Zer da bada arkina? Arkina da ardi kakaz eta ihaurgiz osatu ongarria. Hau da:
Iraganaren berpizteko gaitasuna duen ekai eraginkorrena ez da enetako Proust-en Madalena bezain sofistikatua, ez eta ere, batzuek pentsatuko duten bezala hau irakurtzen luzatu ondoan, barkatu mitoa apurtzea, mandarina bat bezain exotikoa. Baina ezin diot deus alda: bakoitza nondik datorren!
Nola gerta, arkin usaina sobera bortitza bada edo denbora gehiegi iragaiten badut bere presentzian, ene barne zauri handienen isuribideak urratzen ditu, dolu eta gehiegi ditudan damuei lekua eginez.
Baina gehienetan, arkinaren urrinak iragan denbora eztiki berpizten dit, aitzinean berean bainuen; ardi marrakari salbaien zalapartak, negu hotzean ahotik ketan zabaltzen zitzaien kalda, ardi jeisten gantzatu eskuen usai tzarra ahalik eta lasterren saboi eztiz uxatzen ahalegintzen ginena, esne haguntsuz bete kotsuak, galtzerdietatik trebes kolpatzen gintuzten iratze ziztak, borda baten maldan gainean genuen ekaitza atertu artean iragan tartea, xumi zakurraren xanpa treinkadaren bestaldetik.
Bizkotza puska bat trenpatuz dute edaten auherki iragan tarteak baino une gehiago eta goxoagoak oroitarazten dizkit, baita molde efikazagoan, borda zoko batera sartzeak; egon garen lekuak betirako baitira beteak gurekilan han egon pertsonez, haien hitzez eta keinuez, nik han gustura iragaiten ditut momentu luzeak.
Eta, bon, azken finean arkin artetik bainator ez du balio eskapatzen entseatzea eta haratago,filosofia piska bat izan dezagun, arkin artetik, beste edozein motako kakaren artetik mugitzen denean bezala, handik ere bada beti zerbait moldatzeko aukera entseatuz geroz.
Bihar, baratzean hedatzeko arkin kamioitara baten bila joatekoak gara. Jadanik berantetsia dut.
Argazkia: Jakes Larre
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina