2019/07/23

Hendaian enbata



Sokoburun enbata altxatzen hasi da, sapa artetik, Jaizkibelen bestaldetik gora jina. Handik datorren guziaren gisa, menderagaitz, hezigaitz eta sukartsua dator, Guadalupe iluntzen duela.

Dagoeneko, txoriek aspaldian dute alde egina, turistek bezala funtsean, portuko itsasontzien masta kaskoetan jo morse sokorri kodeek haizaturik, baina zuk hor jarraitzen duzu, temati.

Enbata, goiz igartzen da kaskoetan, laino gorrailak atzaparka mendebaldeko mazela kaskoetan loturik, honaindiko maldan behera abiatu aitzin. Haize ufadak leun dira hasieran, kexatzen doaz gero, Hondarribian behera, puntako erlaitzera, Higerrera itzulipurdika heltzeko, hanpatuz gainbeheran.

Gaur ere, laster du dena bereganatu haraindian, hondar laino artean, iparreko lurraldeetan bruma haizeek egin gisan, kuku gordeka, nahasgarri, prest Bidasoa jauzi batean pasatzeko. Laino atrebitak, zein gehiagoka bezala, bata bestearen ondotik datoz, mihi zorrotz, beti zerua pixka bat gehiago janez, aitzina, itsasorantz lehenik, lehoorrerantz gero, haien pekaldetik hondar hodei gorrastak zirimolan altxatuz.

Enbata galgarria da beti doia, begiak hondarrez erasotzen eta ezpainak idortzen dituela.

Maite duzu hor egotea, egin ahala luzaz, laino eta ufako artean, kuraiarik aski ukan nahiz elementuen indarrari buru egiteko. Ufadaz ufada itsasoa nahasten doa eta ezin gelditurik zisku gorrastak lasterka abian dira Ondarraitzen gaindi, Santa Anara heltzekotan, geroago barnago sartzeko gutiziarekin. Lur horiek egundaino bereak bailiran. Enbata.

Ekaitzak denak ezabatuko dituenean eta paisaia bihurtu harez horitua, batasun infernalean, gero euria hasiko du uharka, putzuak sortuz luza gabe. Itsasontziak isilduko dira, ez da haizerik izanen. Orduan ere hor geldituko zara. Oraino. Tantaz tanta zaparradak gogoa gardendu eta indartu artio.

iruzkinik ez: