… tupustean, ekainean ospatzen direnak jiten zaizkigu gogora. Udako solstizioko San Joan, udaren gorena markatzen eta su gorritan gaitz guziak erre behar dituena.
Alta, beste solztizioan ere izaten da San Joan. Bata ala besteari buruz frango idatzi izan da, gisa batez edo bestez. Gaurko egutegietan, negukoa, ofizialki abenduaren 27an gertatzen da. Adin haundiko zenbaiten ahotan besterik entzuten da. Edozein iskribuk baino balio gehiagokoa delakoan, istorio zenbaiten kontatzeko parada galtzea domaia liteke.
Bazen behin, andere zahar bat, abenduko San Joanak ezagutu izan zituena. Amatxi Nafarroko Arritzakun herri galduan zuen eta negu minean saldoan hara joaten omen ziren bizpahiru egun iragatera.
San Joan kokatzeko momentuan, gauzak ez zituen hain argi. Batean Eguberriz izaten omen zela, egun berean. Bestean, Eguberri biharamunean. Beste batean, ez zela egun bat, baizik eta garai bat. Beste batean oraino, zotal egunen lehen eguna zela (haientzat zotalak ez baitziren urtarrileko lehen egunak baizik eta abenduko azken seiak eta urtarrileko lehen seiak, iduriz). Dena izanik ere, ez nion sekulan entzun Olentzero edo dena delako ikazkin zenbaiti erreferentziarik ere ez. Eta zionaren argira, erran genezake ez zuketela Joan ebangelista ohoratzen eta zerbait ospatzekotan, girixtinotasunaren aitzinekoa, edo bederen arrunt apartekoa, izaten zela.
Sinbologia betidanik entzun hori bera zen: sua, garbitzea, sasoi berria, gaitz guziak gibelean uztearena, barneko suaren piztea. Praktikak ere beste lekuetan bilduen gisakoak ziren: etxe itzuliak egitea, janari biltzea, egurrak biltzea, arbolak mozteko on diren garaiak, suak piztea eta herria elkartzea, beilak, dantza, kantua eta mota guzietako pestak. Eta inguruan sineskeria guzia: urteko hilen arimena, sorginen haizatzea, kutsu iniziatikoa, zikloaren irudia, lotura ez gehiago argia baina erreala ekaineko San Joanarekin (batak bestea gabe ez baitzukeen izaterik).
Beren horretan, San Joanak, abendukoak, 20. mende hastapen arte iraun zuen iduriz, seguraski aski gibelaturik egon behar zuten herrietan.
Beren horretan, San Joanak, abendukoak, 20. mende hastapen arte iraun zuen iduriz, seguraski aski gibelaturik egon behar zuten herrietan.
Gaia jorratu bada ere luze, azkenean hain gutxi dakigu hauei buruz. Hegoaldeko hainbat lekutan bizi-bizirik diruditen praktikak dira. Oraingoan, iparraldean, dakidanez, udako San Joana ospatzen bada zenbait herritan, nagusiki patroia duten herrietako pesta kari, negukoa ez da nehun atxiki zentzu horretan, ez esplizituki. Azken hamarkadetan berpizten da Eguberri eta Olentzeroren errepresentazioen baitan. Ekaineko solstizioa su piztearekin baizik ez da lotua, aski pobreki. Azkenean, nork du oraino argi batzuen eta besteen arteko partea, kondakizun hauetan hogeigarren geruza aspaldian eman delarik? Lapurditik Xiberora, San Joanena sakontzeko gaia litzateke, jatorrira itzultzeko eta bide beretik biak berriz lotzeko elkarri. Kulturgintzarentzat desafio polita.
Anartean, bihar da neguko San Joan, gaitz guziak gibelean uzteko eguna, garai berriei suharki lotzeko bezpera.
Argazkia: Ikatza - by BS - Hiruki Elkartea / EKE
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina