2012/03/11

Aldarrikapenen bilakaera

Deiadar kanpaina kari, frantses Estatuko herri desberdinetan hizkuntzen alde egiten diren eskakizunak zein diren hobeki ikusteko parada bada.

Izan ere, Deiadar hainbat herritan garatuko da eta ekimenatan burutuko heldu den martxoaren 31an: Okzitanian, Bretainian, Alsazian, Kortsikan, Kataluñan, Kortsikan eta beste zenbait hiritan ere, Euskal Herriaz gain.
Euskal Herrian berean hainbat mobilizazio burutu izan dira Deiadar izen pean. Azken biak, uste dut, antolatu izan direla beste hizkuntza gutxitu batzuen defendatzaileekin. Ahatik, lehen aldia da deialdi hain zabala egiten dela, hainbeste herrialde inplikatuz.


Baliteke komunikabideei esker hobeki ezagutzen eta ezagutarazten direla bakoitzaren eskakizunak, lorpenak eta beste; bizkitartean argi gelditzen da gaurko egunean “hizkuntz politika”-ren kontzeptuak bide egin duela eta denetan ikuspegi eta aldarrikapen berdintsuak agertzen direla gaurkoan. Garai batez, herri batzuetan indar gehiago ematen zen pundu bat edo bestean. Batzuek seinaletikari buruzko dinamika indartsuak eramaten zituzten, beste batzuek transmisioan eta irakaskuntza arloan, eta abar... Fama zen Euskal Herrian izaten zela proeiktu osatuena, hegoaldean egiten zena oinarri edo eredu izaten baitzen, dudarik gabe. Oraingoan, horrelakoen premiarik dugula ezin da erran. Alde orotan integratua da hizkuntz politikaren nozioa, alde desberdinak kondutan hartuz eta arlo desberdinak landuz.
Eta praktikan, konkretuki egiten dutena behatuz, Bretainia edo Kortsika bezalako herri batzuetako ereduak ezin interesgarriagoak dira ere. Izan ere, batzuetan, egiten dutena behatuz ohar gaitezke ipar Euskal Herrian oraindik landu ez ditugunak edo asmatu ez ditugunak, nola garatzen dituzten haiek.

Bilakaera frango handia iduritzen zait eta batasun zabala. Hasteko, hizkuntz politikaz den ikuspegia osatu da. Gero, hizkuntzen aldeko dinamikak demokratisatu dira, gutxiengo abertzale batetik haratago, jendartearen alor eta tendentzia anitzetara helduz; hizkuntz gutxituen gaia edozeinek eramaten du, ikurrik edo pertsonifikaziorik gabe. Oroz gainetik, bilakaerarik azpimarragarriena seguraski, hizkuntza desberdinetako defendatzaileak elkartzea eta kanpaina amankomunak eramatea, plataformatan bildurik edo egitura berezirik gabe, interes amankomun edo elkarren sustenguz. 





iruzkinik ez: