Gaur ostiraletako usaiako zereginez aparte, ez dut deus berezi egin, salbu ileak moztera joan naizela.
Egiaz, gaur konkretuki ez da deus berezi gertatu, ez bada azken hilabeteetan ohi baino denbora luzeagoaz sozializatu naizela supermerkatuan (bai, ene sozializazio leku printzipal eta bakarra da, kentzen bada ikastolako ataria zeinetatik tarrapatan eskapatzen naizen ardura).
Agian zurrunbiloan sartu aitzineko garaietako samurtasun eta leku ezagun zenbaitetara itzultzeko, hilabeteak arnasa estu ibiltzeaz akiturik. Aspaldian utzi ohitura batzuei berriz lotzea, zigarretari bezala hots, edo arno xuri edateari.
Agian bururatu zaidalako hemendik zenbait astetara begietan dudan akats bat konpondu eta hutseginen balute, ez nukeela gehiago hain erraz hitzak hemen lerrokatzea. Eszenario potentzial beltzena.
Baliteke izatea anbizio handiko proiektu batekin hemendik aste zenbaitetara bukatzekotan garelako izan dela, jada ez baitugu zinezko erronkarik mahai gainean eta atzera begira jarriz gero sentimendua dena eman izanaz eta kolaboratzaile ikaragarriekin gertatu izanaz. Arrakasta pertsonal berezi horiek, Asko ikasirik, zerbait irakatsirik.
Edo baliteke beste gisaz akiduraz nigar eginen nukeela ez banintz idazten jarriko eta usaian baino oraino anitzez itsusiagoa nintzateke orduan.
Gaurko mantrak zioen: "ez da deus hain balio handikorik nork bere buruaren baitako konfiantza baino". Bitxia. Bulta luze honetan, hainbeste faltan dudan gauza izanik preseski. Baliteke seinalea izatea?
Seguraski bada hona jitea sekretuki hainbeste estimatu lankide batekin solasaldi askatzaile bat ukanik, galdurik nuen esperantza eta kemena berriz piztu izana.
Aldiz, ez da batere arrazoina ondoko hilabeteetan etorkizun profesionala zein izanen den ez dudala ideiarik, egunez egun ideia hori haizatzen noalako eta doia futitzen ikasten hasia bainaiz.
Ene baitan barna badakit barne jario metatu eta kontenitua noizbait, nolazpait askatzen hasi behar dela.
Ororen buru, asteetako itxaropen, lorpen, etsipen, buruhauste, ekimen berri, ekintza kolaboratibo, ikasgai hartze, kafe kikerakada eta tisana ayurvediko pinta, klase programazio kilometriko, ebaluaketa kausitu, autoebaluaketa saio nigargarri, kexaldi, ordenagailu aurreko oren eta irentsitako ogitarteko pusken zurrunbilotik burua ateratu nahi eta ahalegintzen naizen momentuan, hitz egiteko beharra ukan eta...
...eta lagun bakar bat ez dut atxeman disponiblerik, ez eta Whatsapp-en ere.
3 iruzkin:
Supermerkatura itzuli beharko duzu berriz. Arrandegian jende aski jatorra izaten da.
A ez, otoi, ez supermerkatura berriz... Zaharrak saiatzen dira ene atentzioa monopolisatzen azaltzeko nola prestatzen duten atuna, kixkilak nik dakita.
Baina errazu! Ausarta zira! Orain vampirisa zaitzaket ene gora beherak kondatuz, ongi neurtu al zenuen? :P
Whatsappa gainbaloratua dago (eta sare sozialak). Zatooooz.... zatooooz blogera.... (lamien kantua).
Argitaratu iruzkina