Hegoaldeko anai-arreba maite eta
preziatuok,
Nahi nuke baliatu Eneko Bidegainek,
gaurko Berrian plazaratu iritzi-istorio ttipiaz, umore aferak direla-eta, eskaera berezi baten
egiteko. Enekok ez duke ahantzi “bazkariaren txistea”-ren kontua,
pentsatzen dut karaktere kopuruak ez ziola emanen zerrenda exaustiboa
egiteko bizitzen ditugun gora behera nazionalki deseraikitzaile
guziez.
Betiko “Addddio, zerrr berrri?
Un-txa?” iparraldekoen imitazio saioa baino eskarniatze garbitik
(eta tristetik) eta beste hainbat kontutik haratago, nik badut
“bazkalorduaren gaia” zintzurrean tresbeska.
Beraz gaurkoaz
baliatuko naiz mesede pertsonal argi baten galdetzeko, nahi nukeena kondutan hartzea umorea egiteko orduan... Ene eskaria betetzen ez baduzue betetzen ez zaituztet gutxiago maitatuko. Aldiz, betez gero, estimatuko zaituztet piskat gehiago.
Gure erritmo kronobiologikoak baino
segurrago gure ohiturak dira eguerditan bazkaltzea. Lurralde
frangotan bezala. Ez arratsalde erditan. Ez inglesek bezala goizeko
hamaiketan. Eguerdi eta erdiak aldera, oren batean berantenik. Beste
gisa batez gertatzen bazaigu arrazoin praktiko zenbaitengatik izanen
da. Ez dugu guk hautatu eta ez dugu nahitara egiten originalak
izateko: hola heziak izan gira eta ingurumen osoa (lan ordutegiak,
jatetxeenak, eskoletakoak...) horren arabera antolatuak dira. Gisa
berean Gasteiz edo Bilbon arratsaldeko bietatik goiti bazkaltzen da.
Bigarren hauen kasuan ez badu zer erranik ematen, iparraldekoen
“maniak” bai.
Horiek hola, erregularki, hegoaldean
gaindi gabiltzalarik nahiz hango batzuk gure artean daudenean, jasan
beharra da, goiz edo berant, kasik sistematikoki, ohar bat: “Ez
zarete oraindik gose?”, “To iparraldeko bat sagar batekin eskuan,
hamabiak dira ala?!” eta holakoak. Karkaila ozenez lagunduak izaten
dira usu. Irresistibleak.
Eta horiek mingarriak dira, zeren,
ororen buru, gu beti saiatzen baikira egokitzen, baina batzuetan
fisikoki zaila da. Haratago, extralurtarren gisan sendiarazten gaitu.
Alta, jateko tenoreekin bagenuke zer
konda. Abenturak diot.
Kondatuko dizkizuet bizpahiru istorio.
Xeheki, ez bainiz karakteretan mugatua...
Duela zenbait urte, erregularki joan
nintzen zenbait astez Agurain alderaino, formakuntza saio batzuen
jarraitzera. Saioak goizeko hamarretan hasten ziren eta arratsaldeko
bietan bukatzen, normalki. Normalki diot, zeren anitzetan luzatzen
baitziren biak eta erdiak arte. Goizeko hamarretan hastea, ez da goiz
hastea, salbu hamarretan hasteko kasik 200 kilometro egin behar
dituzunean eta goizeko seiak eta erditan haskaldurik ibili, bide
luzea egin ondoan, arratsaldeko hiruak arte zerbait irentsi aitzin.
Saio horietarik batean, tenore batetik landa, zinez gaizki senditzen
hasi nintzen, hainbesteraino nun azken bi orduetan erran izan ziren
gauza guzietarik bakar bat ere ez bainuen gogoan atxiki. Okerrena
izan zen “bazkariaren txistea” entzun ondoan, jasan behar izan
nuela ordu erdi eskapatzera uzten ez ninduen kidearen solasa. Jada
tenorea ontsa aitzinatua zela, ez nuen gehiago goserik ere. Autora
igo, piztu eta autopistan sartu bezain laster, gelditu behar izan
nuen lehen gunean, gustu eta itxura mikorik gabeko ogitarteko baten
kliskatzeko. Abentura horrek guziak nekatu ninduenez, ene lankide
batekin egin izan genuen bezala beste batzuetan ere, autopistako
gunean berean lo kuluxka bat egin nuen berriz abiatu aitzin. Alta, ez
zen egun zaila izan, nekagarria, baina niri kolpeko erritmo aldaketak
akidura handia eragin zidan.
Gogoan dut beste behin, bulegora deitu
nindutela nik dakita nundik, lankide baten berri galdetzeko. Izan
ere, sei orduko bilera amaigabe batean, zeinetan gai guziak hain
premiazkoak ziren nun ezin baitzen ez eta momentu batez pausarik egin
(kidea ez ausartuko ateratzera), gure laguna alditxartu zen. Lurretik
altxa zuten, zurpaila, eta handik momentu batera, hobeki zelakoan,
utzi zuten abiatzen etxeruntz, kezkaturik bainan ez gehiegi. Handik
landa, seguraski jabetuz kontuaren larritasunaz, frango
arranguraturik deitu gintuzten jakiteko ea heldu zenez eta helduko
zenean abisatzeko, mesedez. Noski, egun hartan, egoera zein zen eta,
ez zen txisterik egin.
Praktika doia ere nuen, garai batez
(baina orduan gaztea nintzen, erreski soportatzen nuen), igandeetako
bost plateretako bazkariez hegoaldeko familietan, arratsaldeko
lauetan hasten diren horiek. Enetako, infernua. Etxeko amaren errespetuz, ezin deus
ahoratu. Halere, gutxienez, “Zer? Gose?”-rik ez. Xantza.
Paraleloan, nahi nuke jakin iparraldeko
zeini ez zaion gertatu pairatzea hegoaldeko ordutegia jatetxeetan.
Behin, bilera bat goiz bukaturik, Bilboko karriketan barna abiatu
ginen leku bila zerbait jateko. Goizegi zenez, denek ukatu ziguten
bazkaltzea.
Eta konda dezadan azkenik, nihaurek
ukan ditudan buruhausteak, aldi honetan iparraldera etorri izan
direnean hegoaldekoak! Kasu honetan alderantziz, lortzeko leku bat
nun bazkaltzen ahalko genuen ez berantegi, baina ez goizegi ere ez...
Mundua aldrebes.
Gertatu izan dira horrelakoak,
trumilka. Eta kasik aldi oro, irrifar handi batekin, entzun behar
izanen genuen “Gosetua, ezta?” eta asistentzia guzia irri gizenez
ha-ha-ha...
Hasiera batean “bazkalorduaren
txisteak” graziarik egin gabe, irrifar bat eragiten zidan, elkarri
deus erratekorik ez denean eta betiko kontuez ari garenean bezala,
aroaz bi zozokeria erraten direnean bezala, politeziaz,
jendetasunez.. ez dakit, irri egiten nuen. Zozoki.
Geroago hasi nintzen aspertzen
kontuarekin, azkenean etengabeko repetita bat baitzen eta bestalde
beti, behin eta berriz, betiko, kontuak azpimarratzen zuelako ez
nintzela “hangoa”, beste nonbaitekoa baizik, beste ohitura
batzuekin, bitxiak, ez “berdinak”. Lurralde urrun eta ezezagun
horretakoa zeinetaz asko hitzegin baina gutxi jakin edo galdetzen
den. IparraldeA izan gabe, Iparralde, Obaba gisako bat, baina
zeinetako jendearen egiazki gurutzatzeko suertea baden noizbehinka.
Enekok diona: deseraikuntza nazionala.
Gaur, txistea entzuten dudanean, ez dut
gehiago deus erraten. Ez dit eragiten erreakzio fisiko ikusgarririk.
Gure aitak erraten baitzigun pertsona izaten jakitea bizirauteko
lehen baldintza dela, politeziaz eta errespetuz jokatzen dut bizikide
edo herkide kontsideratzen ditudanekin.
Horiek hola, hegoaldeko kide, lerro
hauek irakurri ondoan, gogoan atxik ZUEN bazkalordu arraroengatik
ixiltzen garela maiz, sufritzen dugula ia beti. Iparralden bizi baina
gabatxoak izateaz defendatzen garenok, praktikak egokitzen saiatzen
garela gauden lekuaren arabera eta jasangaitza zaigula azpimarratzen
denean gure desberdintasuna, bitxikeria, urruntasuna. Badakigu,
espero dugu, ez duzuela nahitara egiten, ez gaiztoki. Sinetsi nahi
dut ez zaretela jabetzen pairatzen dugunaz, bai fisikoki, bai
mentalki. Haatik ordu litzateke ohartzeko eta aldatzeko.
Hortik, bihotzetik eskertuko dizut, otoi, hemendik aitzina,
gurutzatuko badugu elkar, ez egitea ateraldirik apairu tenoreen
inguruan. Mesede eginen didazu, diozu zure buruari, diozu gure
herriari.
Metzi Pitzitzi
Pott.
8 iruzkin:
Bitxi bada ere, ene lantokian (Aretxabaletan) 12tan tanko joaten gara bazkaltzera, ontsalaz. Eta ez da nik sortu nuen ohitura. Hango ohitura hori da. Klaseen ordutegiak badu eragina, bistan da. Baita ere lana goizeko 8ak baino lehen hasteak. Bai bai, entzun izan dut "Iparraldeko orduan" bazkaltzen dutela, baina hola da.
Ezagutzen ditut Hegoaldekoak erraten dutenak haien gurasoek (laborariak gehienetan) gure tenore berean bazkaltzen dutela. Beraz azter daiteke hobeki nondik datorren berant bazkaltze hori.
Bestalde, guk etxean 13:30ean bazkaltzen genuen beti, aita tenore hartan itzultzen zelako lanetik; eta afaldu 20:30ean, arrazoi berarengatik. Ene lehengusuen etxaldean oraino berantago dena...
Eman dituzun azalpenak biziki onak dira. Anitz gustatu zait zure artikulua.
Blogak ez dira hilak! Milesker zure iritziaz Eneko eta milesker loreengatik (bala bezala atera zait alta)
Elkartasun piska bat merezi zenuen, topiko horien salaketan.
Gurean ere beti tenore desberdinetan bazkaldu eta afaldu izan dugu eta gainera aldakor sasoiaren arabera.
Ez dira gauza larriak jendeak erraten dituenak, umorea da eta frangotan hutsuneak betetzeko erraten direnak, baina egia da segregatzaileak ere direla, pozoina, sustut bateratzea defenditzen dugun tenorean.
Ni, ez naiz gehiago kexatzen, idatzi dudanak beste gisaz sinestarazten ahal badu ere. Ene pena bakarra izaten da, kasu honetan beste hainbatetan bezala, eredua emana delarik, hurbilketa definitua unilateralki, hau da denak egokitu beharrean, batzuek urratsak eman beharra. Baina hori, istorio luzea da. ;)
Metxi eta ondoko arte!!
Bea
Oso ona, Bea!
Badakizu orain 20-25 urte guk ere 12,30etan-ordu batean bazkaltzen genuela? Igandeetan, beranduago, baina astean zehar hala. Orain ere, eskola umeak 12-12,30etan irteten dira eta eskolara itzuli 2,30-3rak. Beraz, berria da hain berandu bazkaltzea. Ohitura espainola hartu dugu!
Afadu ere 8ak aldera afaltzen genuen etxean. Horretara, ez dakit zer dela eta hainbeste txiste!
Baina ez haserretu, e! ;-)
Bistan da! Gertatu zait entzutea holakoak ere. Anitz.
Gainera konbentzitu izan dudanean norbait bazkaltzeko goiz, egunaren bukaeran erran izan dit ongi zoakiola azkenean. Kasik hobeki iragan zuela arratsaldea! Ez bada afaria urrun zuela...
;)
Pitzitzi, hemen basurde gosetua: biba hi! GUtik mintza gaitezen GUtaz.Xerka ditzagu pundu amankomunak, komunean adibidez. Eta Iruñeako langile-artisauak, ondoan ditinat beti bazkalorduan, ene, gure tenorean. Berdin gosetuak. Bi ordutegiak dastatu eta, maite dinat erritmo goiztiar hori, sanoagoa eta osasungarriagoa iduritzen zaidan. Jendea naizen aldetik, ez Iparraldekoa, hau, ez baitut nik hautatu. Estatu kolonizatzaileek inposatu kulturen arabera guk ere gureA; gure artekoa definituko ote dugu? Irentsi dezagun elkarren sexu gehiago! Sobera goiz, sobera berandu gabe!
Metxi Basurde! Iruneakoak aipatzen baitituzu, nik beti erran dut, horiek dira errexen moldatuko ditugunak dena tripa joko baitira ;)
Espainiar ordutegia da anomaloa, Europa osoan goiz bazkaltzen/afaltzen baita.
Kontuan har ezazue, halere, 14.00etan bazkaltzen duen jende horrek "hamaiketako" on bat behar izaten duela, zutik iraungo badu.
Basurdearekin guziz ados!!!
Ongi izan!
Argitaratu iruzkina