Ipar Euskal Herrian bizi dugun egoera linguistikoa ez dut luze eta zabal aipatuko. Euskararen transmisioaren gaiak ematen dizkidan buruhausteak baizik ez.
Aitamek haur bati euskaraz egitea eta horretan bermatzea, haur horren hezkuntza euskaraz egin nahi izana, hautu pertsonala da gaurko egunean. Hautua diot, ez baita euskara indarrean aski, biziko alor desberdinetan molde naturalean inposatzeko. Eta pertsonala, zinezko engaiamendu bat ekartzen duelako, epe luzekoa eta traba anitzekoa, bakoitzak asumitu eta gainditu beharko duena. Hortaz segur naiz, nahiz erran euskaldun gisa, naturalki datorrela, berez horrela dela, ez dela hausnartzen den kontu bat eta beste zenbait gogoeta prefabrikatu...
Hautu hori kontzienteki egiten dena da, arras kontzienteki gainera, argi izanez Ipar Euskal Herrian, etxetik kanpo eta zirkulu familiar edo lagunartekotik hara euskara bakanetan izanen dela funtzionala. Ondorioz, hautu hori egitean, aitama gisa, argi dugu hezkuntza osoa euskaraz ezin izanen dugula burutu, inguruak (pertsonek, produktuek, zerbitzuek...) huts eginen baitigute. Eta hutsune horietarik zenbaiti aterabide bat atzematen ahalko badiegu ere, frente guzietan ezin izanen dugu borrokatu.
Iparraldean, izugarri gutxik dute gure bikotean dugun xantza. Familia euskaldunetakoak gara, euskara ongi menperatzen dugu, euskaraz lan egiten, familia eta lagunarteko harreman gehienak hizkuntza horretan burutzen. Bizi sozial aski murritza dugunak, lagun erdaldun gutxi izateko. Panorama horretan, orok pentsatuko du ez dela nekerik euskararen transmititzeko eta euskalgintzako langileek ez dutela arazorik beren ondare linguistiko paregabearen helarazteko. Hots emana dela.
Alta, bizia « kasik » euskaraz egiten dugu. Kasik, zeren eta, etxeko borta pasa orduko, den-den-dena frantsesez egitea baitugu: ez medikua, ez postako langilea, ez haurtzaina, ez supermerkatukoak, ez okindegikoak ez baitira euskaldunak. Orduan, panorama horretan, semeak etxean entzuten eta egiten badu euskaraz, haurtzainaren etxean den ber, goxokiak erosten dituelarik, gurekilan dabilelarik harat-hunat, eri denean, parkean denean, telebista pizten duenean, zerbait lortuko du frantsesez eginez gero eta, pasiboki ere, jasoko duen gehiena frantsesez izanen da.
Erraiten da haurrak ez direla ohartzen, zein hizkuntzetan hitz egiten zaien, ez dituztela desberdintzen hiruzpalau urte artino. Bi urteko semeari ontsa behatu diot: nire iduriko bai, argi du bi hizkuntza badirela. Bere aitamek gauza baten izendatzeko hitz bat erabiltzen dutela eta haurtzainak beste bat. Egoeren arabera hizkuntza bat edo bestea erabiltzen dela.
Hizkuntzak desberdintzeaz gain, erranen nuke jadanik argi duela, bi horietarik batek, parada anitzez gehiago ematen dizkiola besteak baino. Hizkuntza bat, bestea baino anitzez funtzionalagoa dela.
Bere esperientzietan frogatzen baitu egunero, adibidez saltegian « goxoki » erranez arrakasta gutxiago izanen duela « bonbon » erranik baino. Azkenean 'kode' baten bidez, bere behar gehienak asetzen ahalko dituela ulertu du, arrakasta haundiz, bururik hautsi gabe, ulertua ez izatearen arriskurik gabe. Arras funtzionala, ekonomikoa, eraginkorra, nahi dena...
Diote ez dela arazo bat, ez dela mindu behar horrekin eta geroago finkatzen dela hizkuntza eta hemendik zenbait hilabetetara euskaraz eginen duela eta ikastolara joanen denean, aldatuko dela afera, ez duela nahitara egiten... Bai. Badakit. Halere, kezkatzen nau. Bitartean, buraso gisa indarrak bikoiztera behartzen gaitu, euskaldun eta euskaltzale gisa, gure helburu nagusia, euskara helaraztea denean, gure ezintasun eta nekezia guziei buru eginez.
Gure etxean denak euskaraz ari gara. Batzuetan, semea frantsesez mintzo zaigu guri ere. Inozientziarik handienarekin, ohargabe, nahigabe.
Baleki, oui, non, viens à côté eta holakoak erabilki, zer nolako pena ematen didan. Baleki.
Hobe ez dezan jakin. Zeren, ikus baleza zein inportantzia duen niretzat eta bereziki nolako karga emozionala, hemendik gutxira, « maman » deit bainazake, kakinarazteko doia baizik ez bada ere.
2 iruzkin:
Ez da, ez, kontu erraza etxean bertan euskaraz egitea. Beraz, eutsi egin behar zaio, eta ez desanimatu. Iruñeko giroa zuk deskribatu duzunaren oso antzekoa da eta zuk kontatu berri dituzunak bizi izan ditut nik ere eta bizi izaten ditut egunero.
Aupa Mikel.
Milesker zure animoengatik!!
Lasai, ez naiz desanimatzekotan, badakit erabili tonoa batzuetan nahiko ezkorra edo tristea dela. Baina, diozun moduan, Irunean ala Baionan, ez da batere erraza izaten euskararen aitzina eramatea eta borondaterik haundiena eskatzen du.
Lasai, borondatea badugu!! beraz lortuko dugu, beste biderik ez baita!!
Izan ontsa eta milesker berriz ere.
Bea
Argitaratu iruzkina