2016/07/09

izena eta izana



Ostirala izatearren, egun ederra da honaino. Arratsaldeko lauak eta erdiak dira. Oraindik bulegoan zaude, gatu zahar bat bezala.

Lanetik ateratzekotan, asteburuaren atarian zarela, zure bankuko kontu korrontea zertan den begiratzea otu zaizu. Telefonoko aplikazioa piztu eta usaian bezala egiaztatu duzu zenbat diru gelditzen zaizun oraindik gastatzeko. Udako egun luzeak heltzen direnean, gehiegi kasu egin gabe kartari eman eta eman, gorritu arte, gastatzeko joera duzu. Kontua oraino positiboan denez, besterik gabe gainbegiratu duzu zertan den gainerateko istorioa:


- Astapitoak! Deitura aldatu didate! - ahoa bete hortz gelditu zara
- Zer? - galdetu dizu aldeko lankideak
- Bankuan, aldatu dute ene kontu titular izena. 
- Zer ezarri dute? Senarrarena?
- Bai, kontuaren titularra ni naiz, baiki, baina ez ene ohiko izen deiturekin. 
- Ardura egiten dute hori, hastapenean ez, baina gero normalizatzen dute…
- Zer normalizatzen dute? Denbora iragan ala ez, zer puñeta inporta zaie haiei zein deitura erabiltzen dudan?
- Badakizu… senarrarena zira! 
- Eta noiztik egiten dituzte holakoak jendeei iritzirik galdegin gabe? Ezin sinetsia..

Nahiz zenbait urte eman ezkondurik, zure sortzeko izen deiturak erabiltzen dituzu, bai eguneroko bizian, bai paperreria administratiboetarako. Herriko etxetik senar hartzera pasa zinen egunean hala adierazi zenuen, zure deitura mantenduko zenuela, zure sortze izena, aitarenganik zetorkizuna bai baina zurea egina zenuena aspaldixe hartan. Geroztik nehork ez dizu deitura galarazi. Batzuetan zuhaurrek edo administrazioak bikoiztu egin duzue, hau da bata bestearen ondotik agertarazi, lehenik zurea, sortzekoa eta bigarrenik senarrarena. Bikotean, gaiak ez dizue sekulan eztabaida gairik eman, ez etxean, ez nehun: senarrari berdin zaio eta zuk nahiago duzu horrela. Nahi eta dretxo duzu eta kitto.

Ostiral arratsalde madarikatu honetararte ez dizu kezkarik sortu eta hor, bapatean, zuri sekulan nehork deus galdegin edo adierazi gabe, hor dago: zure sortze deitura ezabatua eta senarrarena jarria. Ongi pentsatzen jarririk ere, ez zaizu gogoratzen, noiz, nork, non aipatu dizun horrelakorik egitea, kontsultatu izana, deus izenpeturik.


- Segur zira ez duzula ohar gabe onartu? 
- Ez. Ez didate galdegin. Eta galdegin balute ez nuen onartuko enea kentzea. Jadanik lehenago bazituzten biak jarriak eta ez zitzaidan sobera gustatu. Kasualitatez egun hartan senarra ondoan zenez denbora guzian galderak egin zizkidaten bera begiratuz… Ez zitzaidan batere gustatu, ene aferetako noiztik dut behar nehorren oniritzirik?
- Diozuna, oniritzi gutxi duzu onartzekoa!
- Irri egizu behar duzun guzia, banoa oraintxe bankura. 
- Ostirala gira, bostetan hetsiko dute, hamar minuta dituzu…
- Aski eta nahikoa Baiona Tipia zeharkatzeko.


Bada kastrazioaren antzeko zerbait, zure parte bat kendu dizutela abisatu gabe eta ez edozein gauza: sortzetik nortasuna, izaera, indibidualitatea markatu dizun herentziako izena, agian sekulan ondorengoan helduko zaizun gauza bakarra. Ez dira aski urrunak emazteek bozkatzeko dretxorik ez zuten garaiak, ez eta gizonen izenpeduradik gabe existentziarik ez zutenekoa, kontratu bat ezin izenpe zezaketenekoa. Eragin dizun sentimendua da munduak erresumitzen zaituela, norbaiten emazte gisa, galtzen duzula zerbait, itzaleko bihurtzen, meneko, bigarren mailako, jabego erran daiteke.
Sekulan arrangurarik sortu ez dizun kontuak bapatean arnasa estutu dizu:
- Behar da kopeta ukan horrelakoak egiteko! Deus ez galdegin eta izenak bati komeni zaizkion moduan egokitu. 
- Lasaitu, jarriko dizute berriz…

Azken denboretan yoga saioetan erakatsi dizkizuten zenbait ariketa aplikatzen saiatuko zara. Debaldetan. Berantegi. Behin zainak airatuta ia ezinezkoa da oren luzeetan berriz jautsaraztea, arnasa nahi bezain sakon hartu eta kontzientzia osoaren bilaketan abiatzea alferrikakoa da, soro landa berdatsak imaginatzeari lotzea bezalatsu.

Lasaitasuna bilatzea bazter utzirik, tarrapatan, ordenagailua itzali duzu presaka, bulegoko argitxoa ere berdin: ez da presarik lukeen zereginik zure atxikitzeko hor iltzaturik. Open space luzea dzi dzau zeharkatu duzu irteeruntz, hortxe gelditu den azken lankidearen behako harrituak jarraikitzen zaituela, behiek trenak iragaiten behatzen dituzten bezalatsu:


- Asteburu on!
- Berdin! Astelehenean Itsasun?
- Ez, Itsasukoa fini da… Izan ontsa!

Bai, Itsasukoa, hau da urtebeteko lanik dorpeena, bukatua da. Orain jada beste gai batek okupatzen dizu gogoa, kolerak urratsa sekulan bezain zalua bihurtua dizu eskaileretan behera zoazela, ohar gabean jautsiak dituzu hiru solairuak, lantokiko atariko ate pizua bultzaturik, karrikan zaude jada eta abiatu zara karrika hertsietan barna, eta Marengo, Pontrique, Pannecau, San Andres ez dituzu ez eta begiratu ere, ez jendeak, ez ostatuak, deus, hobe funtsean, horrela ez baitzira ohartu Europako futbol txapelketa dela eta leihoetatik zintzilik diren frantses banderen pandemiari, urte batzuk lehenago ez zuketenak lekuan iraunen oren erdirik urratuak edo erreak izan aitzin.

Bidean zoazela, gogora jin zaizu Marikita Tambourinen entsegua, duela urte betekoa edo: bi entsegu emazteen izenean, emazteen izen-deitura istorio horiek aipatzen dituena. Garaian zeharka irakurri zenuen, pentsatuz bazela arazo bat emazteei gizonen deiturak jartzeko mania hori, nahiz bizkitartean ez den arazo bakar eta larriena. Baina gaur zuri gertatzen ari zaizu, garrantzia ezin handiagoa hartua du. Suturik jarraitzen duzu, alienazioaren biktima gaur zu baitzara. Gaur? Agian zenbait egun jada horrela direla gauzak! Auskalo noiztik aldatu duten zu deusetaz ohartu orduko! Ikara batek inarrosi dizu bizkar guzia eta espaldak tinkatu. makurturik zoaz, tentsionaturik. Baliteke konpontzea laster batean! ez da beste mundukoa, ez da drama baten muntatzekoa; agian deusengatik ari zara buru berotzen?

Bostak bost gutxi eskasetan, bankuko atea pusa duzu, harrerako langileak sudurra pantailatik altxa du, harriturik dirudi, agian sartu zaren oldar berean gelditu gabe segitu duzulako beregana eta oldar berean ere pulpitoaren gainean eskuak pausatzera heldu zarelako, mubleari lotuz, argiki hortik mugitzeko gogo mikorik ez duzula seinalatuz:
- Arratsalde on, badut arazo bat argitzekoa zuekin. Klientea naiz hemen eta ene konduen titular izenean modifikazioak egin dituzue ene oniritzirik gabe - hatsartze bakarrean bota duzu, erresumituz, definituz, finkatuz.
- Zaude momentu bat, begiratuko ditut zure konduak, emaidazu zenbakia edo karta, nahi duzun bezala.
Zenbakia gogoz dakizu. Seguritate sozialarena bezala, nortasun agiriarena bezala, gida baimena zein telefono zenbaki inportante guziak bezala, zenbakien memorisatzeko duzun mania horri esker. Bada noizbait balio izanen dizun desformazio bitxia, zenbaki eta letra kateen gogoan atxikitzeko erraztasun ikaragarri hori, mozkorturik, eri nahiz haserre gorrian zaudenean, berdin, tupustean, bota dezakezula edozein, ordenean, akatsik gabe, beste batzuek agur mariak edo bertso osoak harilkatzen dituzten bezala.


- Voilà. Zein da arazoa?
- Arazoa da aldatu duzuela ene deitura. Jartzeko een ezkontza izena. Baina oroz gainetik sortzekoa kentzeko. Hori da problema. Beraz berriz jarriko duzue lehen zen bezala, oraindanik.
- A, ez zara gehiago ezkondua? Bereizia zara?
- Ez.
- Beraz zein da problema?
- Egin duzuna ez da nik nahi dudana.
- …
- Ene oniritzirik gabe egin duzue.
- Zaude minuta bat. Hobe zenuke kontseilari batekin aipatzea.

Emazteak telefonoa hartu eta bulegoa egoitza zolan duen arduraduna deitu du. Bizkitartean, kontzientzia nahasi zaizu, kulpabilisatzen duzu piska bat: usaian bezala ez duzu zure burua kontrolatu, gaixo langilea erasotu eta ahotsa igo duzu… Ahotsa igotzen duen lehena, elkarrizketa galtzeko bidean dela badakizu alta. Inguruan ziren bi bezero pelatuak zur eta lur zuri beha gelditu dira: zer pentsatuko dute hauek? Futitzen zara. Ez duzu lehen aldia publikoki kexatzen zarela. Seguraski ez da azkena izanen. Eta bazaude kexatu izan ez bazina hainbat aldiz, zangopilaturik edukiko zintuzketela leku bat baino gehiagotan.
Zolako langilea ez da luzaz goaitatu behar izan, gutxi gehiago bulego batean gorderik egoteko, bistan dena, nehork ez du enbeiarik luzatzeko laneko plazerretan ostiral arratsaldetan:
- Aldaketarik izan al da zure egoera zibilean?
- Ez.
- Zure izena bada, ezkondua bazira. Sinpleago da denentzat.
- Sinpleago norentzat? Nehorrentzat. Nahi dut lehen bezala jartzea.
- Normalizatu ditugu fitxategiak hilabete honetan. Sinplifikatuz kontu titularren denominazioak.
- Ilegala da. Ez dut deus izenpetu.
- Ilegala, ilegala… nola mintzo ziren zu ere. Ez da ilegala. Ezkondua baitzira - azaltzen dizu lasaitasun jasangaitzarekin harreratik haren bulegora eramana zaituen kontseilariak, bezero ezkandalagarri ahalgingarriak jendeen bistatik urruntzen baitira komunzki, horrelakoak ez dio-eta onik egiten markari.
- Berdin da, sinpleago da. Eta zerbitzua berdina da. Zure eskubideak berdinak. Besterik ez da aldatu. Baina funtsean deus ez da kanbiatu! Ez dakit zendako hola jartzen ziren.
- Bi aldiz segidan entzuna du zure diskurtso osoa kontseilariak eta tematzen jarraitzen du.
- Ez dut deus sinatu. Hortako da ilegala. Edozein egoera aldatzeko ene baimena behar duzu. Ateraidazu papera baldin baduzu.
- Zure senarrak zer dio?
- Zure emazteak zer dio?
- Aldatuko dugu. - Laxatu du eta zu pozten hasi.
- Ontsa. Gaurdanik eta dokumentu guzietan, bai?.
- Lehenik beharko litzateke bete eskaera ofiziala eta juntatu behar diren dokumentuak. Ondotik txostena eskualdeko arduradunari helarazi beharko litzaioke, ez baititugu gehiago guk tratatzen holakoak, eta ondotik arazorik gabe aldatuko dugu.
Formulario bat luzatu dizu sudurpera, kontuak sortzeko erabiltzen den hori bera, bete eta izenpetzeko kuadro eta hornitu beharreko justikazio zerrenda (nortasun agiri, ezkontagiri, bizileku justifikazio) juntaturik dituela. Ahoa bete hortz gelditu zara, eta berehala berriz gorri gorria jarri:
- Nitaz futitzen zira?
- Barkatu? Kortesiaz otoi...
- Bai, kortesia handiz berriz erranen dizut: ez duzu paper zikin hori behar izan joan den astean, beraz nik ez dut hau beteko. Astelehen arte duzue. Astelehen goizean ez bada dena nik nahi bezala, hitzematen dizut ez duzuela ene berriz ikusteko paradarik izanen.
Zure harridurarako ez du arraposturik ukan aldi honetan.
Altxatu eta atera zara.
Lasaitu ederrarekin. Espaldak zuzendu zaizkizu, ibilera ere. 
Roland Barthes plaza, Xaho kaiarantz airos kurritzen duzu jada. Asteburua ez duzu pasako burua jaten kixkileria horrekin. Hori baitzen faltako! Pasatzea uda giroko bi egun luze tema horrekin.
Egina izanen da. Segur da. Ez zara debaldetan kexatu eta ordu erdiz luzatu azalpenetan. Gainera, ez balitz hala gertatuko, astelehenean ez balitz dena zuk nahi bezala, berdin zaizu ea herresteria horren etxean duzun diru miseria bilete handi ala txikitan emanen dizuten.


Bideoa: Colère by Barbara

1 iruzkin:

Bea Salaberri erabiltzaileak esan du...


2016-07-13

Astelehetan bankuak hetsiak izaten dira. AStearte goizean ez zen deus aldaturik...

Gaur goizean, asteazkena, bulegora heldu bezain laster, jo dut bankuko webgunera. Hara sartu orduko, ene izen deiturak berriz han ziren lehen bezala. Ene sortze deitura lehenik eta ondotik ezkontzakoa. Biak ezarri dituzte. Hots senarrarena ez dute arras kendu. Baina enea, enea han da berriz.

Ez naiz damutzen beste behin kolera gorrian sarturik eta basaki inarrosirik langileak, ez naiz damutzen mehatxuetara heldu izanik pazientzia eta argumentuak agortu zaizkidanean.

Eta bide beretik, kendu dit kezka bat: oporren atarian ez nuen batere gogorik banku aldaketa prozesu baten abiatzeko.