2015/02/21

Euskaraz (20): liburu batengatik

Ene bigarrena ez doa ikastolara oraino, nahiz batzuetan iduritzen zaidan on eginen liokela doi bat, haurtzainaren etxean egoten da.
Gauzak nola diren, haurtzaina dugu bere etxean berean hainbat haur zaintzen dituen horietarik. Gure arteko tratu eta harremanak, maila profesionalekoak dira, biziki goxoak denen onerako. Ene langilea da, eskubideak ematen dizkio, bere nagusia naiz, betebeharrak ematen dizkit. Hortik hara, eskertiar konbentzitua naizenez, arazorik batere ez, nahiz. Holakoetan euskalduna den haurtzaina atxemateko izigarriko xantza behar da: ez da euskalduna, zerbait ulertzen du baina kitto. Euskararen traumatikoa kategoriako baita, euskaraz ez dakien kaskarot pur-purra. Senarra kategoria berdintsukoa, behar bada piskat okerrago: goizetan ikusten baitut xixtu batean, gosaltzen ari delarik eta noizbehinka bere katiluaren gibeletik piko bat edo beste botatzen dit gertakari politikoen eta umorearen arabera: “Moi je critique pas, mais je suis pas trop d’accord, je comprends pas tout, mais bon, oui, oui, oui, je conçois, c'est bien."

Galdera gutxi pausatzen didate, noizbehinka itzulpen bat galdetzen. Berriki ohartu naiz ene haurrei ikasten dizkietela hitzak, esaldi zenbait. Beti ere pena handia dutela, aitamak Ziburuko portuan ari zirela euskaraz geldi-geldia eta holakoak.

Baina horra non hauen iloba txikia, zortzi urtekoa, itzuli berria dela Euskal Herrira bizitzera. Frantziako zentrotik Lapurdi barnekaldera, amaren lagun berriaren lanbidean diren mobilitate aukera paregabeei esker: gendarmea da. Luzaz ez zidaten erran zein lanbide zuen, normal, beldurtzen dituzket doia edo jadanik badakikete zer iritzi dudan korporazio horretaz. Googlek ez du barkatzen.
Hots, horra non, gainera, sail elebidun bat duen eskola batean dela, sail elebakarrean. Eta horrek esnatu zituen duela zenbait aste euskararen berreskurapen esperantza zenbait: zuhaurrek ez duzuna, desira ezazu zure ondokoentzat. Eta nehor gutxi izan baitzitekeen ni bezain efikaza maila horretan, misio bat eman zidaten: liburu batzuk atzemaitea, haurrentzat eginak eta abar eta abar. Aitortu zidaten egon zirela, Virgin, Fnac, Leclerc eta Amazon-en: ezin deliberatuz, ezin fidatuz, erreferentzia gutxiegi. Deplauki erran nien joan zitezen San Andres plazara, han bai erreferentziak bai aholkuak izanen zituztela.
Eta hor…
“Pentsatu dut, baina ez dut ezagutzen, ez naiz joaten horra eta ez dakit.”
Senarra senditu nuen bere katiluaren gibeletik belarriak luxaturik, zerbait errateko prest, erantzun nienean joan zitezkeela, han dena badela ta hori…

Senditu nuen zerbait, desorosotasuna, errangura, aurreiritziak, ez dakit.
Isildu nintzen.
Jakin behar da gauza batzuen irensten, barnean itotzeko, betiko, konbentzitu ezinean jendea ez bortxatzeko. Batez ere zure haurrekin lotura bat edo beste baldin badu.
Itzuli nintzen biharamunean eskuratu ahal izan nuen panoplia osoenarekin eta gainera, dendako Lorentxak eginen lukeen bezain ongi (agian hobeki) azalduz produkto bakoitzaren alderik hoberena, hauturik zorrotzena egina nuela ez zezaten duda. Besoak zabalik hartu ninduten: bidaia urrun, neketsu batetik, hain arrotz egiten zaien ingurumen batean murgiltzetik eta beren deabruetatik salbatu izan banitu bezala.

Haientzat izan naiz lagun on euskalduna, nere mundutik zerbait ekarri diena, esperantza zenbait elikatu dituena. Hainbat hobe. Aldiz ez dut deus egin ahal izan aldatzeko nere munduaz duten ikuspegia eta hori bai badela frustragarria. Hori da gure malurra. 

iruzkinik ez: