Urteetan feministek eraman diskurtso eta borroken ondorioz, emazteekin diren jokamoldeak aldatu dira gure gizarteetan. Nihaur ez naiz feminista sutsu eta engaiatua eta zenbait egoeratan, aitortzen dut, jokamolde sexista, zapaltzaile edo gutxiesleen aitzinean, nire gain hartu eta paso egiten dudala. Aitortzen dut ere, emazte gisa dudan egoera nahiko erosoa izanik, ez zaizkidala jokamolde desegoki horiek beti begi bistakoak edo ebidenteak izaten, ez diedala behar luketen inportantziarik ematen. Haratago, gure heziketa eta barneratu ditugun ereduek ez gaituzte laguntzen, ez dugu oraindik ikasi sexismoaren bihurrikerien bururaino joaten.
Emazteen kontrako jarrera aipatzen denean, maiz, pentsatzen da bortizkeria fisikoari, eraso sexualei, menpekotasunean oinarritu harremanei, berdintasun ezari hainbat arlotan. Egunero aipatzen eta ikusten direnak. Bizkitartean, badira ikusteko eta agerian uzteko neke direnak: itxura eta diskurtso onen atzean ezkutatzen direnak, beti berdin gutxiesleak, menperatzaileak.
Gizon bakar batek ez lezake asumi publikoki emazteak gizonak baino gutxiago direla. Zenbaitzuk, berdintasuna defendatuko duten eta saiatuko dira araberan jokatzen eta hala ere, ohar gabean agian, egimolde arras ezegokiak dituzte, erran nahi dut gertakari beraren aitzinean ez dutela erantzun bera emanen parekoa emaztea ala gizona izanik.
Adibideak eman daitezke trumilka. Gehienak taldean edo buruz buru gertatuak. Horietan parametro anitz kurutzatzen dira: emazte/gizon parametroari gehitzen direnean eztabaiden erronkak (erabakiak adibidez), pertsonen arteko aspaldiko kontuak, hierarkia kontuak, adin kontuak, aitzinakotasuna taldean edo elkartean, ikuspegi ezberdintasunak eta beste, zaila da arazoa nundik datorren kokatzea eta definitzea ea zinez sexismo kasua den.
Har dezagun adibide bat arras bestelakoa, agian molde neutralago batean utziko duena agerian azaldu nahi dudana.
Gaur goizean, interneten, artikulu nahiko polemiko bati jarri dizkiot bi iruzkin. Biak berdinak funtsaren aldetik, ideia eta eduki berekin eta forma piska bat moldaturik. A priori, kasu honetan, jendeen artean ez da menpekotasun harremanik, ez hierarkiarik, ez bat bestea baino esperientzia edo jakitate handiagokorik, ez da deus jokoan, ez erabakirik hartzekorik, ez deus irabaztekorik.
Lehena gizon izen batekin izenpetu dut, erran dezagun Xabier. Atera diren erantzunak (lau pertsona izan dira Xabierri erantzun diotenak zuzenean) horrelakoak izan dira:
- Gutxieneko errespetuzkoak izan dira, diplomatikoak erran dezagun. Tonoa, hitzak eta erabili espresioak egokiak.
- Ados ez zirenek, azaldu ideiak berriz hartu eta kontra argumentazio bat eman edo galdera berriak altxatu dituzte.
- Elkarreraginerako bidea eman da, mezuak idekiak egon dira eztabaida luzeagorako.
- Batek erantzun arras desegokia eta gogorra eman du, baina ez bakarrik iruzkin honi (ohitura bat).
- Batek erantzun du lehengoen moldean: diplomatiko, irekia, normala.
- Batzuek jarraiki dute eztabaida, Amaiak deus erran ez balu bezala. Hiruk hartu dute denbora Amaiari erantzuteko.
- Erantzun bat despedidakoa izan da, hau da gehiago ez luzatze aldera.
- Diplomazia eskasekoak izan dira: Amaiak ez duela gogoetatzeko gaitasun handirik edo bere ideiak ez direla onak...
- Amaiaren ideiak oro zalantzan eman dira lehorki
- Amaiaren gaitasun pertsonala ere zalantzan eman da, hots pertsona baloratzen da diskurtsoa baino gehiago. Alde horretatik hitz bat edo beste iraingarria izan da.
Zalantza bat baldin baduzue, saiatu artikulu piska bat polemikoari iruzkin bat jartzen ber gisan.
Orain arte anitzetan gertatu izan zait izen faltsuak erabiltzea sarean, neska ala mutiko izenak, arrazoin desberdinengatik. Ez nintzen oraino ohartu zenbaiterainoko diferentzia sortzen ahal zuen irakurleengan. Hemendik aitzina, ene ikusmolde eta ideiak gutxieneko errespetu eta kontsiderazioarekin ikusiak izan daitezen nahi badut, badakit nola egin behar nukeen. Bizkitartean, hori ez da soluzio bat. Soluzioa da horrelako desberdintasunik ez egotea, ez sarean harreman birtualetan, ez biziko edozein egoeratan eta soluzioa ematea zaila eta luzea da.
Feministen ideiek bide egin dute, ingurugiro abertzalean beste nihun baino gehiago seguraski ere. Gure belaunaldian, iduritzen zait, aitzinatu direla gauzak, nahiz eta batzuek oraindik pentsatu berdintasuna etxeko lanen banaketa istorio bat baizik ez dela. Gizonen jokamoldeak emazteekin aldatu dira; noraino? Zenbait kasutan erran daiteke aldatu baino lehundu direla, hau da diskretoagoak, disimulatuak direla eta bide beretik perbertsoagoak. Gaur ageria egin zait.
PS:
Erretrospetiboki, baliteke eztabaidako parte hartzaileek gizonak direla iduriturik ere, batzuek nik bezala egin izana (izen faltsuak erabiltzea). Eta ene teoria merkea deuseztatzea. Edo bide beretik duda bat gehiago piztea: emazteek ere jarrera desberdina genuke horrelako kasuetan? beste emazteekin jarrera gogorrak? Baliteke. Kasualitatea liteke.
Argazkia: Silence Censor, Restraint by K Sawyer Photography
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina