2012/03/17

Ideia on faltsuak


Azken denboretan, ezker eta eskuin ibiliz, ikusten eta entzuten ditudan proiektu eta ideia batzuk badira, arras onak ematen dutenak, ez nautenak batere eroso sentiarazten eta batzuen begitan beti arrastaka ibilki denaren itxura ematen didatenak seguraski.
Hola nola, horrelakoak:
- Liburutegi bat antolatzea, adibidez gau eskola bateko ikasleei baina ere publiko zabalari zuzendurik, euskarazko ekoizpen eta publikazioen ezagutarazteko.
- Filma proiekzioak antolatzea, ber publiko zabalari zuzendurik, euskarazko produkzioak ikusteko aukera gutxi izaten delako bestalde.
- Haur eta burasoei zuzendu animazio, eskulan, … tailerrak antolatzea.
- …

Eta luza daiteke zerrenda. Ideia horiek guziak, dudarik gabe, egokiak dira, konstatazio eta eskas batzuetan oinarritzen baitira eta helburu argiak dituztelako. Han hemenka elkarte edo jende multzo batzuk antolatzen dituzte horrelako anitz. Arrakastatsuak izaten dira. Beharrezkoak dira eta ongi etorriak. Jendearen nahikeriaren erakusle ezin argiagoak dira.

Halere, azken denboretan, holako proposamenak entzuten ditudanean, ez naute kexatzen baina ez naute betetzen, iduritzen baitzait gehienak ez direla euskalgintzako egituren egitekoa (edo bai, baina zinez egitura berezi batzuena, ez zeinnahi), baizik eta beste batzuenak eta, ondorioz, edozein horien garatzen aritzea inbertsio handia izateaz aparte, bidez tronpatzea dela uste dut. 
 
Hasteko, euskarara hurbiltzen den jendeari baino, publiko zabal bati zuzentzen direlako. Ez zaizkit euskararen erabilera bultzatzeko ekimen soilak. Ikusmiran den publikoa ez baita ikaslea baitezpada eta xedea bera ez baita mugatzen ahal irakaskuntzari edo kulturaren dibulgazioari.
Gero, gisa horretakoak ez dira gure oinarrizko funtzio eta eginbeharren artean sartzen. Hau anitzentzat ez da izanen pisuzko argumentua. Alta, niri, iduritzen zait horrelako erreflexu kondizionatu zahar bati erantzuten diotela ekimen hauek. Euskara eta honi lotua zen guzia elkarte eta jendearen esku bakarrik egoten zenaren garaiko egimoldea zait, zeinetan nahi baldin bazen eskaintza zenbait egotea nork bere baitatik egin behar baitzuen; hots publiko euskaldunari kontsiderazio gutxi zitzaion garaiko egimoldea eta politika publikoek euskara besterik gabe oraindik bazter zezaketenekoa.
Gaurko egunean, hizkuntz politika publiko orokor bat denetik, hainbat eskualdetan garatuz doana, helburuetarik bat da euskarazkoak “eskaintza komunean” txertatzea. Hortik ene iduriko, ahalaz, ideia on horiek ez dizkiegu gure buruei planteatu behar, baizik eta haien zeregina luketen egiturei. Euskara eta honen erabilpena integratu nahi dira hainbat arlotan, kultura eta aisialdiarenean kasu; gure aldetik egin behar duguna da horien galdetzea, bultzatzea edo laguntzea.
Leku anitzetan egiten da jadanik gauza frango; ahatik praktika eta esperientzia horiek, iduritzen zait ez direla aski zabalduak oraino eta tendentzia atxikitzen dela ez erreklamatzeko edo bakoitzak bere baitatik egiten hasteko.

Beraz, niregatik, joan gaitezen bizpahiru pertsona hasteko, eta gero gehiago, behar den lekura galdetzera zerbitzu horiek denak sartuak izan daitezen eskaintza orokorraren baitan.
Goazen liburutegi munizipalera eta galda diezaiegun gara ditzaten haur eta gazte nahiz helduen sailak. Goazen zinemetara edo kultur etxeetara eta galda programa ditzaten euskarazko filma eta dokumentalen proiekzioak noizean behin. Goazen aisialdi zentrora, haien animazioen artean integra ditzaten zenbaitzuk publiko euskaldunari zuzenduak. Hots akitu ordez eta sekulako lanetan abiatu ordez, goazen, orohar, nahi duguna garatua izan dadin eskatzera, zeren, azkenean, bailiteke horri deitzea "euskararen normalizazioa". Eta bigarrenik, gure publiko guzia, ikasleak, elkartekideak, lagunak, horietara akuila ditzagun. Eta gero, guhaur, zentra gaitezen egitura publiko eta arrunt horiek oraindik beren ahalen edota eskumenen artean ez dituzten gauzak antolatzen; edo sinpleki zentra gaitezen gure eginkizunik oinarrizkoenetan.

Argazkia: Exploring an idea by JJay

2 commentaires:

Bontxi a dit…

Ummm... eta zinema eta liburuen mundua krisian omen dagoen sasoi honetan hain ideia onak ote dira horiek guztiak?

Bea Sallaberry a dit…

Aupa!! ;)
Honaino galdu zara? Zorionak! :P

Niri ideia ona zait.
Liburu eta abarren munduan krisia zein da? salmentarena? Kontsumoa ez dut uste krisian denik.
Beste gauza bat da iparraldeko euskarazko eskaintzaren errealitate gordina: filma bat euskaraz urtean behin, ...

Gero elkarteentzat biziki arriskutsua da holako zerbait egitea, kausitzeko eskaintzen dena biziki ontsa kontrolatu eta egokia izan behar baita.

Segi ontsa!!