Euskal herritarrak, horren guziaren
erdian etorki gira gurearekin, tradizioz, dinamika kontsumista eta
indibidualista guzi horien kontrakoa. Horren
lekuko Olentzeroren pertsonaia bera. Olentzero, gaitzeko potreta:
zikina, beltza, zarpaila, mendi zilo batetik etorria, opari gutxi
ekartzeaz gain, ikatza banatzen duena. Alta, sinbolo indartsuz betea
da, gaurkoak direnak eta izigarri baikorrak.
Nola moldatzen gara honen guziaren
berpizten? Tarteka iduritzen zait zinezko aukera alternatiboa
baino, izaten dela aukera paraleloa, inguratzen duen guziaz bereiz,
multzo baten egitatea izaten dela, zeinetara hurbiltzea galdegiten
den, besteengana joateko edo haien zinez erakartzeko egiazko paradak
baliatu gabe. Batzuk hizkuntza batean hitz egin eta besteek
ulertezina balute bezala.
Iparraldean ez, baina beste leku
batzuetan, euskara lan munduan eta panorama orokorrean txertatzen
doa, urtez urte. Nola lortzen duten? Bizitzen duten errealitatea
horretarako egokiagoa izateaz gain, diskurtso garatzeko frango
azkarrak ere direlako. Egona naiz ene lankide kalakari bezain finaren
diskurtsoa berriz entzuten, erantzunaren parte handi bat hor egon
daiteke (kasu, arima sentsibleentzat, gogorra gerta daiteke):
Duela bizpahiru urte, bideoko hitzaldi
honetan egon nintzelarik, ez nuen belarri hain onez entzun: goizegi
zelako, ez nuelako dena ulertzen, oroz gainetik erabili
argumentazioak suposatzen zuelako hainbeste salatzen dugun gaurko
eredua eraldatzea baino, eredu horren integratzea nolazpait, nahiz
jasangaitza iduritu, eta zaila zitzaidan pentsatzea hori posiblea
zela arimarik saldu gabe. Gaurkoan ere ez zait zait aldebat
entzun-erraza egiten. Alta, sistema nekez aldatuko dugunez, behar
bada, bitartean, erabiltzen ikasi beharko genuke.
Noizbait, nunbait, euskara, hizkuntza
bera eta hiztunak ere, komertziorako eta etekin gehiago egiteko
parametro gisa kontsideratzen da, eta araberako argumentuak
erabiltzen (etekin ekonomikoena, konkurentziarekin leihakorra izatea,
… ), bide batez euskararen erabilera baita euskara eta
hiztunenganako kontsiderazioa haunditzeko. Argumentuak ez dira
gehiago hiztunaren aldekoak izaten, nagusiaren aldekoak baizik, baina
ondorio bera izate aldera.
Hortik, euskararekin eta hizkuntzekin
orohar horrelakorik egin badaiteke, zergatik ez beste edozein kultura
elementurekin?
Adibidez, Eguberrietako gaiak luze eta
zabal jorratu izan dira ipar Euskal Herrian, baina beti
euskalgintzako elkarteen eskuetatik eta nagusiki Olentzeroren
pertsonaiaren inguruan. Horrek ahalbidetu du lurralde osoan ospakizun
zenbait ber piztea. Baina hain ahul nun azkenean bakar batzuen
zeregina gertatzen den. Baliteke horren arrazoinetarik bat izana ez
dela lortu eguberrietako osotasun bat saltzen, inguratzen gaituen
guziaren lotzen egitasmoari.
Zergatik, Baiona bezalako herri batean,
zeinetan hainbeste xokoleta eta gozoki egile metatzen diren, ez da
oraindik lortu saltzea ikatzik, asukrezko goxoki gisa diot, beste
herrialde batzuetan egiten delarik hain komunzki? Zergatik ez da
lortu suaren sinbolika guzi hori doi bat gehiago sartzea, urte guziz
diru publiko eta pribatu anitz gastatzen delarik mota guzietako
argiztapenetan, erridikuluenak barne? Zergatik ezin dira kausitu
etxeak apaintzeko pusketeriak doi bat « hemengoagoak » eta
zergatik ez lirateke saltegiak berriz jantziko hemengo kolorez (duela
zenbait urte hasi zen bezala)?
Nolaz ez da hainbeste Baionako xingar
saltzen duten harategietan atxematen txistor gehiago?
Zendako ez da lerratoki artifizial
baten antolatzeko erabili diruaren parte bat erabiltzen beste gisa
batez?
Eguberri garaiekin ari gara baina
edozein sasoin, edozein gairekin, berdintsu da.
Jorratu bada ere, agian ez oraino aski.
Behar bada euskal kulturgintzak, langile arruntak baino, beharko
lituzke komertzialak enboxatu. Predikatzen duguna, gure etxeetatik
haratago hedatzeko eta gure kulturaren onura potentzialak integraraz
ditzaten hainbat korporaziori. Norabide arriskutsua izan daiteke,
gaiak eskuetatik eskapatuz gero, arima gal baitezakegu, gaiak zentzuz
hustu eta folklorizazio haundiago baizik ez eragin. Falta zaiguna, maiz, gure baitako zenbait konplexuren gainditzea da, jendeari mintzatzeko ulertzen duen hizkuntzan, jendearen juntatzeko entzun nahi duenaren bidez.
Hain zailak diren gaiak aitzina
eramateko bidea izan daiteke, gaurko egunean marraren bestaldean
jokatzen dutenak, gurearen zerbitzuko juntatuz.
Orduan, gure baitako muga zenbait gainditurik, egin litekeenak ez luke
mugarik, juntaturik egonez gero... fin ta tinko.
Argazkia: Olentzero - Basque old man by Caravinagre
Bideoa: 30+10 mintegia - Ahize-AEK by imhelgoibar
Bideoa: Fin ta Tinko- Performance- MAK by Enbatadator
2 iruzkin:
Bea, ez dakinat. Erratiten dunan hori ausarta dun, gainera arisku haundikoa dun. Ez?
Hihaurk ere erten dun, euskal kultura eta tradizioaren leinua ez dun ezkontzen eguneko egunean diren egiteko molde eta kultura modernoarekin Eta ez dinat aipatuko postmodernitatea, jakinez ez dunala soportatzen kontzeptua bera.
Ez da dudarik euskal kulturak behar duela pentsatu nola joan normalitatera, beste guzien lerro berean agertzeko gisan. Bainan bideoan den diskurtso hori biziki urrun joaten dela uste dut eta zaila dela eremaitea, komunitate biziki indartsu bat inguruan egon gabe -tinko-.
Ez baniz jadaneko sobera luzaz euskal herritik kanpo egona bederen. Aitortuz jorratu behar leikela
iepa Xilo!
Afera ez duk, enetako, orain arte ukan ikusmoldearen aldatzea. baizik eta nori zuzentzen giren eta araberako eleak zabaltzea.
Beti nahi diagu jendea guregana jitea, pentsatuz gure erakargarritasun naturala aski izanen dela hortako. Eta hurbiltzen direnak gutxi dira. Beraz agian guk haien biltzera joan beharko ginikek, entzun nahi dituzten hitzak emanez edo.
Dena izanik ere, uste diat zerbait egin beharko dela, bestenaz, hogoi urte gabe, bazterrak limpio dituk. eta hire herrian biziagoa euskal kultura (agian euskara bera ere) beste nihun baino.
Ale, ene fan kuttuna ;), laster artio
Argitaratu iruzkina