2018/07/12

Tabula rasa

Hastapeneko intentzioa eguerdiko zerbait erostera joatea zen. Zerbait ez ohizkoa, usaiako bezperako ondar moldatuen ontzikadari pentsa araziko ez zuena. Biharamunean bakantzak izanen ziren, bazkari txukun bat merezi zuen kontuak.

Merkatuaren aldeko gozogile eta janari prestatzailearen saltegira zuzendu nituen urratsak, han lerrokaturik ziren tarta gazitu fin ezberdinak, kolore eta gustu lerro txinpartatsuan antolaturik, elegante eta deigarri. Eta hauen aldean, marrubi tarte zegoen.
- Zergatik ez erosi, pentsatu nuen, zergatik ez kapritxo bat lankideekin uda ospatzeko? Urte osoan zehar izan gora behera, hika-mika, etsialdi, oro zuritzeko gisa. Tabula rasa.

Mahaian behar guziak apailatu genituen:
- Eta tarta hori pusatzeko? Zerbait beharko genuke…
- Egonen da hortik botoila bat! Ez?
Bertuteak oro aspaldian salduak ditugunok, hein horretaraturik, botoila bat aski genuke, afera markatzekoa, ez ginateke militzak eta gutxirekin kontentatzeko prest.
- Lana dugu oraino. Norbait ager liteke gainera. Ez litzateke behar...
Behar ez, baina nahi bai. Eta horra non, neke gehiegirik gabe, kartoi zola batetik agertu zen arno gorri burbuilatsu pinta batzuk, esperantza guziak gaindituz.
- Biskotxa pusatzeko.
Pusatu, busti, trenpatu: tarta finaren ondotik, marrubiak akuilatu genituen, zalu akuilatu ere.
Alferkeria doitu bat jabetu zen guziaz, langileez, bulegoaz, pareko teilatuez, uztaileko uda suabeak eguna betikotzen zuen: hegoa zirudien.
Eta hor geunden ziriak bezain alfer. Has gintezkeen kanpoan bazkaltzera joana zen kideaz edo auzo hastialaz edo goizeko bezeroaz edo pixka bat mundu guziaz zernahi erranka, purga errazak baitira horiek denak; balaka amaitezinetarako ere ez ginen gehiago.

Noizbait gure kontzientziek azken uztarrak bota zizkiguten:
- Lanak baditugu oraino zintzilik.
- Urgenteak al dira? Ala ez hainbeste?
Berant heldu zen lanari ekiteko tenorea, ordenagailuen aitzinean jartzekoa, bagenekien ez zela urteko arratsalde produktiboena etorki, maleruski ez ziren orduan gure langile talentuak dirdiratsuki espresatzekotan. Lastima.
- Azken eguna da, ez da larria! - bota du batek konjurazioz.
- Bai, ez da grabea, bakantzak dira - konfirmatu dute besteek.
Azken eguna, aski kakinak aritu eta bizi orenik aski xahutu ditugu nehori ez deus zor izateko eta behingoz, diskretuki eta goizxko, gure biziek, gure buruek, lanek baino presa handiagoa har dezaten.
Tabula rasa.

Argazkia: Ogi Landan - BS

iruzkinik ez: