Meza horien zeremoniala biziki arautua izaten da. Mahai nagusian podere publikoetako ordezkari eta bozeramaileak buru dituzte eta euskalgintza osoa hurbiltzen da, egitura eta tendentzia guziak baturik. Mahaitik luzatzen dira lehen erranak: egina den guzia, denek dugun merezimendua, izan daitezkeen hutsen zuritzea. Gero uzten da tarte bat, ahalik eta laburrena bada hobe, iradokizun zenbaiten biltzeko, ahal bada oniritzi zabala eta aho batekoa.
Maite ditut meza horiek gure gogoeten plazarazteko lekuak direlako, ikuspegi kritikoa eta iradokizunak partekatzekoak. Holakoetan baizik ez baita parada zinez gure ikusmoldeak ozenki eta zuzenki helarazteko. Onengatik eta gaitzengatik.
Maite ditut meza horiek horietan gauza ageria baita guzientzat, euskalgintzak nehork baino hobeki dakiela zein den bidea, bere analisiak ezin pertinente eta zorrotzagoak baitira, hots begi bistakoa delako denentzat gure heldutasuna eta indarra, egin duguna eta jarraitzen duguna. Oroz gainetik gustatzen zaizkit momentu horiek oroitarazten baitigute zenbat garen ideia berak partekatzen eta elkarturik anitzez hobeak garela. Ebidentzia izan daiteke, alta egunerokotasunak jotzen gaituenean ez zaigu beti halakoa.
Holakoetatik maiz sartzen naiz etxera sentimendu biziki baikorrekin: familia handia gara, arrazoina guretako dugu, lanean segitzeko gogo handia eta beharra dugu denek.
Erran beharrekoak erranak dira. Entzun beharrekoak entzunak dira.
Ite, missa est.
Erran beharrekoak erranak dira. Entzun beharrekoak entzunak dira.
Ite, missa est.
Argazkia: Hindu devotion by Dey
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina