2014/04/11

Bazkalorduaren txistea: mesedez, ez.

Hegoaldeko anai-arreba maite eta preziatuok,

Nahi nuke baliatu Eneko Bidegainek, gaurko Berrian plazaratu iritzi-istorio ttipiaz, umore aferak direla-eta, eskaera berezi baten egiteko. Enekok ez duke ahantzi “bazkariaren txistea”-ren kontua, pentsatzen dut karaktere kopuruak ez ziola emanen zerrenda exaustiboa egiteko bizitzen ditugun gora behera nazionalki deseraikitzaile guziez.
Betiko “Addddio, zerrr berrri? Un-txa?” iparraldekoen imitazio saioa baino eskarniatze garbitik (eta tristetik) eta beste hainbat kontutik haratago, nik badut “bazkalorduaren gaia” zintzurrean tresbeska. 

Beraz gaurkoaz baliatuko naiz mesede pertsonal argi baten galdetzeko, nahi nukeena kondutan hartzea umorea egiteko orduan... Ene eskaria betetzen ez baduzue betetzen ez zaituztet gutxiago maitatuko. Aldiz, betez gero, estimatuko zaituztet piskat gehiago. 


Gure erritmo kronobiologikoak baino segurrago gure ohiturak dira eguerditan bazkaltzea. Lurralde frangotan bezala. Ez arratsalde erditan. Ez inglesek bezala goizeko hamaiketan. Eguerdi eta erdiak aldera, oren batean berantenik. Beste gisa batez gertatzen bazaigu arrazoin praktiko zenbaitengatik izanen da. Ez dugu guk hautatu eta ez dugu nahitara egiten originalak izateko: hola heziak izan gira eta ingurumen osoa (lan ordutegiak, jatetxeenak, eskoletakoak...) horren arabera antolatuak dira. Gisa berean Gasteiz edo Bilbon arratsaldeko bietatik goiti bazkaltzen da. Bigarren hauen kasuan ez badu zer erranik ematen, iparraldekoen “maniak” bai.
Horiek hola, erregularki, hegoaldean gaindi gabiltzalarik nahiz hango batzuk gure artean daudenean, jasan beharra da, goiz edo berant, kasik sistematikoki, ohar bat: “Ez zarete oraindik gose?”, “To iparraldeko bat sagar batekin eskuan, hamabiak dira ala?!” eta holakoak. Karkaila ozenez lagunduak izaten dira usu. Irresistibleak.
Eta horiek mingarriak dira, zeren, ororen buru, gu beti saiatzen baikira egokitzen, baina batzuetan fisikoki zaila da. Haratago, extralurtarren gisan sendiarazten gaitu.
Alta, jateko tenoreekin bagenuke zer konda. Abenturak diot.

Kondatuko dizkizuet bizpahiru istorio. Xeheki, ez bainiz karakteretan mugatua...
Duela zenbait urte, erregularki joan nintzen zenbait astez Agurain alderaino, formakuntza saio batzuen jarraitzera. Saioak goizeko hamarretan hasten ziren eta arratsaldeko bietan bukatzen, normalki. Normalki diot, zeren anitzetan luzatzen baitziren biak eta erdiak arte. Goizeko hamarretan hastea, ez da goiz hastea, salbu hamarretan hasteko kasik 200 kilometro egin behar dituzunean eta goizeko seiak eta erditan haskaldurik ibili, bide luzea egin ondoan, arratsaldeko hiruak arte zerbait irentsi aitzin. Saio horietarik batean, tenore batetik landa, zinez gaizki senditzen hasi nintzen, hainbesteraino nun azken bi orduetan erran izan ziren gauza guzietarik bakar bat ere ez bainuen gogoan atxiki. Okerrena izan zen “bazkariaren txistea” entzun ondoan, jasan behar izan nuela ordu erdi eskapatzera uzten ez ninduen kidearen solasa. Jada tenorea ontsa aitzinatua zela, ez nuen gehiago goserik ere. Autora igo, piztu eta autopistan sartu bezain laster, gelditu behar izan nuen lehen gunean, gustu eta itxura mikorik gabeko ogitarteko baten kliskatzeko. Abentura horrek guziak nekatu ninduenez, ene lankide batekin egin izan genuen bezala beste batzuetan ere, autopistako gunean berean lo kuluxka bat egin nuen berriz abiatu aitzin. Alta, ez zen egun zaila izan, nekagarria, baina niri kolpeko erritmo aldaketak akidura handia eragin zidan.

Gogoan dut beste behin, bulegora deitu nindutela nik dakita nundik, lankide baten berri galdetzeko. Izan ere, sei orduko bilera amaigabe batean, zeinetan gai guziak hain premiazkoak ziren nun ezin baitzen ez eta momentu batez pausarik egin (kidea ez ausartuko ateratzera), gure laguna alditxartu zen. Lurretik altxa zuten, zurpaila, eta handik momentu batera, hobeki zelakoan, utzi zuten abiatzen etxeruntz, kezkaturik bainan ez gehiegi. Handik landa, seguraski jabetuz kontuaren larritasunaz, frango arranguraturik deitu gintuzten jakiteko ea heldu zenez eta helduko zenean abisatzeko, mesedez. Noski, egun hartan, egoera zein zen eta, ez zen txisterik egin.

Praktika doia ere nuen, garai batez (baina orduan gaztea nintzen, erreski soportatzen nuen), igandeetako bost plateretako bazkariez hegoaldeko familietan, arratsaldeko lauetan hasten diren horiek. Enetako, infernua. Etxeko amaren errespetuz, ezin deus ahoratu. Halere, gutxienez, “Zer? Gose?”-rik ez. Xantza.

Paraleloan, nahi nuke jakin iparraldeko zeini ez zaion gertatu pairatzea hegoaldeko ordutegia jatetxeetan. Behin, bilera bat goiz bukaturik, Bilboko karriketan barna abiatu ginen leku bila zerbait jateko. Goizegi zenez, denek ukatu ziguten bazkaltzea.
Eta konda dezadan azkenik, nihaurek ukan ditudan buruhausteak, aldi honetan iparraldera etorri izan direnean hegoaldekoak! Kasu honetan alderantziz, lortzeko leku bat nun bazkaltzen ahalko genuen ez berantegi, baina ez goizegi ere ez... Mundua aldrebes.

Gertatu izan dira horrelakoak, trumilka. Eta kasik aldi oro, irrifar handi batekin, entzun behar izanen genuen “Gosetua, ezta?” eta asistentzia guzia irri gizenez ha-ha-ha...
Hasiera batean “bazkalorduaren txisteak” graziarik egin gabe, irrifar bat eragiten zidan, elkarri deus erratekorik ez denean eta betiko kontuez ari garenean bezala, aroaz bi zozokeria erraten direnean bezala, politeziaz, jendetasunez.. ez dakit, irri egiten nuen. Zozoki.
Geroago hasi nintzen aspertzen kontuarekin, azkenean etengabeko repetita bat baitzen eta bestalde beti, behin eta berriz, betiko, kontuak azpimarratzen zuelako ez nintzela “hangoa”, beste nonbaitekoa baizik, beste ohitura batzuekin, bitxiak, ez “berdinak”. Lurralde urrun eta ezezagun horretakoa zeinetaz asko hitzegin baina gutxi jakin edo galdetzen den. IparraldeA izan gabe, Iparralde, Obaba gisako bat, baina zeinetako jendearen egiazki gurutzatzeko suertea baden noizbehinka. Enekok diona: deseraikuntza nazionala.
Gaur, txistea entzuten dudanean, ez dut gehiago deus erraten. Ez dit eragiten erreakzio fisiko ikusgarririk. Gure aitak erraten baitzigun pertsona izaten jakitea bizirauteko lehen baldintza dela, politeziaz eta errespetuz jokatzen dut bizikide edo herkide kontsideratzen ditudanekin.

Horiek hola, hegoaldeko kide, lerro hauek irakurri ondoan, gogoan atxik ZUEN bazkalordu arraroengatik ixiltzen garela maiz, sufritzen dugula ia beti. Iparralden bizi baina gabatxoak izateaz defendatzen garenok, praktikak egokitzen saiatzen garela gauden lekuaren arabera eta jasangaitza zaigula azpimarratzen denean gure desberdintasuna, bitxikeria, urruntasuna. Badakigu, espero dugu, ez duzuela nahitara egiten, ez gaiztoki. Sinetsi nahi dut ez zaretela jabetzen pairatzen dugunaz, bai fisikoki, bai mentalki. Haatik ordu litzateke ohartzeko eta aldatzeko.
Hortik, bihotzetik eskertuko dizut, otoi, hemendik aitzina, gurutzatuko badugu elkar, ez egitea ateraldirik apairu tenoreen inguruan. Mesede eginen didazu, diozu zure buruari, diozu gure herriari.

Metzi Pitzitzi


Pott.

8 iruzkin:

Eneko Bidegain erabiltzaileak esan du...

Bitxi bada ere, ene lantokian (Aretxabaletan) 12tan tanko joaten gara bazkaltzera, ontsalaz. Eta ez da nik sortu nuen ohitura. Hango ohitura hori da. Klaseen ordutegiak badu eragina, bistan da. Baita ere lana goizeko 8ak baino lehen hasteak. Bai bai, entzun izan dut "Iparraldeko orduan" bazkaltzen dutela, baina hola da.

Ezagutzen ditut Hegoaldekoak erraten dutenak haien gurasoek (laborariak gehienetan) gure tenore berean bazkaltzen dutela. Beraz azter daiteke hobeki nondik datorren berant bazkaltze hori.

Bestalde, guk etxean 13:30ean bazkaltzen genuen beti, aita tenore hartan itzultzen zelako lanetik; eta afaldu 20:30ean, arrazoi berarengatik. Ene lehengusuen etxaldean oraino berantago dena...

Eman dituzun azalpenak biziki onak dira. Anitz gustatu zait zure artikulua.

Bea Salaberri erabiltzaileak esan du...

Blogak ez dira hilak! Milesker zure iritziaz Eneko eta milesker loreengatik (bala bezala atera zait alta)
Elkartasun piska bat merezi zenuen, topiko horien salaketan.
Gurean ere beti tenore desberdinetan bazkaldu eta afaldu izan dugu eta gainera aldakor sasoiaren arabera.
Ez dira gauza larriak jendeak erraten dituenak, umorea da eta frangotan hutsuneak betetzeko erraten direnak, baina egia da segregatzaileak ere direla, pozoina, sustut bateratzea defenditzen dugun tenorean.
Ni, ez naiz gehiago kexatzen, idatzi dudanak beste gisaz sinestarazten ahal badu ere. Ene pena bakarra izaten da, kasu honetan beste hainbatetan bezala, eredua emana delarik, hurbilketa definitua unilateralki, hau da denak egokitu beharrean, batzuek urratsak eman beharra. Baina hori, istorio luzea da. ;)
Metxi eta ondoko arte!!
Bea

leire erabiltzaileak esan du...

Oso ona, Bea!
Badakizu orain 20-25 urte guk ere 12,30etan-ordu batean bazkaltzen genuela? Igandeetan, beranduago, baina astean zehar hala. Orain ere, eskola umeak 12-12,30etan irteten dira eta eskolara itzuli 2,30-3rak. Beraz, berria da hain berandu bazkaltzea. Ohitura espainola hartu dugu!

Afadu ere 8ak aldera afaltzen genuen etxean. Horretara, ez dakit zer dela eta hainbeste txiste!

Baina ez haserretu, e! ;-)

Bea Salaberri erabiltzaileak esan du...

Bistan da! Gertatu zait entzutea holakoak ere. Anitz.
Gainera konbentzitu izan dudanean norbait bazkaltzeko goiz, egunaren bukaeran erran izan dit ongi zoakiola azkenean. Kasik hobeki iragan zuela arratsaldea! Ez bada afaria urrun zuela...
;)

PUSA ETA XAKA erabiltzaileak esan du...

Pitzitzi, hemen basurde gosetua: biba hi! GUtik mintza gaitezen GUtaz.Xerka ditzagu pundu amankomunak, komunean adibidez. Eta Iruñeako langile-artisauak, ondoan ditinat beti bazkalorduan, ene, gure tenorean. Berdin gosetuak. Bi ordutegiak dastatu eta, maite dinat erritmo goiztiar hori, sanoagoa eta osasungarriagoa iduritzen zaidan. Jendea naizen aldetik, ez Iparraldekoa, hau, ez baitut nik hautatu. Estatu kolonizatzaileek inposatu kulturen arabera guk ere gureA; gure artekoa definituko ote dugu? Irentsi dezagun elkarren sexu gehiago! Sobera goiz, sobera berandu gabe!

Bea Salaberri erabiltzaileak esan du...

Metxi Basurde! Iruneakoak aipatzen baitituzu, nik beti erran dut, horiek dira errexen moldatuko ditugunak dena tripa joko baitira ;)

Oier Gorosabel Larrañaga erabiltzaileak esan du...

Espainiar ordutegia da anomaloa, Europa osoan goiz bazkaltzen/afaltzen baita.

Kontuan har ezazue, halere, 14.00etan bazkaltzen duen jende horrek "hamaiketako" on bat behar izaten duela, zutik iraungo badu.

Helena Xurio Arburua erabiltzaileak esan du...

Basurdearekin guziz ados!!!
Ongi izan!