2014/02/21

Euskara, ura eta baso neurriak

Gisa batez, euskararen istorioa da. Nahi dugun horrena, ezin denarena, behar litekeenarena, eskutan duguna eta ez dugunarena.
Haatik ez da baso erdi bete ala erdi hutsaren istorioa. Beste bat da.

Demagun behar dudala pinta bat ur edan. Egunero. Bestenez hilen naiz. Horretarako eskura eman didate baso tipi bat eta basotara bat zerbitzatzen zait noizbehinka. Baso tipi bat ur ukaiten dut egunero, pinta bat edan beharrean. Nik handiagoa eskaturik ere, emana izan zaidan basoa arrunt baso tipia da. Alta, erran nuen behar nuela baso handi bat, ene ur pinta errazki zerbitzatu ahal izateko eta molde ahalik eta erosoenean edan ahal izateko.


Baina ematen didate ur basotara tipi bat egunero. Gaineratekoa edateko (ez badut hil nahi behintzat) moldatu behar dut ene aldetik.

Ez dizuet kondatuko ene bizia zein konplikatua bilakatua den. Basotara tipi bat, leher egiteko egarria, beti joan jinka ibili behar eta ur bila, segurtatu beharra likidorik aski atxeman eta hartu izana biharamun arte irauteko.... eta biharamunean, berriz haste, gorriak eta bi beti komedia berarekin.

Edalontzi handiagoa galdegina dut aspaldian. Erantzuna izan zait baietz, noizbait agian ene eskaera kondutan hartua izanen dela. Arduradunek badakite ene arrangura eta ezinegona, diotenez ulertzen naute eta ene eskaria justifikatutzat ematen dute, noski. Bizkitartean, adierazi didate ere ez nukeela sobera nigar egin behar, jadanik ur basotara tipi hori anitz baita! Izan zitekeen gutxiago! Eta ez da errana iraunen duela gainera... Eta holakoak.
Denek badakite behar handia dudala eta arrazoina ere ematen didate, diote prest liratekeela ene kasuaren defendatzeko baina kontestua ez omen da hoberena azken garaietan... 

Jada inguruko batzuek ere diote ez nukeela pleinitu behar, den horrekin saiatu behar dela ahalik eta hobekien moldatzen, anbizio handiegia kaltegarria gerta dakidakeela, ikasi behar dela errealitatea onartzen.

Ni, ene baso tipia, ur xirripa, nehor gutxiri axola zaizkion ene buruhausteak, jarria zaidan kuadroa, baldintzak, medioak: hala zertaratua naizen.
Alta, baliteke soluzio bat, aski sinplea funtsean: baso handiago baten hartzea. Pinta bateko baso handi bat. Ale, pinta erdiko bi... Baso handiagoa zer!
Gure ohiko kuadroei, egimoldeei, gainetik jarriak zaizkigun agindu eta baldintzei hainbesteraino jarriak gara nun, seguraski, ene eskaera bideratzeko urteak beharko diren. Urteak. Bakarrik norbait ohartzeko zerbait oker dela eta hasteko pentsatzen, arduradunak ohartzeko dena sinplifika lezakeela edalontziaren neurria aldatzea. Beste hainbeste urte edalontzia ekoitzi, bideratu eta etxeraino heldu artean.

Hots, euskararekin berdin da: inposatuak diren baldintzei ohitu, gure egimoldeak etengabe “utzia” zaigunari egokituz, ahal bezainbat egiteko ahal bezain guttirekin, marren artean jokatzen, izerditan egoteko bi lan ttippittorengatik. Beste guzia... begi bistan eta ezin ekin!
Ahantzi gabe, horren guziarengatik, eskerrak eman beharko genituzkeela.

Argazkia: La gota que colma el baso by Javier Pais

iruzkinik ez: