2019/04/22

Euskal herritar eskola


Hikhasi aldizkarirako kolaborazioa
234 zenbakia - 2019ko urtarrila


Haurrak ikastolan ditut, eskola euskaldun eta euskal herritarrean eta aitortu beharra dut harro naizela horretaz, euskaraz ikasi ahal izateaz gain, ene haurrek Euskal Herriaz ere ikasiko dutelako, geografiaz, historiaz, literaturaz, musikaz, ohiturez, denaz.

Nihaur eta belaunaldiko gehienak ez ginen euskal eskolan ibili. Ikastolak gutxi ziren eta urrun herri txikietatik. Batzuentzat, bestalde, enbata eskolak ziren ikastolak. Gure etxean, aita-amek kemenik eta segurtasunik aski sentitu zuten haien gain hartzeko euskararen transmisioaren erronka. Gai sentitu ziren horretarako, borondatez eta noizbehinka larderiaz.

Arberoa aldean deseuskalduntze azeleratua gertatu zen 1970 - 1990eko hamarkadetan, bi belaunaldiren arteko transmisioaren baita erabileraren aldetik. Etxe gehienetan hizkuntza ez zen transmititu.

Harago, euskaldun ginen hauen kasuan barne, gure herriaz ezagutzarik batere ez genuen. Gehienek ez genuen ideiarik ea nor ziren Etxepare edo Iparragirre, ez eta auzo herriko Borda ere, ez genezakeen erran xuxen non mugatzen zen gure herria, bertsolariez ez ziguten deus erran, euskaraz nola idatzi ez genekien. Gure etxean jakin genuen zerbait, eskasa dudarik gabe, aita-amen solasei esker, Herria astekaria heltzen zitzaigulako, batez ere goizetik arrats Irulegiko irratia entzuten genuelako eta hortik gure herriko gora beheren berri heltzen zitzaigun. Aldiz, bagenekien ontsa zer zen Frantzia, nondik nora heltzen zen, Errege izan zirenen izen eta balentriak, Rabelais eta Molières landu genituen, Hugo eta Zolaz entzuna genuen; eskolak frantses hiritar on egin gintuen. Zorionez, etxean jaso genuen euskal kultur transmisio partzial horren ondotik, kolegio eta lizeoko irakasle zenbaitzuk begiak ireki zizkiguten: hegoaldea deskubritu genuen, antzerkian aritu ginen. Geroago, euskal herritar izatea hautua bilakatu zen eta orduan, egin beharreko indarrak handiak izan ziren. Ez ditut sekulan aski eskertuko gurutzatu nituen jendeak, zeinen bidez ikasi dudan euskal kulturaz dakidan gehiena, zeini esker ene buru mapak osatu eta egokitu ahal izan ditudan.

Ene haurrek ez dute xendra bide ilun eta idor horietan ibili beharrik. Badakit, ikastolara igorriz, transmisio lan hori egiteko ez naizela bakarrik. Argi dago ez duela ikastolak lortuko berak bakarrik euskal herritarrak sortzea. Baina hemen gaindi gaurko egunean frantses kulturak duen lekua eta indarra direla eta, batez ere beste kulturei izateko jartzen dizkien mugak direla eta, segur da nihaurrek bakarrik ez nukeela lortuko ene aita-amek egin zutenaren heina ere. Biak gara beharrezkoak.

Hizkuntzarekin batera, euskal kultur edukien transmisioa funtsezkoa da, hizkuntza bera ez baita aski, bata bestea gabe ez baitoaz. Etorkizunak dakarrena dakarrela, ene haurren buru mapak, munduaren kontzepzioa eta erreferentziak haien adinean nituenak baino osatuagoak dira dagoeneko eta bada poztekoa euskal curriculumak garatu izana, eskertzekoa eguneroko ahaleginak, metodoak eta esperantza.

Argazkia: Frekuentziak - B.S. 

iruzkinik ez: