Gaur zer pentsatua eman dit elkarrizketa eleanitzen eta inter-ulermenaren gaiak eta hainbat ohar interesgarri irakurri ditut @garaigoikoa eta @ZEtxeburua -ren txioetatik.
Duela zenbait aste TELP tailer batean hasi zen kontua aipatu zirelarik “elkarrizketa eleanitzak”.
Planteamendua argia zen eta interesgarria: hizkuntza desberdinak menperatzen dituzten jende artean bakoitzak bere hizkuntzan komunika dezake, aitzinetik jakinik pareko guziek ulertzen dutela.
Orduan, ikusi nion interes anitz eta ikusten dizkiot oraindik.
Elkar-ulermena segurtatua izanik, euskaldunek ateak idekiak genituzke gure hizkuntzan aritzeko eta parekoak nahi duen hartan erantzuteko eta bide beretik ikasteko prozesu batean sartua denak aukerak ditu euskararen entzuteko eta biziarazteko, baita hizkuntzaz den pertzepzioa aldatzeko.
Euskara ikasten dutenen artean, anitz dira euskararen ulermen ona dutenak baina erabiltzeko gai ez direnak senditzen, arrazoin desberdinengatik: lotsa, hizkuntz gaitasun eskasa, euskaraz komunikatzeko eta nabardurak adierazteko zehaztasun mailarik ez ukatea, nik dakita. Gure ikasleak ez dira ausartzen euskaraz egitera eta ondorioz guhaur eramaten gaituzte erdarara.
Elkarrizketa eleanitzaren planteamenduak ekar dezake frango alde horretatik. Ulermena duenari hizkuntzarekin harremanean iragan denbora handitzen dio, seguraski zerbait ikasiko du, motibazioan eragin dezake. Euskaldunari uzten dio bere hizkuntza erabiltzen.
Horretaz gain, nik uste, euskalduntzearen helburua bada ere tarteko hiztun horiek sortzea, aktibatzea, dela delakoa. Badakigu hiztun ez izatetik, hiztun konpetentea izateko bidea, abaniko guzia badela eta horien artean ulermen maila onak dutenak baina espresio eskasa eta horrelakoak: horiek guziak ere euskarak beharrezkoak ditu (egun batez bidea bukatu eta hiztun osoak izanen direlako esperantzarekin, noski) baina berez HEAk sortzen dituen elementuak dira eta, horiek ere, inportanteak dira. Gainditu behar dena da ez daitezen horretan geldi eta urrungao joateko gogo eta ahalak izan ditzaten. Eta bidean "zerbait" eskaini beharko zaie horiei ere, adibidez horrelako elkarrizketa eleanitzetako partaide izatea.
Halere, ene ezjakintasun osotik, aitortzen dut, badut zalantza bat ea noraino eraman daitekeen planteamendua eta lerratzera utzi behar ez litzatekeen kontua dela.
Elkarrizketa eleanitzak usu gertatzen dira ikasle-irakasle artean, hau da kontestu pedagogiko batean eta, normalki, horrek iraupen mugatua izanen du, ikasleak gaitasuna ulermenetik haratago garatu duelako, azken xedea hiztun “osoa” edo izatea baita bai bata bai bestearen helburua. Normalki, fase hori aski laster gainditzen da heltzeko bigarrenera: betikoa, sekulako pazientzia galdetzen duen elkarrizketa elebakarra, gaitasunik ez duenari hizkuntza sinplifikatuan aritzea suposatzen duena, itzulika aritzea, errepikatzea. Biziki nekagarria, bi partaideentzat.
Bestalde, elkarrizketa eleanitzak gertatzen omen dira maiz, diotenez (nik ez baitut holakorik ikusi sekulan) katalanen eta euskaldunen artean. Kasu honetan bi hizkuntza parekideren artean erranen dugu. Eta hiztunek ere kasu horretan bata bestearen parekide kontsideratuko dute gehienetan.
Bizkitartean, kontestu pedagogikoetatik hara, neke zait irudikatzea gizarte bat zeinetan jendeek hitz egin lezaketen, berdintasun osoan, bakoitzak bere hizkuntzan. Hasteko, beti gelditzen garelako hiztun minoritario gisa hizkuntza nagusien parean (ez lidake arrangura berdina sortuko, bideo honetan bezala, hizkuntza nagusien arteko antzeko ohiturak) Gero elkarrizketa mota horiek muga bat izanen dute, oinarrizko komunikazioetarako, ohiko kontuak aipatzeko. Nik uste, komunikazio gaiak eta eginkizunak, konplexutasun eta xede handiagoa duenean, nahi ala ez amankomunean den hizkuntzan tratatuko da gaia, segurtatzeko denek ber gauza ulertu dutela eta kasu horretan, euskarari doakionez, erdaraz iraganen da. Eta honek zein ondorio luke? Pertzepzioan alderantzizko efetua eragitea hasteko.
Halere, horrelako elkarrizketa eleanitzak bultzatzea ikasleengan normala eta probetxugarria iduritzen zaidan bezala, arriskutsua iduritzen zait gizarte eredu gisa ulertuko balitz. Eta niretzat arriskua litzateke ikasten ari denak, ulermen gaitasunetik haratago ez duenak, egiteko molde horrekin ondoriozta dezan aski duela horrela, ez duelako nehor trabatzen, eginkizun arrunt sinpleak egiteko nahiko duela eta ez duela gehiagoren ikastearen beharrik, azken finean. Eta arriskutsua nihaur eta beste hiztunak heltzea garai batera zeinetan euskaraz eginen genukeen baina nehork ez gure hizkuntzan erantzunen.
Agian muturrera joatea da eta mamuak ikustea ez diren lekuan baina sortu didan sentimendua da, bitarteko egokia izan daitekeela baina lerratzera heldu behar ez lukeena.
6 iruzkin:
Hausnarketa interesgarria egin duzuna Bea. Telp dinamizatzaile naizen aldetik, zehaztapen batzuk gehitu nahi nituzke.
Ikastetxeetako testuinguruan, irakasle eta ikasleen arteko harremanetan, nik uste, harreman horietan testuinguruari erreparatu behar zaio: ikasleak euskaraz ondo ikastea irakaslearen helburuetako bat. Beraz, ikasleari euskaraz egiteko eskatzea testuinguru horretan ulertu daiteke eta ez da bestearen eskubideen kontra egiten den zerbait. Elkarrizketa elebidunak, beraz, ez nituzke ikastetxeetan irakasle eta ikasleen arteko harremanen helburu gisa ikusiko, inondik ere. Baliagarriak izan daitezke une jakin batzuetan, baina ez helburu.
Beste testuinguru batzuetarako egokia ikusten dut nik, non beste pertsona ezin duzun behartu zuk nahi duzun hizkuntzan hitz egiten (bere eskubideak ditu, zuk zureak dituzun bezala). Testuinguru horretan da baliagarria batez ere. Noski, beste pertsona horrek ulermen osoa izatea garrantzitsua da, zuk aipatzen dituzun zalantzak (ulertuko nau, zer neurritaraino?...) saihesteko.
Gizarte eredu gisa elkarrizketa eleaniztunak bultzatzeak sortzen dizkizun zalantzen inguruan, ez dugu esaterik etorkizuna nolakoa izango den, baina iruditzen zait hizkuntza ezberdinen arteko hiztunen artean elkarbizitzarako gakoetako bat izan daitekeela (ez bakarra, noski). Hiztunen arteko elkarrekiko errespetua lantzeko balio du eta gainera hizkuntzei buruzko pertzepzioetan eragiteko balioko du, kasu honetan euskararen aldekoa izango delakoan nago. Gainera, kontuan izan behar dugu euskararen lurraldearen toki batzuetan etorkizunera begira ia jende guztiak euskarazko ereduetan ikasitakoa izango dela, beraz euskara jakingo du, baina erabiliko duen edo ez, beste faktore askoren menpe egongo da. Batzuk erdararen aldeko hautua egiten badute, zer egin? Beraiek aukeratzen duten hizkuntzara egokitu beharko gara gu? Hori nahi dugu guk? Elkarrizketa elebidunak irtenbide bat izan daitezke. Beste proposamen batzuk baztertu gabe.
Juanjo
Mikle Irizarrek ere, bere blogean gai honi buruz idatzi du:
http://blogak.goiena.eus/piperrautsa/2014/12/02/ez-dut-euskara-ikasi-nahi/
Aupa.
Planteamendua ulertzen dut eta tresna baliagarritzat iduritzen zait. Epe jakin batean. Ezagutzen udan egoeran, zalantzan jarraitzen dut, ea hori denez elkarbizitza desiragarri bat.
Horrelako elkarrizketak burutu izan ditugu, beste garai batzuetan, Iparraldean gaindi ziren errefuxiatuekin. Horietarik anitz euskarazko ulermen maila onarekin ibiltzen ziren, euskaraz egiten genien eta haiek guri espaniolez. Oinarrizko komunikazio bat permititzen zuen eta bazen kideen arteko errespetua. Haatik, ez dute sekulan euskara ikasi. Ez frantsesa ere ez (nahiz frantsesaren ikasteko presio sozial eta behar handia izan) eta nik ez dut sekulan espaniola mintzatu. Eta ez dut eginen, arrazoin pertsonal batzuengatik, batez ere hizkuntza horretaz dudan pertzepzioa ez delako aldatu.
Milesker honaino jinik eta informazio horiek guziak emanik! ;)
bikain bildu duzu, Bea, eta bat nator diozunarekin. Ezin gehiago gehitu.
Elkarrizketa elebidunen abantaila nagusia, nire ustez, talde ia-euskaldunetan izan dezakeen eragina da: hainbatetan gertatzen da euskaraz egingo lukeen talde batean euskaraz ez dakien norbait egotea (norbaiten bikotea, lankidea, gurasoa...). Automatikoki aldatzen da taldearen hizkuntza halakoetan, nahiz eta maiz erdalduna gai den euskara ulertzeko. Erdaldunak aho ireki eta gazteleraz erantzuten duenean, beste guztiak automatikoki gaztelerara pasatzen gara normalean, nahiz eta erdaldunak erakutsi duen euskara ulertzeko gai dela. Eta horrek frustrazio bikoitza eragin dezake: hizkunta aldatzen duenarengan eta hizkunta aldarazi duenarengan. Eta maiz, beharrik gabe.
Beste kontu bat da bi pertsonen arteko elkarrizketetan. Halakoetarako ez zait baliagarria iruditzen.
Alde batera utzirik hemen aipatzen den gaiaren inguruko iruzkinak, argitu nahi nuke ez dagoela elkarrizketa "eleanitzik". Elkarrizketa aniztunak izan daitezke, eta anizkoak (ez du horrek nahitaez erran nahi "Aniz" izeneko herrikoak direla, zernahi gisaz) baina nekez anitzak. Sortzetik "a(u)nitz" ibiltzen dugun anitzi belarriko mina egiten digu "elkarrizketa anitzak" bezalakoak entzuteak. Zergatik ez elkarrizketa "hizketaskoak" edo "eleaskoak"? Jendeari arrotza eginen litzaiokeelako? Guri ere gauza bera gertatzen zaigu. Ezin dira ibili nolanahi ongi ezagutzen ez diren euskakietako hitzak.
Barka, ez da hau Bearen kontua, hedatua dago batzuen artean, baina artikulua aprobetxatu nahi izan dut.
Pello Salaburu
Argitaratu iruzkina