2015/02/15

Pedagogia demagogia

Azken denboretan bada gertatzen ari gauza bitxia: piskanaka, garaiak aldatu direnez, lehen pedagogia arrunt baztertzen zutenak itzuli dira eta orain galdetzen dute pedagogoa izatea, hobeki errateko teorian behar genituzkeen gaitasunak eta teknikak erabiltzea fin jakin batzuen zerbitzuko. Eta ni, hasieran, pozten nintzen. Zozoki. Pentsatuz galdetzen zitzaidala iritzia, erantzun bat ekartzea, galdetzen zitzaidala egoera baten analisia eta aterabideak jorratzea. Hots, ene lanaren egitea. Salbu ene iduriko lerraketa bat gertatu dela. Zergatik? Galdetzen didatena ez baita izaten jendeari bere beharrean oinarritu jakintza edo dena delakoaren transmititzea, baizik eta jadanik martxan emana den zerbaiten “saltzea”. Bilkura eta topaketa anitzetan badut sendimendu hori, nireganik espero dela zerbait, ez dena beti legitimoa.

Berriki beha egona naiz Hollande lehendakariaren hitzartze bati, baita Sarkozy-ren beste bati, baita irratiko emankizun frangori. Zoriotxarrez horien artean badira gure mundu ttipi honetako jende batzuk, entzun behar ditugunak holako espresio eta argumentu batzuk erabiltzen.

Aldi oro, kasik sistematikoki, ahobeteka erabili dute “pedagogia egitea” espresioa. Espresio hau berez arrunta bada, enpresari, politikari, erabakitzaileen ahoetatik entzuteak sistematikoki duda sortzen dit. Sinesgarritasun gutxiko erramoldea bilakatzen baitute. Izan ere, kontestu biziki berezietan erabiltzen dute eta helburu argiarekin: jadanik hartua den erabaki bat, ikusmolde bat “pasaraztea”, erabat gogoz kontrakoa duenari. Azken finean, nahi duena lortu ez duenari edo behar lukeena zer den ikusten ez duenari emanen zaio parada eta argumentua duena maita dezan, legitimitate kotsia bermatze aldera. Horrek badu izen bat, haatik ez ematen zaion hori: demagogia da, manipulazioa, edozein kontrako ekimen ekiditzearen aldekoa. Eta pena da kontzepzio horrek gure artean ere oihartzuna izatea.

Tristea ere bada, politikariek holakoak erabiltzea, azken finean pedagogoa izan behar duzula diozunean, nolazpait, diskurtsoaren hartzailea kontsideratzen duzulako “ulertzeko ez gai edo neketan”. Onartzen ez denean, ulertzen ez delako izaten da, ulertzeko ahalmenik ez delako. Hain fede on eta intentzio garbiko jendea “pedagogoa” eginen zaigu, analisatzeko edo gure onerakoa non den jakiteko gaitasunik ez dugunei.

Kopeta behar da.
Normalki, taldeen ongi kudeatzearen gakoa proposamen egokien egitean datza, erabaki zuzenak hartuz, gizartearen ongi izatea zainduz, garapena bideratuz, eta ez poderearen erabilpenean parekoaren edo oposizioaren diskalifikaziora eroriz, eta noski gero pedagogia beharra azpimarratuz.

Jokamolde horien ondorioa bada, egiazki pedagogian ari direnen lanari balio eta funtsa kentzen zaiola. Badirelako urte osoan egiazki pedagogo lanetan dihardutenak, beste batzuk mozorro pean demagogo lanetan dabiltzanean ingurukoak oro keeztatuz, pasioak ustiatuz. 
Pedagogia aldarrikatzen duenari, bi aldiz beha. 


Argazkiak: Enfumoir CC by-nc-nd

iruzkinik ez: