2012/03/26

Itzulerako bidean

Leku bat hiritzat dugu eta han berean bizitzen garelarik, hainbat urte iragan ondoan argi da herrixka tipi bat baino gehiago ez dela. Karrika bakoitza, saltegiak oro, bateko eta besteko gertakariak, jendeak, denak ezagunak dira, lauzak bezainbat oroitzapen. Eta batzuetan ustegabetarik oroitzapenek eta ezezagun bihurtu aurpegiek elkar kurutzatzen dute, urteetako distantziarekin. Horrela, azken hilabeteetan, ibiltzen garen karriketan ez ohiko aurpegiak kurutzatzen dira. Euskal herritarrak dira denak, beren burua iheslari deitzen dutenak komunzki, munduaren beste puntatik, agian berek dakitela nundik, itzuli berri direnak.


Gehienek hainbeste denbora iragan dukete han urrun, non ez baitute kasik gehiago fitsik hemen, ez ezagunik, senide bakar batzuk, ez ontasunik, ez interesik, ez lanik, ez loturarik. Ez da dudarik geroztik beste nunbait baino gutxiago dutela hemen.
Iparraldean betidanik ikusi dira errefuxiatu politikoak, hegoaldetik honaindira ihes eginak. Noizbait etorriak, zenbaitzuk egonak, besteak urrunago joanak garai ilunetan. Denboraldi desberdinetan itzuli izan dira multzoka. Iparraldeko mugimenduen historian ekarpen eta laguntza handiko jendea ere izan da, iparraldeko hiri zenbaiten karrikak bete eta animatuz. hainbat hurbildu dira Euskal Herrira, besteak ez oraino.

Duela 15 bat urtetik hona, jada, itzuli ziren herritar frango. Euskal herrira itzuli zirela zioten, eta herriraino ere joanen zirela noizbait. Alta, Ziburutik Zaldibiarako bidea Venezuelatik Baionarainokoa baino luzeagoa gerta baititaike, egundaino ibaiaren honaindian daude, haraindira so, ezin etxera sartuz. Azken urtekoak ere lehenago helduekin batera beha jarri dira.

Errefuxiatuak itzuli dira. Diote, normalki, aldi honetan, bai, aldi honetan, laster seguraski, bukatuko dela beren erbestea.


Marrazkia: Passenger in the rain by Mister Kha

2 commentaires:

Jozulin a dit…

Egia balitz... zein eder! Pentsa dezagun baietz.

Bea Sallaberry a dit…

bederen ahala izatea itzultzeko, gero bakoitzak ikus dezala zer egiten duen...