2015/05/07

Lehenetsia

Programa informatikoetan, ordenagailuetan, bada beti programa lehenetsi jakin bat, ekintza jakin baten burutzeko: dokumentu mota bat zabaltzen denean, sistemak hautatzen du programa bat, aitzinetik ulertarazia izan zaion bezala (igual bere baitatik, nehork deus erran gabe), eginbeharrekoa burutzeko.
Programa aldatu nahi balitz, hautu hori bereziki egin beharko litzateke, berdin hobespen kontuan sartu,aldatu eta beste bat hautatzeko. Noski, manipulazio konplexutan sartzeko ahalegina ez da denen eskura. Artetik, gaurko egunean Chrome bezalako programa batek ekintza anitz desberdin burutu ditzake, batez ere google kondu batekin lotzen baduzu dena: faszinantea eta beldurgarria.

Programa horiek lehenetsiak dira. Eta hortan bukatuko da informatika kontua, zeren, bide horretatik, gaur ohartu naizenez, ni bainaiz lehentsitako gurasoa. Gaur jabetu naiz. Eskolatik deitu dute. Deitu naute. Ni. Beti deitzen naute, ni.

Beti bada guraso bat, aita ala ama, ez da genero kontu bat, baina bat, sistematikoki gogoratzen dena haurrentzat zerbait behar denean. Aitama horrek, hurbilagotik behatuko bagenu, beste hainbat gauza ere egiten ditu, berez, sekulan arautua izan gabe. Alta, berak ere lan egiten du, badu bizi bat, baina iduri du, logika batean, printzipioz, beti berari galdetu behar zaizkiola gauza domestikoak. Chrome gisako aitama bat. Faszinantea bezain beldurgarria.

Ardura beti aitama berak ikusten dira ikastolako atarian eta biltzarretan. Aitama bera da kakinarazten goizetik arrats negarrez marrumaka zerbait behar orduko. Normalki honek ditu ere haurren armairuak betetzen eta antolatzen, baita nortasun agirien eginarazteaz okupatzen. Aitama horrek ezagutzen ditu klaseko kide guzien izenak eta haien aitamenak eta telefono kontaktu zerrenda hornituena du: dentista, mediku, aseguru bulego, taxi, optikari, pizzeria, pediatria zerbitzu, ludoteka, … Aitama bera da, ilundu artean ez duena komunera bakean bi minutaz joateko esperantzarik ukaten ahal, ez eta atea gakoz hetsirik. Guraso honek ditu ere haurtzainaren opor egunen erreserbak eta ateraldietarako bete beharreko formulario-txostenak.

Beste burasoa hor da, ez dut nik kontrarioa erranen, gauza anitz egiten ditu, batzuetan ere hobeki antolatua izan daiteke eta (eskerrak) Oedipa konplexuak hor direla ere, preferentziekin batera, gaineratekoaren banatzeko ere. Oedipa libragarria deitzen diot nik. Baina kasu! Ez uste izan dena nik egiten dudanik; ez, aitortu behar dut erraz kexatu eta delegatzen ere badakidala. Diodana da, kanpotik, etxetik kanpoko norbaitek guregana etorri behar duenean, lehen kolpean beti ber gurasoa deitzen duela: ni. Eta, etxe barnean, deitzen, manipulatzen, txantaia egiten, galdezkatzen, …-tzen den lehena naizela. Gogotik egiten badut ere, nardatzen nau. Nardatzen nau aurreiritzi bati lotua baita. Eta nardatzen nau ene haurrek egiten dutelarik, ez baitute mugarik.

Hola da. Programa nagusian sartzea hori guzia aldatzeko ezinezkoa da. Urrunago, holako programazio neuro linguistiko kolektibo baten aitzinean garelarik eta programatua denari baizik ez badio kalte egiten, nekeago… Agian, agian, handituko direnean aldatuko da. Amets.

Argazkia: Binary

iruzkinik ez: