...si vous venez pas, c'est pas grave.
Joan den egun batean, arratsalde apalez, aspaldian ezagutzen dudan mutiko bat laguntzeko, « brigada » bat muntatu genuen afitxaketa egiteko.
Afitxak ekitaldi bati buruzkoak ziren, aski arruntak, bi logo, elebidunak, euskara lehenetsia (beraz agerian frantsesari konparatuz), oinarrizko informazioz osatuak: data, tokia, zer den, ordua.
Badakigu euskararen presentziaren miserabilismoa zertan den. Halere, zinez, objektiboki, arras ulergarria zen afitxa, euskaraz ez jakinik ere, lehen begi kolpean berean, bederen zer zen eta nun ulertzeko gisakoa.
Baionako galeria komertzial haundienetarik batean ginela, batak traktak banatzen, besteak afitxak kolatzen, hara nun gertatu ginen okindegi batean. Kidea afitxa ezartzen ari zela berinazko ate gisako baten gainean, hurbildu zitzaion gizon bat, gelditu so eta aski ozenki eta goratik, kasik mespretsuz, idorki, erran zion, :
- Non, mais, monsieur, votre affiche, on comprend... rien! Ca rime à quoi? Personne viendra. Pourquoi vous l'écrivez pas en français?
Presarik gabe, kideak, azken skotxa puska pausatzea bukatu zuen lasai, altxatu zen, gizonari begietara zuzen behatu zion, lepoa luzatuz, eta erdi ahapetik erran:
- Déjà, pour commencer, si vous, vous venez pas, c'est pas grave.
Itzuli eta segitu zuen ondoko saltegiraino, alegia deusez.
Badakit euskarari buruzko gauzetan, eguna zein eta tendentzia duela, izigarriko kilika izateko, hortan arras ongi ulertzen dut. Halere, irri pare bat egin ondoan, tarte labur batez hasi nintzen sinesten bestalde egiten ahalko genuela, saihestu, azaldu, nik dakita, gisakoak izan. Baina, zinez, zer erran beharko genion holakoari? Zernahi ere, uste dut berdin zela, ez genuen bere horretatik mugiaraziko milimetro batez.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina