ditzakedala, ahots haien entzuteko bide bat dudala. Inpresioa dut segitzen dudala haiei aholku bat eskatzeko paradarekin, edo berri on bat jakinaraztekoarekin, auskalo.

Horrela, adibidez, aitaren zenbakia hor daukat, geroztik telefonoa amak daraman arren, oraindik aitaren izenean dator kontaktua. Ondorioz, amak mugikorretik deitzen nauen bakoitzean, aitaren deia balitz bezala iragarria zait, haren hazpegiekin ez baina gehien maite zuen lekuaren argazkiarekin dator eta bizirik ziraueno sekulan pasa ez zizkidan deien ilusioarekin hartzen dut telefonoa. Prokuraziozko ilusioa, norberaren deabruak zirikan.

Gaur zerrenda errepasatzean, duela bost urte zendu zen lagun batena ikusi dut. Haren deitzeko gogo izugarriak bete nau. “Deitu” sakatu dut. Ahots ezezagunak allo? erantzun dit orduan. Amets, zu zara? galdetu diot nik eta hark zenbakiz okertu naizela ihardetsi. Alta, barkamena eskatu eta deia bukaturik, badakit nik ez naizela oker. Zauri iraunkor hori. 
Geroxeago “maite zaitut, faltan zaitut” sms-ez bidali diot. Zenbakiaren jabe berria den hartzaileak ez du ulertuko, berdin da: engoitik badaki ez zaiola berari zuzendua.

Argazkia: Urruneko deia - Carla Frere

iruzkinik ez: