2012/03/25

Derrigortu ereduak

Euskara ardura, ez erraiteko beti, hautua da. Bederen batzuena.
Hezkuntzara ekartzen bada biziki agerikoa da hautua dela eta mugatzailea euskararen egiazko transmisio eta biziraupenerako, bereziki iparraldeko eskaintza eta euskarazkoaren “hautuzko” izaeraren argira. Haurraren hezkuntza eta bereziki instrukzioaz pentsatzen denean, iparraldeko eskola ereduen artean hautu zabala da eta parametro bat baino gehiagokoa, nagusiki hizkuntzaren irizpideari begiratuz: ereduak izan daitezke frantses elebakarrak, elebidunak, euskarazkoak, publikoak, pribatuak, eredu alternatiboetakoa nahiz nork bere gain hartua (legeak baimentzen duen baldintzetan), baita hauen guzien arteko konbinazioak. Balitezke beste batzuk baina ez zaizkit bururatzen.


Gauza gutxi dira seme-alaben hezkuntzaren gaia bezain pertsonalak izanen direnak. Batzuentzat hautuak ez du buruhauste handirik ekartzen. Besteek ez dakit nola egiten duten hautua baina pentsatzen dut maleruski anitzi hizkuntzaren irizpide hori ez zaiela gogotik pasatuko ere.
Gure ikuspegitik, argi da hautuzko izaerarena euskarazko ereduak nolazpait arrastatzen dituen elementu bat dela. Beste gisan, de facto, haurrak sistema ‘arruntean’ sartzen dira, erran nahi baitu eredu frantses elebakarrean, besteak ‘alternatiboak’-edo izanki nolazpait, eskaintza estandar batetik apartekoak. Hortik, euskarazko eredu bat hautatzea konplikazioan sartzea da: desmartxa bat da, inplikazio gehiago galdetzen du aitamei, euskara hutsezko eredua pribatua izanki ordaindu behar da gehiago, lan egin behar da gehiago, ikas prozesu guzia ez daiteke beti eredu berean egin, ...

Gaurko egunean, ipar Euskal Herriko haurren proportzio inportante bat euskaraz eskolatua da, eredu batean edo bestean, erran daiteke lehen hezkuntzako haurren %35 inguru. Zenbaki horiek ez dute jarraitzen horrela lizeorarte zoritxarrez, suposatzen dituen ondorio guziekin. Eskaintza emendatuz doa, eskola gehiagotan, talde gehiago, haur gehiago euskaraz eskolatuak dira. Bizkitartean, euskarazko klase bat sortzeko gauza frango behar da: gurasoak ados izatea, eskaera ofizialak egitea eta onartzea, gutxieneko ikasle kopurua, irakaslea besteak beste.
Eskaintzaren zabaltzea urteetan euskalgintzak galdegin eta sustatu duen izan da.
Alta, hizkuntzak bizirautea nahi bada eta ahalik eta gehien transmititzea nahi bada, bakoitzaren borondatea ez da nahikoa izanen eta bide horretatik eskolen eskaintza borondatearen meneko uztea, eskaera potentzialen esku, ez da aski.

Azken asteetan, aipatzen da gero eta gehiago eskaintzaren orokortzea, erran nahi baitu denetan eskaintza nagusia izan dadin elebiduna. Hori guzia Kortsikan hartu bidea eredutzat hartuz. Kortsikak badu ezagupen politiko-instituzional berezi bat, honen ondorioz erabaki batzuk har ditzake beste lekuetan baino errazago. Horiek hola, posibilitatea ukan dute eskoletako eskaintza orokorra, arrunta, kortsikeraz izatea. Honek haur gehienak honetan matrikulatzea ekartzen du eta eredu erdaldunean matrikulatuen kopurua izugarri jaustea. Kortsikan, gaurko egunean, nolazpait bizia konplikatzea da haurra eredu elebakarrera eramateko elebidunetik ateratzea.

Beste herrialdeetan ere, gure hizkuntzen transmisio gutxieneko bat izan dadin nahi badugu, holako eredu batera joatea beharrezkoa da. Gaurko sistemak beti zerbait “gehiago” egitea galdetzen du: hautu bat, desmartxa bat, bizia konplikatzea. Eskaintza alderantziz balitz, “zerbait gehiago” egiteko lukete frantsesez bakarrik ikastea nahi dutenek. Lehen eskaintza eta orokorra euskarazkoa balitz, haien haurrek euskara edota euskaraz ikas dezaten zinez nahi ez dutenek, eska dezakete klase frantses elebakarrean sartzea. Dudarik gabe, gaurko datuak arras desberdinak lirateke eta oihartzunak lituzke eskoletako hesietatik anitzez haratago.

Argazkia: During class by Anneta

Aucun commentaire: