2012/03/30

Maite dut ez alegia aritzea

Bizian (normalki) gutxitan aritzen gara alegia, ez bada jostatzeko edo antzerkilariak garela, edo berdin ere bizimolde hori garatu dugula. Alta, maizegi oraino, irakaskuntza lanetan ari garelarik, hainbat gauza irakatsi ondoan, ikasleei galdegiten diegu egitea “alegia”, nik dakita zer “egiten balute bezala”, “imaginatzea”, gaia “funtsezkoa balitz bezala” jorratzea. Gaiak ere gisa horretan luzatzen dira batzuetan hasten direlarik “demagun, egoera hau da, rol hau duzu, egun batez horrelako zerbait biziko bazenu...” eta bertsolariak bezala erantzutea. Mintzatzen direnean, kasurik hoberenean klasekideekin/ klasekideentzat mintzatzen dira. Idazten dutelarik gehienetan irakaslearentzat partikulazki idazten dute, honek zuzen dezan.
Bizkitartean kondatuko dizkiegu istorio politak diotenak euskara hizkuntza bizia dela, erabiltzen dena, balio duena komunikatzeko munduarekin, ikasten dutela gizartean erabiltzeko, ez irakaslearengatik eta abar luze bat. Mila aldiz itzulika erabilki ditugun dokumentuetan azalduak dira zernahi eginkizun eta hortik “nola hizkuntza ekintza sozialen burutzeko tresna baizik ez den, bilatzen dela besteengan eragitea eta elakrbizitza eta hurbilpenak akzionala izan behar duela, zeregin (erreal) batera zuzendua”...  Baina gero biziki zaila da praktikara eramatea eta klaseko simulazioa da usu ahal den bakarra.



Ahozko lanak zaila gerta daitezke, kanpoan den egoera zein den jakinik. Idatzizko lanak dira seguraski zailenak kudeatzeko. Ardura, nola eta zer egin behar den azaldu ondoan, lana burutzen da, itzultzen da, baloratzen da gisa batez edo bestez. Klaseko murruetatik haratago ez du baliorik, eremu horretan du lan horrek existentzia osoa eta gure gaurko kezkarik handiena izan beharko litzateke horren saihestea.
Horretan sartuz gero, segur, ezinezkoa da beti horrelakoak egitea: behar dira egoerak definitu eta bideratu, onartuak izan behar dute eta egingarriak, lan handia galdetzen du, nihaurk maiz ukaten ez dudan irudimena, funtzionatu behar du. Ez da eroso bizitzen baina ez da aspertzeko denborarik izaten. Haratago emaitzak aski harrigarriak izan daitezke: lanak hobeki eginak dira, autonomia eta inplikazio handiagoarekin, aitzinamenduak agerian dira denentzat eta oroz gainetik motibagarria da azken batean zerbaitetarako balio duen zerbait ekoiztea, norbaitek irakurriko duena eta erantzunen duena agian. Besteak beste.
Guri ez baitzaigu gertatuko idaztea nehork ez irakurtzeko edo idaztea deusen errateko, hitza hartzea pentsatuz erranen duguna hutsala dela edo ez duela nehork entzunen, ulertuko.

Aste honetan berean bi aldiz frogatu da hau guzia: behin ene taldeko ikasle batzuekin, beren laneko tresnak euskalduntzeko lanetan ari direnekin eta beste behin blog honetan ibili ondoan, nirekin harremanetan sartu diren ikasle batzuen bidez. Iragan larunbatetik hona, ustegabetarik, apurka ikasle zenbaitzuk idatzi didate; ez dakit xuxen zer egin eta zein helburu duten, bakarrik maila ertaineko ikasleak izan behar direla. Ahatik haien idatziak biziki argiak izan dira eta suposatzen dut lan handia galdetu diela hauen pentsatzea, prestatzea, idaztea, hitz egokiak erabili zituztela eta hutsik ez zutela egin segurtatzea. Niri plazer egin dit jakiteak batzuk nonbait interes zenbait ukan dezaketela idazten dudanaz eta eragiten diela zer pentsa edo galda. Pentsatzen dut erantzuna jaso dutenean antzeko zerbait sendituko zutela.


4 iruzkin:

Bontxi erabiltzaileak esan du...

Ikasleekin ataza esanguratsuak egitea komeni dela esaten denean esan duzun horretaz guztiaz ari gara azken batean. Ez?

Bea Sallaberry erabiltzaileak esan du...

Lerro bateko galderari, zehatz eta argi erantzutea bitan zaila da eta enetako oino gehiago.

Ataza esanguratsuak hitzen gibelean zer ulertzen da? Praktikan nolakoak dira? Kasu horietako ikasmateriala begiratzen denean zer ikusten da?
Atazak izan daitezke esanguratsuak baina klasearen baitakoak izan bakarrik. Ikasleen arteko komunikazioa edo irakasle ikasle artekoa. Horretan niretzat simulazioaren mailan egonen dira. Ez baitute oihartzunik hortik hara eta burutzen dituztenek burutzen dituztelako kontestu eta hartzaile ezagunekin, komunikazioa erreala da baina burutzen den lana fikziozkoa.

Zenbaitzuk deitzen dituzte ataza esanguratsu, beste batzuk hitz egiten dute amaiera atazez, beste batzuk proiektuz (tipiak eta handiak), beste batzuk trebakuntza aipatzen dutenean honetaz ari direla pentsatzen dut. Eta zuk seguraski normalizazioa gehituko zenuke. Ez dakit. Eta ez dakit ea denek zentzu bera ematen diegun hitz hauei, irakurtzen ditugunen arabera baita zein herri eta kulturetakoak irakurtzen ditugun.
NIk badut inpresioa anitzetan azalpenak konplikatuak direla eta deskribatzen dela zerbait konplexu, egiazki sinplea izaten ahal denean. Eta bereizten direla gauzak, azken batean, denak zentzu berean joaten direlarik.

Adibidez, ez dut dena gogoan, baina bada behe mailetako deskriptibo zenbaiten artean telefono elkarrizketei buruzko zerbait. Ikasleek gai izan beharko dutela informazio trukaketa arruntak egiteko edo holako zerbait, bada ere beste bat diona hitzorduak adosten dituztela edo. Ataza biziki esanguratsua izan daiteke klasera eramatea elkarrizketa entzungai bat eta ulermena lantzea eta bulta baten ondotik antzeko baten burutzea. Askotan klasekoen artean berean egiten da. Esanguratsua da, ados, baina niretzat lanketa ataza bat da. Hortik landa ikasleei beharko litzaieke planteatu, ondoko astean xokoletaren museora burutuko den ateraldirako hitzordua beraiek har dezaten telefonoz, ez?

Mila eman daitezke baina ilustratzeko adibiderik argiena izanen da hau: http://www.kanaldude.tv/Hondartza-garbiketa-euskaraz-_v1157.html
Ikasleek klasean iragan dituzte gutxi gora behera 50 bat oren, bukaerako ataza hau burutu aitzin. Animalekoa izan da. Bide horretan, aurretik klasean landu zituzten gauzak, burutu dituzte kontestu erreal batean:
- informazio eskaerak telefonoz ikasleek egin dituzte.
- Eskoletako zuzendariekin hitzorduak haiek adostu dituzte.
- Baimen eskaerak idatzi dituzte.
- Kanalduderi eta eskolei beren proiektua aurkeztu diote.
- Eskoletako klaseetan egon dira sentsibilizazioa egiteko ingurumenaz.
- Elkarrizketak egin dituzte.
- Eguneko aurkezpen eta instrukzioak prestatu eta eman dituzte.
- Eta ikasi dituzte hainbat gauza: kultura mailakoak, gizarteaz, lexikoan, gramatika, testugintzan, elkarrizketak burutzeko...

Hau zer da? Ataza esanguratsua? Egia erraiteko terminoa berdin zait, enetako honek zentzua badu, konstruktiboa da, oihartzun bat badu kanpoan eta ikasleek burutu lanak badu balio bat, funts bat.

Beñat erabiltzaileak esan du...

Bea, ohartu ginen ez zinela alegia ari usaian ere.
Kondatzen duzuna ikusita bide batez, zonbat munstro zirezte zuenean? Bideokoak, zu, dinosaurio bat, bi... zonbat xuxen?
Besarkada bat

Bea Sallaberry erabiltzaileak esan du...

Benat, konpainia on guzietan behar da bitxo bat. Beraz badakizu... estranjerekin aritzeaz aspertzean...
ein?