Arratsalde euritsua zen eta deus ez
egiteko. Telebista piztu nuen. Bakan gertatzen zait; pozoia zait.
Gaurko zerbitzuek bost ehundik gora
telebista kate jartzen dizkigute eskura, EITB salbu; ni n-garrenean
gelditu nintzen, seko. Munduko leku galdu bateko ohitura eta
bizimoldeez egiten diren erreportaia horietarik bat zen, egileek
ikuspegi antropologiko seriotik eramana dudarik gabe, guri anitzetan
exotiko gertatzen zaizkigun horietarik bat. Sénégal-eko herri
batzuetan kokatua zen eta horko « arbre à palabre »
delakoen ingurukoa.
Deigarria izan zitzaidan, zinez,
berehalakoan ezin erran xuxen zergatik, deigarria hainbesteraino non
biharamunean berean bigarren aldi batez begiratu bainuen.
Erreportaiak zioen nola Afrikako
hainbat herritan oraindik bizirik den ohitura zaharra, frango ezaguna dena funtsean: herrian
nonbait zuhaitz baten inguruan biltzeko usaia; zuhaitza anitzetan
baobab bat izaten da. Horren itzalpean, herria juntatzen da doazkion
gaien aipamenaren egiteko, erabakiak hartzeko, kultur transmisioaren
egiteko, ongi pasatzeko eta bereziki nork gogoko dituen eta
funtsezkoak zaizkion gaien aipatzeko; leku bat mintzatzeko, entzuteko
eta entzuna izateko, neholako zentsura edo autozentsurarik gabe, leku
bat non edozeinek hitza duen plazaratzeko edo jakinarazteko nahi
duena. Orokorki, mota guzietako katarsirako, trukaketarako eta
eraikuntzarako tokia.
Bitxiki, gizarteak garatu ditu, han
berean, beste tresna batzuk: batzar ofizialak, eskolak, kultur
etxeak... Erran dezagun egitura modernoagoak baino, okzidentalagoak.
Halarik ere, arbolen oinean segitzen dute biltzen. Han, oinarrizko
protokoloa bete ondoan, denek dute hitza, banaka. Orok hitz egiten du
libertate osoz, nahi, behar, ikasi duenaz, bere ikusmoldeaz,
filtrorik gabe. Gisan berean, zuzentasun handiz hitz egiten da, barne
ukan daitezkeen duda eta zalantzez, ezjakintasunaren aitormenak ez
duelarik nehor besteak baino maila apalagoan kokatzen.
Non dira gure arbolak?
Gure buruei kontatuko diegu holakoen
egiteko baditugula tresnak eta paradak, mila molde ditugula
palabre-tan ibiltzeko. Baliteke. Alta hain gutxi egiten dugula
iduritzen zait. Denbora faltako zaigu, elkar ezagutza sobera
azalekoa; konfiantzarena prozesu konplexua da, gure egitekoak definituegiak dira agian, aitormen batzuek ezezta gaitzakete bete
behar ditugun rol hertsietan, espero dena ez da galdera erantzuna
baizik, agian indibidualismoak jan gaitu, ez dakit. Behar bada
oinarrizkoagoa da, ahantzi zaigula mintzatzen, trukatzen, ahantzi
zaigula entzuten eta ematen, laguntzen, besteak diren bezala ikusi
eta onartzera, gure buruez lotsatzen gara. Ez dakit. Gure sistemak bestalde eskaintzen dizkigu
formakuntza saioak, aditu-aholkulariak, psikoanalisia saioak,
elkarrizketa prozedurak, mediazioak eta holako parrasta.
Bizkitartean, ez da egokiena, ezin da bakarra, sistematikoa eta
orotakoa izan.
Erreportaiak oihartzuna izan zuen
nigan, ebidentzia batena, eskasarena. Oihartzuna izan zezakeen mila
mailatan: pertsonala edo orokorragoa, familia mailakoa, bikote
mailakoa, barreiatzen doan koadrilaren ingurukoa, gizarte eta
politika gaietakoa, maila profesionalekoa. Pena guziak aitortzekoak
ez badira, erran dezadan, azken honetara eraman ninduen, zehazki eta
xuxenki. Irakaskuntzan, euskalgintzan, arbola handi eta finkoak
badira, noiztenka hurbiltzen gatzaizkie gaiaren eta unearen arabera.
Halere bakarrak dira. Oinarrizkoagoak, basikoagoak diren gaiak,
berdin funtsezkoak direnak, agian inportanteagoak, ez dira arbola
horien itzalean aipatzen.
Gai hauengatik eta beste hainbesterengatik ere, arbolak falta dira
Gai hauengatik eta beste hainbesterengatik ere, arbolak falta dira
Argazkia: el rei de la savana by mimirla
Audioa: Dounia by Rokia Traoré
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina