2016/06/14

:arr(hotz)

Semea negarrez utzi dut, futbol eurokoparen karietara bazter guztietan banatzen dituzten frantses bandera horietarik bat etxera eramateko hartzea galarazi diodalarik.
Eskainiak dira, dohain, irribarre inozente batekin. Eta nik ukatu.

Tematu denean, errebelde jarri zaidanean, ez dut ideia hobeagorik ukan “bakarra ikusten badut ene ataria pasatzen, erreko dut” erraitea baino. Plof. Trinko, idor eta hotz. Hainbeste maitasun herriarekiko eta ez jakin espresatzen, horretara heldu behar...
Negarrez joan da eta porrot egin dut.
Malko batean, mundu bat, malko garratz bat, zer gertatu zaigu, ez dut deus pasatzen uzten, ene fedea desesperatua da, jokamoldea fineziarik gabekoa, noraino lezake uler. Bi malko. Etsipena. Nüla naiz.

Halere, nago arazoa ez dela ene pazientziaren muga hertsia gai batzuekiko, ez pedagogiaren groundzerora heldu izana, ez haurra gazteegia izatea gauza batzuen neurria hartzeko.

Nor izan naiz ni pentsatzeko salbatuko nintzela azalpen neketsuak ematetik? Nor izan naiz sinesteko aski zela, asoziala izan gabe, sozialki selektiboa izatea harreman eta aktibitate orotan? Nolaz uste ahal izan dut etxetik urrun geldituko zirela patriotismo oldar biderkatuak eta banintzela identitatea, nazio bipiatsu batetiko identifikazioa oztopatzeko gai?
Azken hilabeteetan inarrosten diren mamu guztiak ikusirik, nolaz zitekeen bestela?
Semeak futbola egiten du eta azken asteetan hazi zaion pasioa ikusirik, beste kide guztiek talde bat edo beste sustengatzen dutelarik, zer egin beharko luke ba berak?

Gainera, egia, zaila da ulertzea zertan den bekatua frantses bandera bat lotzea etxean: denetan dira. Supermerkatuetako kutxetan, auzokoen balkoietan, baita ere, sinesgaitza, Baiona Tipiko karriketan, duela zenbait urte bi orenez ere iraunen ez zuten karrika horietan beretan. Frantzia hain da eder. Euskal Herria hain da aspergarri eta ikusezina: ez du ez eta Euroko talderik! 
Sare sozialetan gaindi azken elegantziakoa da Parisen gertakari bat izan orduko profil hirukoloreztatuak agertzeko lotsagabe eta amnesikoki, gauza normal, arrunt eta inkoerentziarik gabekoa balitz bezala.

Badator belaunaldi bat, gaitza, aurrekoek ezagutu edo dakitena ez dutenak sekulan entzunen, ez sinetsiko, ez ulertuko. Badator belaunaldi bat erregionalismoak kulunkaturik, aldarrikapen diluituen artean hazia, pataskaren zantzurik begi bistan agerian ukanen ez duena, asimilazio uhinak irentsiko duena, urdin-xuri-gorri bandera berea jo lezakeena sekulan.

Eta kexu naiz, kexu kexu kexu ene buruarekin. Hori ez baitut heltzen ikusi, non eta hemen, norekin eta haurrekin. Eta neurriak galarazi dizkidalako, posizionamendu egokitik urrundu, beste behin. 
Eta nola debru uler lezake umeak hori dena, zortzi urtetan? 

Beste talde bat hautatuko omen du. Eriak kurutzatu ditut ez dadin España izan.

Zaila da izatea     :arr(hotz).

2 iruzkin:

Oier Gorosabel Larrañaga erabiltzaileak esan du...

Nire ustez erantzun idor eta hotz horrek ere bere lana beteko du. Uneak eta uneak daude, eta orain ez da beharbada azalpenak eta maitasuna adierazteko unerik onena, baizik eta erantzun argiak ematekoa.

xan erabiltzaileak esan du...

Mmmmhhh, zer uste duzu, 13-14 urtetan ez ginela bi besoak altxatu eta denetan korrika hasi frantziak 98an munduko kopa irabazi zuelarik? Bon, gure plazera hain exaltatua ez izanik ere (quoique...), bederen gordezka pindar bat ukan genuen bihotzean orduko [mutiko] nerabe gehienek, euskaldun eta abertzale izanik ere, ganbara afitxa eta pegatina aldarrikatzaileez beteak izanik ere. Gainera, guk Bixente bagenuen, eta bon, Didier ere nonbait. Chirac, Hollande baino sinpatikoagoa zen. Eta bazen "Black Blanc Beur" lelo mitikoa, gure ezker-sena bixi-bixia atxikitzeko...

Eta gero, aitak eta amak laxatzen zaituztelarik (baxoa ukaiten baduzu), Euskal Selekzioaren partidak ezagutzen dituzu... Negu bete-betean, René-ren autobusa Donianeko merkatu-estalian edo Baionako Saintandren, Bilbon besta egun osoa, matxa San Mamesen (Ibarretxe txistukatuz lehenik), Kafe Antzokia gauaz... Eta hortik goiti, ala jinkoa, begilagun berriak: lizeo garaian, Marseille Donostia baino hurbilago zitzaizun, bainan hor, Bilboko kaña afrusetan ito zintezke asteburu guziz posible balitz. Eta ez denez posible, ondoko urteko hitzordu mitikoaren zain egoiten zira... partida Euskal Selekzioa/Mazedonia izanik ere...

Action -> Reaction Bea: eriak gurutzaturik egoiteko partez, mutiko hori eremazu San Mamesera! Athleticen partidara haatik, Euskal Selekzioa krisialdian baita (Atez-atekoarengatik? Podemosengatik?)... Bon, esplikatu beharko dakozu zergatik nehor ez den euskaraz ari, eta 80/100 euro gostako zaizu sartzea (bai: Pirritx ta Porrotx baino makurragoak dira), bainan herri-atxikimendua sustatzeko inbertsio segurra da hango giro paregabea. Gero berak eginen du hautua: Athletic ala Erreala (non-eta ez duen Eibar nahiago, edo Alaves, edo Osasuna, edo... Aviron Bayonnais, bainan Zizpa gaztetxekide forever after).