Azken bizpahiru asteak eraman dituzte gure ikasleak txontxongilo antzerki bat lantzen, ondotik publiko aurrean ematekoa.
Antzerkiaren prestaketa klaseen baitan integratua genuen, horretarako beharko zituztenak aurretik prestatuz baita hizkuntza mailako baliabideak horretarako egokituz.
Gaur eman dute antzerkia.
Zoragarriak izan dira. Ez baita gauza erraza egun gutxi barne eskulanak egin, testua sortu, antzezpena landu, gogoz ikastea. Iragan dituzte etsipen eta duda momentu anitz, dudarik gabe.
Eta gainditu dute dena. Gainditu dute barne beren buruaren kontrako gerla txikia eta ausartu dira jende aurrean.
Batek zioen beretzat BAM ekimenaren baitako erronka gisa, bete betean. Ez programazioari doakionez (honi doakionez baita ere) baina ere pertsonalki hiztun gisa agertuz eta ekarpen egile izanez. Euskaraz mintzatzeko ausardia hartzea bezalakoa izan zela gaurkoa zioen, hau da publikoki zerbait eskaintzea haiek euskaraz sortua eta komunitate baten partaide gisa afitxatzea beren burua.
Biziki harro naiz ene ikasleez. Eta pozten naiz, lehenagoko egunetan aipatzen nuen legitimitatea sentiarazi izan ahal badie kontuak.
Oro ikusi ditut hyper uduri, dudakor, baina ekile, eta zoriontsu egin bideaz eta beren buruaz harro.
Irrifarrak lerrokaturik, eta haien atzean ezkutaturik asebetea denaren lotsa apur hori.
Lehenagotik argi nuen, baina gaur oraindik gehiago. Hemen partida irabaziko dugu hiztun bakoitza sortzaile bihurtuko denean. Ez bakarrik ekitaldi kultural ekoizle, bistan dena, baizik eta bere baitatik eta euskaraz datorrena besteei eskaintzeko ahaleginean ariko den bakoitzean. Hainbeste ematen digun, egiten gaituen, herri eta hizkuntza honi, itzultzen digun apurrak indartsuago bihurtzen du.
Poza nire baitan barna gorde dut, eta arratsalde honetako ipar haizearen ausikiek ez dute batere eraginik izan nigan. Epeldu ezina. Lapurdin badaude 6 euskaldun ahaldundu gehiago.
Jakina da: Txontxongiloek beti diote zerbait gehiago, zerbait zuk erran ezin duzuna.
Argazkia: MajikAmaia
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina