2010/12/22

Frantsesa ezin ikasi eta euskara nola?

Frantses Estatua, usu eta ardura deitzen dute giza-eskubideen lurraldea.
Zapaldurik edo gosez bizi diren herrietatik trumilka jende heltzen da mendebalde honetara, preseski holakoak entzun izan dituelako. Giza eskubideen herria, zeinetan iragan iluna ahantzi ez, bainan etorkizun zohardiagoa eraikitzen ahalko den.
Estatu honetan, duela zenbait hilabete, aipatzen ziren integrazio kontuak. Integratua izateko eta bereziki Estatu honetan egon ahal izateko (bizi ahal izatea beste afera bat baita) bazen baldintza bat, salatua eta eztabaida sutsuak piztu zituena eta hau zen: Frantzian bizi ahal izateko frantsesa jakin beharko zela, gutxieneko zerbait eta paperak ukaiteko, ikaskera lehen urratsak bederen egin beharko zirela. Eztabaida frango sortu ziren, etikoak, politikoak, hizkuntzaren instrumentalizazioa, protekzionismoa...Horietan sartu gabe, baldintza honi eman baliabide eskasa salatu zen. Hori batetik. Eta bestetik, salatu zen ere « hizkuntza menperatzea »-ren nozio argitu gabeko hori.

Hortik aitzina,etorkin guziek eskubide eta frantsesaren ikastearen beharra badute, lurraldean egon ahal izateko. Klaseak urririk har ditzake honera etortzen den edozeinek eta frantsesa ikasteko toki eta elkarteak horretan antolatu dira.
Goizean, laneko kide batek, ogibidez frantses erakaslea dena, FLE (Francais langue étrangère) sailean, kondatzen zidan nolako injustiziak ikusten dituen « integrazioari begirako » ikastalde horietan. Eta etsitua ikusi dut, berak dionez, ez baitu etorkin horien artean nehor gutxi frantsesten.
Azkenean, bi mota nagusiko ikasleak izaten omen ditu.
Lehenak, proportzioan gutxi, Europakoak, ikasketak egiteko edo lan egiteko etorriak, hain gaizki bizi ez direnak, sozialki jadanik integratuak, ez dute besteek baino gaitasun edo errextasun haundiagoa ikasteko. Aldiz, balibide pertsonal frango dute, dela ordenagailu, liburu, klase partikular... Zenbait hilabete barne frantsesten dira.
Bigarrenak, hegoaldeko herrialdeetatik etorriak, batzuetan urte anitzez hemen egonak, oraindik integratuak ez direnak, maila sozial biziki apaletakoak, aldiz beste edozeinek bezainbat gaitasun dute ikasteko. Salbu lehenek dituzten aukerak ez dituztela, urririk diren klase hauetatik aparte, ez dute ez aukerarik, ez baliabide osagarririk, ez ere denborarik ikasteko. Paradoxalki, jende horiek bizi duten prekaritatea eta integrazio eskasarengatik, hizkuntza ez dute ikasten edo ez behar eta nahi luketen bezainbat.

Orduan hastapenean pentsatua izan zen dispositibo horrek? Zertarako balio du?
Giza eskubideen herria deitua, ez da integratzailea. Nehori begira.Hemen, mendebaldekoek beti zerbait gehiago izanen dute eta besteek beti zerbait gutxiago. Eta etorkinak alegia integratu nahi balire bezala jokatzen denean ere, nagusitasuna piska bat gehiago markatzea baizik ez da egiten. Azkenean Pertsonak izatea ere ahanzteraino.
Lagun honek kondatua entzunik, etorkin horiei begira egiten denaz piska bat gehiago jabetu naiz eta okaztatzen nau.

The bridge

Gero honek beste gauza bati ere pentsarazi nau.
Jende horiekin euskaldunek zerbait egin nahi bagenu? Zer?
Etorkin horietarik batzuk kurutzatzen ditut. Gehienen kasuan, beren integrazio gogoa haundia da eta hemengoak girenentzat, euskaldunentzat besteak beste, duten errespetu eta kontsiderazioa haundia da. Interes haundia erakusten dute ere tokiko hizkuntza eta kulturentzat. Euskaldun gisa, jende horiekilan trukatzeko arazorik ez dugu. Eta haiek guregana etortzeko ere ez. Harreman horretan, jarrera integratzaileak ikusten ditut alde guzietatik.
Guk, herri honetan, euskaraz ikasi eta bizitzea nahi dugu. Euskal kulturara hurbiltzeko eta euskara ikasteko ez da deus berezi behar, gurea den herrian ez zaio jendeari eskatzen berea dena abandonatzea. Alderantziz, eskaintzen diegu trukatzearen parada. Gure herria zubien herria da. Ate guziak idekirik eta etorkin horien integratzeko borondatea eta idekitasunik ere bada aski, faltsukeria eta maltzurkeriatan ibili gabe, baitakigu irabazteko dugula, galtzeko baino gehiago.
Alta, hizkuntzari dagokionez bederen, gaur, Baionan, frantsesa ezin ikasiz beraz ezin integratuz dabilen bati, nola demontre galdegiten ahal diogu euskara ikas dezan? Bere lehentasuna, euskarari lekurik uzten ez zaiolarik, frantsesa ikastearena izanen da, alabainan. BIzi nahi badu lehenik menperatu behar duena frantsesa baita. Euskara ikasteko gainera (momentukotz) pagatu beharko luke. Pagatzeko lan bat izan behar luke, integratua izan behar luke eta horretarako paperak behar ditu. Paperik ez, frantsesa ez badaki. Eta alderantziz ere...

Zenbat aukera, denbora eta energia ez ditugun galtzen, zubien herrian... 

Gaur, gure ezintasunak, bi aldiz okaztatu nau.


iruzkinik ez: