2014/05/16

Euskaraz? (19) Etsipena

... behingoz sail honetako “ez-ironiko” bat, bigarren gradurik gabe...


Baionan izanki, ingurune nagusiki erdaldunean kokatuak gara gure familiarekin; konparatuz ni hazia izan naizen lekuari arrunt beste molde batekoa euskarari doakionez.
Hazi nintzen baserri aldean, aitamak euskaltzaleak izan nituen eta zinezko engaiamendu batekin euskararen transmisioarekin, haratago bizi eredu batekin erranen nuke. Pentsatzen dut ez zitzaiela erraza izan, inguruan zirenak ez baitziren baitezpada euskaltzaleak, euskaldunak bai baina euskaldun lotsatu horietarik ere baziren. Euskara biziki politizatua zen garaian eta ikastolarik hurbilena etxetik 40 bat kilometrotara, komunikabideak erdaldunak, euskarri gutxi gure hizkuntzan. Halere nagoen punduan nago.

2014/05/02

Guk, denek elkarrekin, ez dugu beldurrik.

Peio beti izan zen pertsona errespetagarria. Oso.
Bizian ezagutu zituen gora behera guziei buru egiten jakin izan zuen pertsona zen. Baldintza gogorretan bizi izana. Lan asko egin izan duena. Orenak sekulan kondatu gabe ari zena. Talde , elkarte, sindikatu, mugimendu politiko anitzetan inplikatua. Meritu handikoa. Bazituen itzal zenbait, bai, baina kritikatzera hain gutxi ausartuko zen jendea, azken batean, “itzal ttipia” baitzen gaineratekoari konparatuz.

2014/04/11

Bazkalorduaren txistea: mesedez, ez.

Hegoaldeko anai-arreba maite eta preziatuok,

Nahi nuke baliatu Eneko Bidegainek, gaurko Berrian plazaratu iritzi-istorio ttipiaz, umore aferak direla-eta, eskaera berezi baten egiteko. Enekok ez duke ahantzi “bazkariaren txistea”-ren kontua, pentsatzen dut karaktere kopuruak ez ziola emanen zerrenda exaustiboa egiteko bizitzen ditugun gora behera nazionalki deseraikitzaile guziez.
Betiko “Addddio, zerrr berrri? Un-txa?” iparraldekoen imitazio saioa baino eskarniatze garbitik (eta tristetik) eta beste hainbat kontutik haratago, nik badut “bazkalorduaren gaia” zintzurrean tresbeska. 

Beraz gaurkoaz baliatuko naiz mesede pertsonal argi baten galdetzeko, nahi nukeena kondutan hartzea umorea egiteko orduan... Ene eskaria betetzen ez baduzue betetzen ez zaituztet gutxiago maitatuko. Aldiz, betez gero, estimatuko zaituztet piskat gehiago. 

2014/03/07

Maite dut... idaztea

Irakasle batek, irakaskuntzako profesional batek hitz egiten du, anitz, eta batzuetan idazten ere du. Noizbehinka plazerrarengatik, gehienetan beharturik, aktibitate profesional baten baitan.
Gure buruei galdetuko diegu maiz nola egiten ote duen irakasle batek ikasleei idazten irakasteko, erredakzio lanak eramateko gogo eta jakitatea nola helaraziko dien, erraztasuna nola sortuko eta holako mila kontu. Ez dakit noizbait irakasle bati galdetuko ote zaion ea berak nola eta noiz idazten duen, zertarako.

2014/02/21

Euskara, ura eta baso neurriak

Gisa batez, euskararen istorioa da. Nahi dugun horrena, ezin denarena, behar litekeenarena, eskutan duguna eta ez dugunarena.
Haatik ez da baso erdi bete ala erdi hutsaren istorioa. Beste bat da.

Demagun behar dudala pinta bat ur edan. Egunero. Bestenez hilen naiz. Horretarako eskura eman didate baso tipi bat eta basotara bat zerbitzatzen zait noizbehinka. Baso tipi bat ur ukaiten dut egunero, pinta bat edan beharrean. Nik handiagoa eskaturik ere, emana izan zaidan basoa arrunt baso tipia da. Alta, erran nuen behar nuela baso handi bat, ene ur pinta errazki zerbitzatu ahal izateko eta molde ahalik eta erosoenean edan ahal izateko.

2014/01/28

Porrotak espero izatea, marka txarra da.

Gaur, egun partikularra da. Hain zuzen ere frantses legebiltzarrean bozkatuko dute hizkuntz gutxituen karta berresteko lege proposamen bat. Hainbat egituren gaitzetsi dutena, artetik errateko, ez baita hizkuntzen militante eta mugimenduetako kideen kontsulta eta oniritziarekin eraman batetik eta bestetik arriskutsua gerta daitekeelako lege zurruna izatea.

2013/12/30

Maite dut ... antzerkia

Antzerkian ibili nintzeneko garaietan gauza anitz ikasi nituen. Ene burua posizionatzen beste taldekideekiko, besteen entzuten, nehor ez begi bistatik galtzen. Eta aitortzen dut irakasle lanetan nabilelarik orduan ikasiek balio izaten didatela oraindik.
Hizkuntzen irakaskuntzan ariketa eta egimolde anitz oinarritzen dira antzerkiaren munduko tekniketan. Ikasleei eginarazten zaizkienak batez ere baina ez bakarrik. Ba ote da irakaslerik erran lezakeenik ikasgelan sartzen denean ez dela beste pertsona bat senditzen? Ni beti hala senditu naiz. Klasean naiz, Bea deitzen naiz, baina jada ez naiz hurbilekoek ezagutzen duten baina ikasleek sekulan gutxi ezagutuko duten Bea. Beste bat naiz. Ikasleek ikusten duten Bea hura. Eskizofreniaren mailakoa eman lezake, baina ni horrela egon naiz gustura hainbat taldetan eta permititu izan dizkiot ene buruari lau pareta horien artean beste gisaz egin ez nitzazkeenak.

2013/12/29

Maite dut komunikatiboa... baina ez bakarrik...

Duela zenbait aste, galdetu zidaten idaztea (frantsesez) gaurko egunean erabiltzen ditugun hurbilpen pedagogikoez hizkuntzen irakaskuntzan (helduei), Europako Markoak (EEM) ekarri berritasunez eta horiek nola islatzen ziren gure inguruko irakaskuntza ereduetan. Gogoeta hori euskarara itzultzea eta hemen jartzea erabaki dut, probetxurik izan edo ez, bederen ez dadin gal. Halere ez nezake erran ea EEMk ekarri dituen egimolde hain berriak.
Ez nintzen idatzi nuenaz hain kontent, baina momentukotz eman dezakedan maximoa denez, horretan utziko dut, geroago behar bada moldatzeko. 

2013/12/24

Herriko etxea eta biok, euskaraz


Eguberri bezperan berri ona iduritu zait Euskal Herrian Euskaraz taldeak bultzatuko duen ekimen berriaren iragarpena. “Herriko Etxea eta biok, euskaraz”.
Izan ere urteak daramazkigu orain hizkuntz politika baten lehen urratsetan iparraldean eta bitartean bizi sozial eta batez ere bizi publiko-administratibotik doi bat bazter gelditzen da erabilpena.

Ezin da erran ez dela arloa kondutan hartzen. Ez baita arras hala. Azken urteetan hamarka igorri izan dira hainbat lekuetan langileak euskalduntzera eta lana euskaraz egitera trebatzera. Bizkitartean, herriko etxeetako zerbitzuetan ez da formakuntza eta ikaskuntza guzi horien probetxu ateratzen lortu oraindik eta ene iduriko behintzat, indar gutxi egin dira alde horretara, esplizituki eta formalki, ez bada kasu zenbaitetan baina neholaz ere dinamika bateratu batez. 

2013/11/24

Euskaraz? (18)

-“ Bai, gure haurrek aipatzen zaituzte maiz! Nire ustez, beldurtzen dituzu. Beti euskaraz aritzea galdegiten baitiezu.”