2014/03/07

Maite dut... idaztea

Irakasle batek, irakaskuntzako profesional batek hitz egiten du, anitz, eta batzuetan idazten ere du. Noizbehinka plazerrarengatik, gehienetan beharturik, aktibitate profesional baten baitan.
Gure buruei galdetuko diegu maiz nola egiten ote duen irakasle batek ikasleei idazten irakasteko, erredakzio lanak eramateko gogo eta jakitatea nola helaraziko dien, erraztasuna nola sortuko eta holako mila kontu. Ez dakit noizbait irakasle bati galdetuko ote zaion ea berak nola eta noiz idazten duen, zertarako.

Lehen lehenik, badira klasean, arbelean nahiz ikasmateriletan idatziak. Adibide eta azalpen lerroak, hitzak, marrazkiak, kontsigna ahal bezain biluzi eta argiak. Berez, ez da idazketa bat, hitz eta erranaldi lerrokatze bat baizik, ahalik eta sinpleen, ahalik eta eraginkorrenak, ulertuak, notatuak eta ikasiak izatekoak, hori guzia ahal bezain fite, lana eginaraztea permitituko dutenak kontsignen kasuan.

Bigarrenik, badira zuzendu lanen gaineko anotazioak. Gehienetan oharrak izaten dira oker egin denari buruz, akats baten azpimarratzeko, beti ere zuzentzeko asmoz, gaizki egin dena zertan daitekeen hobe adieraztekoa, maiz azaldu gabe nola hobe daitekeen. Noizean behin kasu eginen zaio oharraren formulazioari, ez dadin gordinegia izan edo konstruktiboa izan dadin edo berdin baikorra izan dadin ere, ongi eginaren seinalatzeko: kasu horietan, urri horietan bakarrik, zainduko dira formulazio eta erabili hitzak, gaineratekoetan eginen da ahal dena emana den denbora tartean, batzuetan sadismo doi batekin, autosatisfakzio, mendeku nahiz kexa kotsiarekin. 

Gero jinen dira ikasturte bilanoetan jartzen diren “anotazioak”, anitzetan subjektibo eta kastratzaileak, asteetako lana unilateralki baloratuko duten sententzien moduan.

Ondotik datoz lankideekin trukatu nota eta korrespondentziak, ez baitira gutxi. Hauek biziki inportanteak dira, diot irakasleak ematen diola inportantzia partikularra, batez ere jasotzen duenari begira. Lankideak egin duena, erran duena, nola egin duen, zerekilan eta horrelakoak jakitearen premia baitu, koordinatzeko edo berdin ideiak hartzeko. Honetan ere maiz jasotzen denari baino inportantzia eta forma gutxiago emanen zaio zabaltzen denari: bada beti arrazoin bat mezu batean informazio minimala baizik ez ezartzeko. Ez da denborarik, sobera gauza egiteko... nahi dena. Baina egin behar denean, egin behar da. Aitor dezagun ere, gertatuko zaigula informazio ez gehiegi halarazteko tendentzia, alferkeriaz, lotsaz edo fede txarrez. Hortik tarrapatakan idazten diren mezuak dira usu, pundu lerrokada bat edo gehiagorekin, trinko, zehatz edo ez, apaindura gehiegirik gabekoak, aseptikoak. Noizbehinka badaramate smiley bat: harremanak zaindu behar baitira.

Hortik landa, nola ez aipa, badira txostenak: ikasturte bildumak, programazio bildumak. Hemen ere ez da literaturarik egiten. Gehienetan taula bateko lerro bateko lauki batean sartzen da elementu bat, hiruzpalau hitzetan: egin dena edo ez denaren berri, zertarako balioko zuen gutxi edo aski zehazturik, pazientzia ukanez gero prozedura hezurdura bat, gutxitan balorazio bat. Sinpleak dira gauza horiek, sintetikoak eta argiak, irakurri eta ulertzen dituenarentzat, ezinbestekoak hauek ere, beste guzien gisan. Haatik hauek badute zerbait beldurgarria, betetzeko orduan irakasleak ikaratzen dituena. Ene begiz ikusia baitut. Alaina, zer gertatuko da ez badut formulazio egokia ezartzen, nireganik espero dena, erreferentzia aberats eta pertinentea ez badut jartzen irakurle potentzialak- auskalo, ni baino jakintsuagoak- espero duen lekuan? Ez ote naiz erredikuloa gertatuko? Ez ote du parametro akademikotan zuzen idaztearen nekeziak ene irakasteko gaitasuna zalantzan emanen? Eta holakoak...

Honaino, ohartuko giren bezala, irakasleari ez diote idazle gaitasun handirik idazki horiek guziek. Zerbait landua ekoiztu izan badu, duda handirik gabe, ikasleei banatzeko bestalde kausitu ez duen idazki eredu bat izanen zen. Segur.

Biziki gutxitan badator aukera idazteko irakaskuntzari buruz. Artikulu bat, iritzi bat, publikatuko dena edo zabalduko komite tipiago batean. Hor, bai, hor, irakasleak badaki zer egin eta nola. Testu ontsa ondu eta atonduak agertzeko indarra eginen du, egiazki dena baino doi bat gehiagokoaren itxura emanez, egin duena baino doi bat gehiago eta hobeki egina azaltzeko. Humanoa da. Esaldi eder eta apainduak lerrokatuz joanen dira, tartean agertuko dira zenbait formula ohikoak, berdin ere beste batzuei lapurtu esaldi bat edo beste: ale, bekatu batzuen aintzinean jakin behar da begiak hesten!

Ikaragarriko xantza duenak, noizbait agian, atxemanen du unea eta indarra idazteko plazerrarengatik. Bere lanaz edo beste gai zenbaiten inguruan. Ondotik baliteke norbaitek irakur ditzan lan horiek. Edo ez.
Duda izpirik gabe hauek izanen dira karrera osoan erredaktatuko dituen testurik hoberenak, ikasleei erakustea merezi luketenak, baldintzarik gabe, beharturik ez izan eta filtrorik gabe eratzen direnak, estetikaren arrangurarekin eta ideien garatzekoarekin eginak. Nola idazten ote ditu hauek xuxen? Nehork irakurriko ez balu bezala. Zertarako idazten dituen? Nik ez dakit; behar bada ideiak argitzeko, lagungarria zaiolako, idaztean ihes egiten duelako, libratzen delako, zerbait sortu eta utzi nahi lukeelako, bere buruari existitzen dela frogatzen diolako, ...

Maiz azken hauek nehork ez ditu ikusten: azken finean, ez baitu inporta, irakaslearenganik goaitatua ez baita hau, hau nola egiten den irakas diezagun baizik. Horretarako diogu onartzen gorago aipatu itsuskeria haiek denak idatz ditzan, nahi duen gisan.
Argazkia: Something to say? by Jérôme

Aucun commentaire: