2012/03/20

Denbora galtzea ere maite dut


"Aski dute lan egitea! Ez dut astirik galtzeko."  


Formakuntza arloan ari delarik, are gehiago formakuntza mota edo maila bat baino gehiagotan, denbora izaten da segur aski gauzarik urriena. Horretaz gain, gure lanetan, gizarteko beste alorretan bezala, produktibitatearen menpe egoten gara nahi ala ez: aurreikusi epeak, aitzinetik finkatu helburu, kopuru edo dena delakoak lortu beharra, gauza frango egiteko eta emaitzen goaitan, Noizbehinka ideien berritzeko edo sakontzeko ere gisa berean gertatzen da: ez da denborarik, programak bete behar dira, edukiak eman, parte administratiboa bete, hausnartzeko edo desberdin egiteko “gelditzea” ezina da. 
Halere, batzuetan, denbora galtzea gauza ona da. 
Bai, maite dut denbora galtzea, ardura emankorra delakoan nago, gibelapen apur bat hartzeko baizik ez bada ere.

Zehaztuko dut ene solasa. Ez, ez dut maite denbora galtzea, maite dut denbora hartzea, behar den hori, behar denera heltzeko, adibidez ikasleak hel daitezen edo bederen hurbil daitezen ikastaro bukaerako finkatu mugara. 
Nire ikasleek, entzulegoak komunzki, ez dute lan egiten. Edo gutxi. Edozein gisaz ez dute bakarrik lan egiten, ez dute autonomiarik. Ikasle “onek” badakite beren burua, lana, egutegia antolatzen, ulertzen dute galdetua zaiena, badakite nola egin eta nola ikas. Nolaz? Misterioa da. Besteek zer? Besteek ere nahi dute ikasi, kausitu egiten dituztenetan baina ez dute lortzen, ez dute automatikoki ulertzen galdetzen zaiena, nola egin behar duten, zertarako... Formakuntzetan aipatzen zaigu metodologia, espantatzen da metodo bat edo beste, teknika batzuk, nahi dena...: horretan gara denak.  Horretara helduz gero zer? Segitzen dut berdin, egiten dudana akatsik gabekoa delakoan eta azkenean denborarik ez baitut gehiegi? Heltzen ez direnak baztertuz? Ez dut egiteko molde hori ukatzen arras, zeren batzuetan bizirauteko tekniken antzeko zerbait baita. Ala zerbait aldatuko dut?  

Anitzetan ez dugu sobera pentsatzen horretaz. Kontsideratzen dugu ikasleek zer ikasi behar duten baina gutxi zer behar duten ikasteko. Nihauri batzuetan zaila zait ulertzea: eskolan eta ikasketetan ari nintzelarik, bakarrik moldatzen nintzen, pentsatzen nuen guzientzat berdin zela, niretzat “normalitatea” da ikasle batek bakarrik egin dezan, ikas eta lan egin, jakin dezan nola ere. Salbu ez dela hala. Ikasleek frangotan nekeziak dituzte horrekin eta ez naiz hasiko horren arrazoien bilatzen, horrela da. Borondate onez gainezka heltzen dira ikastaroaren hasieran, saiatzen dira jarraitzen eta bat-batean, den mendreneko zailtasunaren aitzinean gelditzen dira, xerkatzen dute baina ez dute erantzunik atzematen. Bulta baten buruko, etsitzen dira, abandonatzen dute. “Sobera zaila da, sobera luzea, ikasle txarra naiz”. 
Heldu naiz nire buruari galdetzera zer den ditudan ikasle horien irakasle izatea, zer den horiei klasea ematea, zeren beharra duten kausitzeko. Frangotan oren zenbait dituzte behar, norbaitek haiekin iraganik. 

Azken batean zergatik ez nuke ukanen denbora hori? Behar luketena, produktibitateak ezartzen dizkigun edo gure buruei jartzen dizkiegun dictat guzien gainetik? 
Zenbait oren eskaini ondoan, zer, zergatik, nola, zertarako eta holakoak aipatzen, agian banakakoak definittzen ere eta nola egin, zuzendu, hobetu argitzen, emaitza ez da arrosa kolorekoa, alta ikasleak hobeki dabiltza, ez bakarrik motibazio edo konfiantza mailan, hizkuntza mailan ere hobeki ari dira, baitute azalpena, baitute helburu bat argiturik, baitakite zertan ari diren, guziak zentzua hartzen baitu. 
Bizkitartean, gertatzen da kulpabilisatzea. Oren batzuez ez baita “izan behar litekeen” irakaslea, beti euskaraz eta euskarari buruz ari dena, azalpen guziak barne euskaraz ematen, ematen beregandik espero den klase perfektua, beste zerbait egiten delako. Baina ikasleak beren ikasteko lanez pentsaraztea eta horretan aitzinaraztea ere nire lana izateaz gain, behar dena da. Ez ditut klase guziak horrela iragaten, batzuetan klase arruntak ere egiten ditut. Baina denbora hori ez da galdua, emaitzarik gabe gelditzen ez den ber. 

Ez dakit norabide ona denez. Berdin zait. Dakidana da, probetxugarriagoa dela denentzat, denen indarra hobeki baliatua dela. Hots, maite dut denbora galtzea, gastatzea... geroago irabazteko. 

Argazkia: Pour un petit tour by Brice Foto

Aucun commentaire: