Bizian ezagutu zituen gora behera guziei buru egiten jakin izan zuen pertsona zen. Baldintza gogorretan bizi izana. Lan asko egin izan duena. Orenak sekulan kondatu gabe ari zena. Talde , elkarte, sindikatu, mugimendu politiko anitzetan inplikatua. Meritu handikoa. Bazituen itzal zenbait, bai, baina kritikatzera hain gutxi ausartuko zen jendea, azken batean, “itzal ttipia” baitzen gaineratekoari konparatuz.
Peio ez zen peontzan ibiltzen zen horietakoa. Ez zen sekulan hainbeste ibili peontzan. Lan garbiagoak egiteko usaia baitzuen eta, denbora aitzina joan arau, gisa batez, bidea berak markatzeko ohitura hartua zuen. Besteak bere erranetara. Nahiz ala bortxaz.
Izan ziren pertsona zenbait buru egin ziotenak. Ezin zuen jasan buru egin izana, bere proposamenekin ez bat izatea, ez arrazoin ukaitea. Arrazoin ukaitea. Ez zitzaizkio sobera gustatzen moldatzea, besteei egokitzea eta holakoak. Itzal ttipiak.
Urteak joan arau, bizarra haztera utzi eta ikasi zuen “oldarkorren” menperatzen eta trabatik baztertzen. Garbiki, noski. Peio ez baitzen sekulan fisikoki bortitza izan, bere erranak eta eginak beti errespetuaren mugetan egon baitziren, behintzat gizarteak zigor dezakeen solasik ez zuen erabili, ez sexistarik, ez iraingarririk, ez diskriminatzailerik, ez.
Holakoak egitetik begiratu zen, ahal bezainbat. Nahiz batzuetan eskapatu izan zitzaizkion zenbait ele “ez egoki” baina “Tira, gaizki ulertuak dira, besterik ez.”
Menperatzen zituen hainbat teknika, finki baliatzen zituenak, aldizka edo menderatu nahi zuen pertsonaren, egoeraren arabera hautatuak... mahasmena, kulpabilizazioa, infantilizazioa, desbideratzea, hierarkikoki gainekoa izatea... Trebea denak beti asmatzen baitu zerbait eta bere finetara heltzeko baitaki nola molda.
Izan ziren, noizbait, bizpahiru abentura, ezdeusak: omen jokamolde sexista zuela salatu zuenekoa batek, eta beste behin beste batek leporatu izan zion jarrera baztertzaile eta inposatzailea ukaitea.
Zorionez erran-merran horiek ez zuten ondoriorik ukan eta oro har gutxi zuten trabatu bere ibilbide orria.
Zigorgarria denaren mugetan ibiltzeko trebea zen Peio.
Ikasia baitzen.
Batez ere, oraino ez baitzuen nehork atxeman molderik, une eta gune egokirik, deusen salatzeko, azaleratzeko, tratatzeko.
Hilabeteak, urteak ere berdin, joan ziren eta piskanaka Peiok lortu zuen bere inguruko jende gehienaren moldatzen.
Alta, noizbait arratsalde hori heldu zen, zeinetan lagun baten egoera eta berekiko harreman gorabeheratsu horren inguruko xehetasun eta kondaketa jasanezina egin baitzizaion talde osoari.
“Guk, denek elkarrekin, ez dugu gehiago zure beldurrik.”
Argazkia: I love plastic by Joao Santos
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina